Enterprise Europe Network (EEN)
Enterprise Europe Network (EEN), Enpresen Aholkularitza eta Berrikuntza Sustatzeko Sarea
aurkeztu da Bilbon.
Asteazkena, 2008eko Otsailak 27
Europako Batzordearen Enpresa eta Industriako Zuzendaritza Nagusiak abian jarri du
"Enterprise Europe Network" Sarea.
500 antolakundek eta Europako 40 herrialdek osatzen dute.
Sareak presentzia du Euskadin ondoko erakunde hauek osatutako Partzuergo baten bidez: Spri,
Bilboko Merkataritza Ganbera, Arabako Merkataritza Ganbera, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera,
Bizkaiko Foru Aldundia, BAI eta Innobasque.
Sare honek aholkularitza eskainiko die Europako enpresei eta berrikuntza sustatuko du.
ETEei laguntzeko tresna berri honi esker, urtero 50.000 teknologi auditoretza egingo dira,
beste 1.000 dokumentatuko dira eta 4.000 ekitaldi antolatuko dira sare osoan ETEekin zerikusia
duten gaiak aztertzeko.
Ana Aguirre Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak;Ignacio María
Echeberria Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak, Pedro Luis Uriarte Innobasque-ko
presidenteak eta Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko
diputatuak hasiera eman diote gaur Enpresen Aholkularitza eta Berrikuntza Sustatzeko Sarea
(Enterprise Europe Network, EEN) EAEn aurkezteko ekitaldiari. Europako Batzordearen Enpresa eta
Industriako Zuzendaritza Nagusiak abian jarri duen sare berri hau Europako 40 herrialdetako 500
antolakundek osatzen dute.
Sareak presentzia izango du Euskadin ondoko erakunde hauek osatutako partzuergo baten bidez:
Spri, Bilboko Merkataritza Ganbera, Arabako Merkataritza Ganbera, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera,
Bizkaiko Foru Aldundia, BAI eta Innobasque. Aipatutako erakunde horiek guztiek parte hartu dute
ETEei laguntzeko Europako sare berri eta indartsu hau abian jartzeko ekitaldian.
Era berean, bertan izan dira Enterprise Europe Network-en zuzendari nagusia, Jean François
Aguinaga, eta Scotish Enterprise-n politika zuzendaria, David Robson, zeinak amaiera eman dion
ekitaldiari.
Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendaria den Alberto Fernándezek eta Eusko Jaurlaritzako
Europako Gaietarako zuzendaria den Mikel Antón Zarragoitiak azaldu dituzte Sareak Euskadin bete
beharko dituen helburu nagusiak.
Enterprise Europe Network
Enpresen aholkularitza eta berrikuntza sustatzeko sare berriak bi ekimen bateratzen ditu:
Berrikuntzarako Lotura Zentroen Europako Sarea (IRC) eta Euro Info Sarea (EIC).
Sarea 500 bat antolakundek osatzen dute, besteak beste, merkataritza ganberek, eskualdeko
garapenerako agentziek eta ikerketa zentroek. Oro har, Europako 40 herrialdetan diharduten 4.000
profesional esperientziadunen sare bat osatzea lortu da. Enterprise Europe Network sarea EBtik
haratago zabaltzen da, izan ere, Turkia, Mazedoniako Antzinako Errepublika, Norvegia, Islandia,
Armenia, Israel eta Suitzan ere hedatuta dago.
Tresna berri honek laguntza eskaintzen die ETEei, batez ere hastapenetan daudenean,
berritzaileagoak izan daitezen eta beren gaitasun teknologikoa garatu dezaten. Horrela, ETEei
informazioa eta aholkularitza eskaintzen die EBn dauden politika, programa eta finantza aukerei
buruz. Gainera, sarea norabide bikoitzeko bide bat balitz bezala arituko da enpresen eta
Batzordearen artean, ikuspuntuak bi alderdietara transmitituz.
ETEei laguntzeko tresna berri honen helburua da urtean 50.000 teknologi auditoretza egitea,
beste 1.000 dokumentatzea eta 4.000 ekitaldi antolatzea ETEekin zerikusia duten gaiak aztertzeko.
Era berean, Enterprise Europe Network sareak eskaintzen dituen kontaktu eta esperientzia
zabalen bitartez, ETEek aukera daukate merkataritza eta teknologia bazkide berriak identifikatzeko,
batez ere, beste herrialde batzuetakoak. Bestalde, produktu berrien garapena sustatzen da, baita
merkatu berrietarako sarbidea ere, eta gai teknikoei buruzko aholkularitza ematen da, adibidez,
jabetza intelektualaren eskubideei buruz.
Une honetatik aurrera, euskal enpresek eskuragarri daukate Enterprise Europe Network sare
berriak eskaintzen duen laguntza guztia. Ekimen hau beste aurrera pausu bat da Euskadin berrikuntza
sustatzeko.
Informazio gehiago:
http://ec.europa.eu/enterprise-europe-network
http://www.eenbasque.net