Zeintzuk izan dira fakultateko ikasleek hartu dituzten
lehen eskolak?
56 ikasleak
urriaren 3an hasi ziren eta lehen bi aste hauetan testuingurua jartzen ari
zaizkio etorkizunean izango duten ogibideari eta prestakuntza ereduari (nolakoa
izango den gradua). Uste dut hori ere berritzailea dela unibertsitateko
titulazioen artean, harrera plan integral moduko bat delako. Zein sektoretan
lan egingo duten eta nolako irteerak izango dituzten ulertzeaz gain, titulazioa
bera nolakoa den jakin behar dute, prestakuntza eredu desberdin bat baita gaitasunen
garapenean oinarritzen dena.
Zergatik da berritzailea prestakuntza kontzeptu hori?
Lehenik eta
behin, diziplina arteko prestakuntza delako eta eremu askotako jakintzak integratzen
dituelako: sukaldaritza teknikak, zerbitzua emateko teknikak, zientzia,
kultura, humanitateak... Baina baita ere eginez ikasteko prestakuntza eredu bat
delako, praktikaren eta praktikari buruzko hausnarketaren bidez lortzen den
ikaskuntza bat. Prestakuntza osatzen duen beste elementu bat talde-lana da.
Ikasleak 14 laguneko taldetan banatuko dira eta tailer desberdinetan parte hartuko dute; horrela,
lankidetzaren bidez ikasiko dute eta irakasleek ere tutoretza lan handia egingo
dute.
Nolako profila dute graduan sartu diren ikasleek?
Funtsezkoa da sukaldaritzari
buruzko prestakuntza, baina kontuan hartu ditugu baita ere beste arlo batzuekin
zerikusia duten gaitasunak, hala nola, sormena, edo praktikaren bidez lan
egiteko gaitasuna; horiek denak landuko ditugu eurekin eta beraz jende aktiboa
eta berritzailea dela esan genezake.
"Gizarte eta
osasun arloko elementuak oso kontuan hartzen dira prestakuntzan"
Basque Culinary Center krisitik irteteko formula gisa
aurkeztu zenuten inaugurazioan, nola da hori?
Sarri esaten dut
gure indar-guneen sustapenean oinarritzen den eredu bat dela eta balore
horietatik abiatuta proiektu koherente bat eraikitzen duela beste batzuekiko lankidetzan.
Kasu honetan lankidetza publiko-pribatuaren eredu izan liteke, enpresa munduko eta
administrazio publikoko eragileak baikaude inplikatuta eta hortik sortu da
Basque Culinary Center.
Oro har unibertsitateak eta merkatuak lotura estuagoa
izan behar luketela esaten da; nolako loturak dauzka alderdi horretatik zuen
unibertsitate graduak?
Proiektu hau
sektore profesionaletik sortua da. Ez da ohiko fakultate bat, profesionalen beren
elkarlanetik sortutako proiektu bat delako, eta enpresa sektorea oso
inplikatuta dago hartzen ditugun erabakietan eta ereduaren diseinuan. Beste era
batera eraiki dugu fakultatea, fakultatearen sorkuntzan eta egunerokotasunean dagoelako
unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana, hainbestetan hizpide izaten
duguna.
Beste fakultate tradizionalago batzuek jarraitu behar
luketen eredua al da?
Sinesten dugu
eredu honetan. Basque Culinary Center-en Mondragon Unibertsitateak aspaldi
erabiltzen duen lan modu bat aplikatu dugu, unibertsitatearen eta enpresaren
arteko lotura indartsua duena. Behar-beharrezkoa da harreman sendo hori,
prestakuntzaren munduak eta benetako sektore ekonomikoak ezin dutelako
elkarrengandik hain urrun egon. Etorkizunerako bidea da, zalantzarik gabe.