Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak bere oniritzia eman dio “2008 Berrikuntza Urtea Euskadin” ekimeneko irudi eta lehen jarduera-programari
(Gasteiz, 2008ko urtarrilak 15)
Gaur arratsaldean eta Lehendakaria buru zela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal
Kontseiluak egin duen bileran, datozen hilabeteotan egingo diren 2.000tik gora ekitaldiek
erakutsiko duten irudia onartu egin da. Izan ere, 2008.a Berrikuntza Urtea izango da
Euskadin.
Ekimen garrantzitsua izango da, eta Euskadi arlo guztietan gizarte berritzailea bihurtzeko
eraldaketa-prozesuan inflexio-puntua izango da.
Berrikuntza Urteko irudi honetan, 2008 zenbakia elkarrekin lotutako zirkuluetatik sortzen da,
nolabait sinbolizatuz aurrera eramango den lan komuna. Marka irekia da, eta hain zuzen ere,
Kontseiluak gonbitea luzatu die eragile guztiei bertara bil daitezen.
Halaber, Kontseiluak dei egin dio gizarte osoari ekimen garrantzitsu hau sostenga dezan,
jardueratan parte hartuz, bere eginez. Izan ere, gizartea mobilizatzea urte honetarako ezarri den
helburu nagusietarikoa da, Euskadiko berrikuntzaren errealitatea dibulgatzeaz eta berrikuntzarekin
lotutako baloreak sustatzeaz gainera.
Gaur aurkeztu den proposamen teknikoa Kontseiluan ordezkatuta dauden erakundeek osatzen duten
lan-taldeak prestatu du; hau da, Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak, Euskal Unibertsitate
Sistemako hiru unibertsitateak, Ikerbasque Fundazioa eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal
Agentzia.
“Berrikuntza Urteko” irudia onartzeaz gain, datozen hilabeteotan garatuko diren jarduera-lerro
nagusien behin-behineko programa adostu da. Datozen hilabete hauetan osatu egingo da programa hori,
era guztietako eragile insituzional, enpresarial eta kulturalen ekarpenekin.
Jarduera-programako ekimen nagusietarikoa da Berrikuntzaren aldeko Manifestuaren difusioa,
Lehendakariak berak urriaren 22an ezagutarazi zuena. Askotariko jarduerak egingo dira
berrikuntzaren inguruan, eta agenda zabal honetako lehen ekimen esanguratsua urtarrilaren 31an
izango da, egun horretan aurkeztuko baitira Innobasque-ren aginte-organoak Bilboko Euskalduna
Jauregian.