NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Turismo iraunkorra ez da soilik tokiko garapenari laguntzea, baizik eta benetako esperientzia bat izatea” · María Rubio eta Gerardo Amunarriz, Vívelo Travel

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:     Interesik gabekoa 2 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Vívelo Travel proiektuaren irudia.

María Rubio eta Gerardo Amunarriz dira Vívelo Travel proiektuaren sortzaileak eta iraunkortasunean oinarritutako turismo desberdin bat bultzatzea proposatzen dute. Duela gutxi, Euskadin martxan dagoen Baobab ekimenarekin bat egin dute eta  plataforma bat sortu nahi dute elkarrekin, turistak eta tokiko ekintzaileak harremanetan jartzeko. Horrela, komunitateen garapen ekonomikoari lagundu nahi diote eta aldi berean benetako esperientziak eskaini pakete turistiko tradizionalez haratago. Hemendik gutxira abiaraziko dute proiektu pilotua eta urtearen amaierarako enpresa martxan jartzea espero dute.

María Rubio eta Gerardo Amunarrizen irudia.

Zer esan nahi du zuentzat turismo iraunkor edo arduratsuak?

María Rubio: Gaur egun etiketa pila entzuten dira; turismo etikoa, arduratsua, iraunkorra... Hasieran galdera hau egin genion geure buruari: guk non sartu nahi dugu? Eta hor eztabaida bat izan genuen. Etiketetatik ihes egin nahi genuen, horregatik hartu genuen "positive impact travel" izena, turismoak lurraldean izan dezakeen eragin positiboa azpimarratzeko. Izan ere, badakigu turismo horretatik kanpo bidaiatzen duena ez dela arduragabe hutsa. Hala ere, oso zorrotzak gara zein esperientzia edo ostaturekin lan egin nahi dugun aukeratzeko orduan eta gure irizpideak bat datoz turismo iraunkorrak defendatzen duenarekin. Funtsean hiru esfera lantzen ditugu: eragin positiboa ekonomian, ingurumenean eta kulturan. Arlo ekonomikoan, gure helburua da tokiko ekintzaileek berek kudeatzea negozioa, irabazi gehienak berentzat izan daitezen, nahiz eta badakigun hori ez dela normalean hala izaten. Baita ere nahi dugu turismoak tokiko garapena kontuan har dezala; produktuak ingurukoak izango dira, garraioa ere bai... Ingurumenari dagokionean, proposamen iraunkorrak aukeratzen ditugu eta kulturaren alorrean, berriz, tokiko kultura kontserbatzen eta bisitarien nahiz tokikoen arteko trukea sustatzen dutenak.

Zuen ustez nolako balio erantsia ematen du aukera horrek bidaiariaren ohiko turismoarekin alderatuta?

María: Uste dut gehienbat masetatik ihes egiten duela; biek eman dezakete zerbait, baina bigarren aukera ezagututa bien arteko aldea ikus daiteke. Brasilen bizi ginenean etxekoak etorri zitzaizkidan bisitan eta Amazonan izan ginen. Resort batek eskaintzen duen ibilbide tipikoa egin beharrean, tokiko komunitate bat topatu genuen; kanoaz etorri ziren gure bila eta bost egun igaro genituen haiekin, beren txaboletan, arrantzan... Familiak hori nola aurkitu genuen galdetzen zidan. Askoz ere aukera aberasgarri eta errealagoa da. Hori izango litzateke bidaiariaren plusa. Eta gainera bidaiariak jakingo luke bide batez komunitateari laguntzen ari dela, bertakoak garatu daitezen, ingurumenaren eta ondare kulturalaren balioa mantendu dezaten; hori da trukean jasotzen dena.

Gerardo Amunarriz: kontua da, eskumuturrekoarekin batetik bestera zabiltzanean ez dakizula benetan non zabiltzan, izan ere gauza bera ematen dizute Kanariar Irletan, Kariben edo Indikoan; beste modu batera bidaiatuz gero, tokian tokikoa partekatu daiteke, bertako baloreak, kultura eta bizimodua ezagutu.

"Zenbat eta gehiago bidaiatu, esperientzia desberdinagoak bilatzen ditugu, ez bakarrik deskonektatzea"

Nolako zerbitzuak eskainiko ditu Vívelo Travel agentziak? Horrelako alternatibak hedatzeko plataforma bat izango da?

María: Gure lana dela eta, asko  bidaiatu dugu biok eta harremanetan egon gara garapenerako fundazioekin. Tokiko turismo ekimen asko ezagutu ditugu, nahiz eta ez duten arrakastarik lortu ez dituztelako ezagutzen Europako merkatuan. Pentsatzen hasi ginen zer egin genezakeen horiek ezagutzera emateko eta komunitate horiek turismoaren onurei esker bizi daitezen, eta Interneten aurkitu genuen konponbidea, horixe baita pertsonak elkarrekin konektatzeko modu errazena.

Gerardo: Ikusi genuen balio erantsia eman genezakeela erakusleiho birtual bat eskainiz, hau da, plataforma bat merkatura atera zitezen. Orain zulo ikaragarria dago bidaiarien eta beren artean; ezin dute haienganaino iritsi, oso zaila da motxilarekin eta abentura bila ez badabiltza. Potentziala oso handia da, mota honetako turismoa asko ari delako igotzen. Gure helburua da tresna bat eskaintzea beste batzuek beren burua sal dezaten segurtasuna ematen duen marka baten pean, eta hala, gure lana da ziurtatzea jendartean zabaltzen ditugun ekimen horiek hainbat baldintza betetzen dituztela eta bermatzea transakzio guztiek ongi funtzionatzen dutela.

Turismo honek dena barne hartzen duen pakete bat erreserbatzea baino segurtasun gutxiago ematen du...

María: Jakina, publizitate faltaz gain, turismo mota honek daukan handicap handienetako bat da ezin duela erraztasunik eskaini erreserbak edo ordainketak online egiteko. Ikusi dugu jende asko ez dela ausartzen Peru bezalako herrialde batera joaten (Afrika aipatu ere ez), baldin ez badauka paper bat ostatua erreserbatuta daukala adierazten duena; horrek lasaitasuna ematen die, badakite gela bat daukatela berentzat. Hedapena emateaz gain, beraz, tresnak eskaini nahi ditugu erreserbak eta ordainketak egiteko eta geuk egingo ditugu bitartekari lanak. Baina ez gara agentzia bat izango, horixe baita hain zuzen beste arazo bat; ekintzaile horiek handizkari batengana hurbildu direnean %100 kargatu izan die. Imajinatu Amazonan galdutako txabola bateko gelak 20 euro balio dituela; komisioa erantsiz gero 40 euro dira, eta hainbeste balio ez duenez, saltzeko aukera guztiak itotzen dira. Gutxieneko komisioa kobratuko genuke, geure burua mantentzeko adina besterik ez, ez baitugu kargatu nahi ez hornitzailea (oso txiroa delako) ez eta bidaiaria (prezio altuegirik ordaindu ez dezan).

María Rubio eta Gerardo Amunarrizen irudia.

Nola jartzen zarete harremanetan tokiko ekintzaileekin?

María: Baobab erakundeko Javier eta Anderrek Banesto Fundazioarekin lan egin zuten Afrikako ekintzaileak identifikatzen, eta dagoeneko nahikoa sare handia osatu dute, emakumeekin batez ere. Eurak ibili dira herrialdez herrialde gure irizpideekin bat zetozen ekimenak iragazten. Beste sare batzuekin harremanetan jartzen hasi ginen, bagenekielako existitzen zirela, nagusiki Latinoamerikan. Horra hor, esaterako,  landa turismoaren arloko REDTURS sarea, zeinak Latinoamerikako herrialde guztietako federazioak  barne hartzen baititu, eta federazio horiek aldi berean eskualde bakoitzeko tokiko ekintzaileekin kolaboratzen dute.

Gerardo: Erronkak bi alderdi dauzka: batetik, kanporanzko merkataritza sustatzea, gu bidaiariarekin alegia eta, bestetik, Interneten ongi funtzionatuko duten produktu merkaturagarriak egitea. Asteburuetako opariena adibide on bat da, edozein tokitan eros ditzakezu eta horrela hotel batean gau bat igarotzea opari bihurtzen da. Uste dut erronka hori hemen gainditu behar dugula, eta jomugan berriz GKEek lagundu behar digute. Horrek asko errazten digu bidea, tokian bertan sortzen diren arazoak konpondu ditzakeen bazkide bat daukagulako.

Noiz hasiko zarete zerbitzu horiek eskaintzen?

María: Blog bat daukagu duela urtebete baino gehiagotik martxan dagoena, ideia partekatu nahi baikenuen sortu zen une beretik, hots, produktua oso garatuta eduki baino lehenagotik eta horrela denon artean eraiki ahal izan dugu: hornitzaileak, erabiltzaileak, interesatuak...

Gerardo: Aldi berean, proiektu pilotu bat garatzen ari gara. Oztopo nagusia finantzaketa da, horixe falta zaigu proiektu pilotutik zerbait handiagora jauzi egiteko, eta hainbat inbertsiogilerekin harremanetan jartzen ari gara. Penintsulan landa turismoaren sare bat egin nahi duten hainbat pertsona hurbildu zaizkigu; ekimenek ez dute zertan izan garatzen ari diren herrialdeetakoak soilik, baldintza bakarra da gure irizpideak betetzea.

María: Proiektu pilotua uda honetan abiarazi nahi genuen, baina gertatu ohi den bezala, hainbat eragozpen izan ditugu eta xehetasun batzuk falta zaizkigu. Berehala jarri nahi dugu martxan ofizialki, hilabete barru pilotua prest egongo da eta ikusten dugunean nola funtzionatzen duen merkatuan, enpresa bat sortuko dugu bideragarria eta egingarria bada. Urte amaiera aldera izatea espero dugu.

  • Data: 2011/10/07


GIZARTE BERRIKUNTZAREN MENUA

Metaposta

Eusko Jaurlaritza - Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila

Spri


ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: