 |
|
Mel Ainscow
Deustuko Unibertsitatean.
|
Zer esan nahi du hezkuntza inklusiboak?
Luzaroan lan
egin dut jakiteko nola garatu hezkuntza inklusiboa eta esperientzia horri esker
neure iritzia daukat definizio horri buruz. Niretzat ez da haur talde zehatz
bat gainerakoekin integratzea, baizik eta hezkuntza sistema osoa erreformatzea.
Ikasle guztiei erantzuteko antolatuta egongo den eskola mota bat sortu behar da.
Une hauetan oso garrantzitsua da hori, Europan biztanleria mugimendu handiak
ematen ari direlako eta beraz eskoletako aniztasuna ere gero eta handiagoa
delako hizkuntzei eta kulturei dagokienean. Eta, jakina, ezin ditugu ahaztu
ezgaitasunak dituzten haurrak. Inklusioa hezkuntza sistemaren bazter batean
egon da orain arte, baina, Europar Batasunaren Denontzako Hezkuntza programan
ikus daitekeen bezala, erronka nagusi bihurtu da munduko edozein herrialdetan.
Herrialde
txiroetako helburu nagusiak dira eskolak eraikitzea, materialak ematea eta
irakasleak prestatzea, eskolarik ere ez duten 17 milioi haur daudelako munduan.
Baina Espainia edo Erresuma Batua bezalako herrialde aberatsetan baditugu
nahikoa eskola eta irakasle, eta hala ere sistemak huts egiten du alderdi
askotan.
"Sistema ez dago
behar bezala diseinatuta XXI. mendeko hezkuntzaren konplexutasunari aurre
egiteko"
Zer-nolako emaitzak lortu dituzue Great Manchester
Challenge programarekin?
Aurrerapen handiak
sumatu ditugu hiru urtean eta esperientziak hainbat gauza irakatsi dizkigu. Xehetasunetan
sartu gabe, ikasi dugu hezkuntza sistemen barnean badagoela gaitasunik aniztasunari
erantzuteko, baina ez dugula gaitasun hori baliatzen. Sareak sortu genituen
esperientzia eskolen artean zabaltzeko. Arrakasta gehien duten ikastetxeak erabili
genituen beste zentro batzuentzako baliabide gisa. Esperientzia horren bidez
ikusi genuen eskola indartsuek laguntza eman ziezaiekeela arazo gehien
zituztenei hobekuntzak berehala lortzeko, baina arrakasta zuten eskolek ere
asko hobetu zituzten beren jardunbideak. Estrategia horrek koordinatzeko modu
berri bat eskatzen du. Zuzendariek sistemako lider papera bete behar dute eta
tokiko administrazioek, aldiz, eskolen arteko konexioak bideratu behar dituzte
ikastetxeak kudeatu beharrean. Esperientziak erakutsi digu hezkuntza sistema
inklusiboagoa onuragarria dela haur guztientzat. Horretaz ari naiz iraultzaz
ari naizenean.
Eta nola gauzatzen da hori? Adibide zehatz batekin azaldu
dezakezu?
Gaur goizean
mintegian Manchesterreko lehen hezkuntzako eskola bati buruzko bideo bat
erakutsi dut. Oso adibide ona da, zentro horrek ikaslego anitza baitu. Eskola
horretara biltzen dira mundu osotik etorritako familietako haurrak, ingelesik ez
dakitenak eta ezgaitasunen bat duten haur kopuru handi bat. Eskolak neska-mutil
guztiak onartzen ditu, horixe baita bere leloa. Eta frogatu dute inklusiboa
izatea eta ikasle guztientzat eraginkorra izatea bateragarriak direla, gure
test nazionaletan oso emaitza onak lortzen dituzte eta. Ingalaterran uneoro
egiten dizkiegu testak ikasleei eta eskola honetan oso ondo ari dira lanean. Familia
guztiek bidali nahi dituzte horra beren seme-alabak.
Nola lortu dute?
Funtsean, eskola
honek garrantzi handia eman dio taldeko lanari baina hori ez da lortzen hilabete
batean edo ikasturte batean, urtetako lanaren emaitza da. Irakasleek elkarri
laguntzen diote, eskolak familiekin egiten du lan, laguntza bereziko
profesionalekin ere bai, baina batez ere ikasleek elkarri laguntzen diote. Hala,
lankidetza funtsezkotzat duen erakunde sozial bihurtu da eta horrek sormena eta
berrikuntza pizten ditu eskolako kideen artean. Eskolako kideek elkarrekin hitz
egiten badute eta elkarrengandik hurbil lan egiten badute, elkarrengandik
ikasten dute. Enpresa munduan sarri hitz egiten da ikaskuntza erakundeez eta
eskolek horixe izan behar lukete, baina ez bakarrik haurrentzat, baita ere familientzat
eta inguruko komunitatearentzat. Ikuspegi horrekin aldatu behar dugu hezkuntza
sistema. Baina hori ez da kasualitatez gertatzen, ongi koordinatu eta sustatu
behar da.
"Euskadin eta
Katalunian oso aurrerapen positiboak egin dira hezkuntza inklusiboaren arloan"
Zein paper dauka komunitateak eta auzokoek prozesu
horretan?
Guk ikasi
dugunaren arabera, ikasgela barruan gertatzen dena oso garrantzitsua da, baina
ikastetxeetatik kanpo ere badaude hainbat faktore ikasleen ikaskuntzan eragina
dutenak. Argi dago horietako bat familia dela, baina ingurua ere bai. Eta bereziki
interesatzen zaizkit jatorri txiroetatik datozen neska-mutilak. Batzuk familia
etorkinetakoak dira, baina ez denak. Ingalaterran familia zuri txiroak dira
ziurrenik talderik kalteberenak. Langile klasekoak direla esan ohi dugu, baina
sarritan familiako inork ez dauka lanik. Enpresen, unibertsitateen, auzoko
elkarteen eta beste hainbaten inplikazioa behar dugu haur horiek aurrera atera
daitezen (ez bakarrik ebaluazioei dagokienean, baita ere beren bizi-aukerak
zabaltzeko). Hala, modu bat bilatu behar dugu eskolek gehiago parte har dezaten
komunitateko bizitzan. Erronka handia da, denbora asko kentzen duelako.
Frogatu bada sistema inklusiboak funtzionatzen duela,
zergatik ez da gehiago hedatu? Zein oztopo aurkitu dituzue?
Asko daude baina
niretzat garrantzitsuena gobernuena da; azken urteotan hezkuntzaren kalitatea
hobetzen saiatu direnean oso jarraibide estuak aplikatu dituzte. Ebaluazio
sistemetan oinarritzen dira eta horregatik eskoletan lehentasunezkotzat hartzen
ditugu ebaluazio eta ikuskaritza horiek neurtzen dituzten faktoreak. Hezkuntza
curriculumak ebaluazio horren barneko baloreetara mugatzen dira. Sistema
maltzurra da, sarritan gauza garrantzitsuenak irizpide horietatik kanpo
geratzen baitira. Uste dut haurrekin lortu nahi dugunaren ikuspegi zabalagoa
eta aberatsagoa izan behar dugula, eta ebaluazioaren boterea erabili behar
dugula sistemari norabide inklusibo eta berdinagoa emateko.