 |
|
Urtarrilaren 12tik 13ra Cristina Enea
Fundazioan ospatutako Tresnak tailerraren irudia.
|
Azkenaldian asko hitz egiten da datuen bistaratzeaz, zure
iritziz zergatik da hori?
Elkarrekin gurutzatzen
diren bi alderdi daude. Batetik, datuen bistaratzea bera eta, bestetik, open data fenomenoa. Bi alderdi
desberdin dira, baina informazioa irekitzearen mugimenduak, zeinaren bitartez gobernuak
gauzak argitaratzen hasi baitira, eragin handia du datuen bistaratzean. Baliagarria
da zer gertatzen den jakiteko. Gizartean pertzepzio ugari daude eta tailerrean
erabili genuen adibide batekin erakutsiko dizut. Normalean iruditzen zaigu
hirietako auzo arriskutsuenak eremu pobre eta isolatuak direla eta bertan
gertatzen direla lapurreta eta delitu gehienak. Estatu Batuetako hiri askotan,
ordea, atxiloketei eta salaketei buruzko datuak argitaratu dituzte. Datu
anonimoak dira, jakina, baina zer eta non gertatu zen azaltzen dute, zauriturik
edo hildakorik egon ote zen esaten dute. Datu horietatik abiatuta egiaztatu da
auzo aberatsenak direla zonalde arriskutsuenak. Demagun 50 mila salaketa
dauzkagula. Datu horiek Excel taula batean ematen badizkizut, ez duzu ia ezer
ulertuko. Baina mapa batean irudikatzen baditut eta delituak gertatu diren tokietan
puntutxoak jartzen baditut koloreak erabiliz salaketa mota adierazteko, orduan
begiratu batean ulertuko dituzu datu guztiak.
"Datuak
irekitzea gai kulturala da eta herrialde anglosaxoietan askoz ere barneratuago
daukate"
Noraino irits gaitezke datuen bistaratzea eta hiritarren
parte-hartzea konbinatuz gero?
Oso
garrantzitsua da datuak irekitzea. Hiriko delituen adibidearekin jarraituz,
ezingo genuke esaterako Bartzelonako delituen mapa bat egin, ez direlako datu
horiek argitaratzen. Ezin dugu jakin Bartzelonako Rambla kalean lapurreta asko
edo gutxi dauden; zergatik? Ez zaielako interesatzen informazio hori zabaltzea,
kasu honetan turismoagatik. Beste esparru askotan ere beste horrenbeste
gertatzen da. Mar Canet, nire tailerreko lankidea, Casas Tristes izeneko proiektu batean
murgilduta dago, non gobernuak hipotekei, lurraren batez besteko prezioari,
familia unitateei eta abarri buruz argitaratzen dituen datuak jasotzen baititu.
Informazio horrekin, duela hiru urte irudikatu zuten higiezinen burbuila eta
bere ondorioak. Horrela beraz, engainatuak ez izateko armak izan ditzakegu
eskuartean. 15M mugimendua da beste adibide bat, errepresentazio ugari egin dituzte
eta zein garrantzitsuak diren frogatu dute. Badira mapa animatuak, non Twitter
bidez egunez egun ikus baitaiteke nolako komunikazioa egon den Espainiako eta
Europako hainbat hiriren artean. Hala, frogatu da fenomenoa bultzatu zuen
jatorrizko mugimendu soziala ez zutela lau arlotek osatzen, hasieran esan zen
bezala. Orain ezin du inork halakorik esan datuak hor daudelako, irudikatu
dituzte eta jendeak ikusi ditu. Datuak irekiz, hiritarrek aukera dute zer
gertatzen ari den kontatzeko inori baimenik eskatu gabe. Pertsona batek datu
horiek eskura ditzake eta, etxean berak bakarrik eta egun pare batean
manipulatu ondoren, gizarteari zerbait azaltzeko erabil ditzake. Horrek
sekulako potentziala dauka.
"Oso
garrantzitsua da datuak eskuratzea eta zer esan nahi duten erakusteko erabili
ahal izatea"
Ez al da software programatzaile eta diseinatzaileentzat pentsatutako
zerbait?
Zenbait tresna
erabiltzeko ez duzu ezer asko jakin beharrik, nahikoa da ordenagailua erabiltzaile mailan erabiltzen
jakitea. Manyeyes
izeneko web oso ezagun bat gomendatuko nuke. Bitxia badirudi ere, IBMrena da
eta software librerik ez duen arren, datuekin egiten den guztia irekia da. Datuz
betetako kalkulu orri bat kopiatu eta "bistaratu" botoia klikatzen
baduzu, hamar grafiko mota baino gehiago agertuko zaizkizu. Formatu klasikoak
dira, barra edo ardatz grafikoak, baina horrekin datuak ulertu eta erakutsi
ditzakezu. Horrelako gero eta tresna gehiago dago, erabiltzaileak kode lerro
bat bera ere egin ez dezan. Web orri horretara sartzen denak, esaterako, arkitekto
batek, mediku batek edo administrazioko langile batek agian ez daki ezer
programazioaz, baina bai ordea erabili behar dituen datuez.
Zeintzuk dira etorkizuneko joerak datuen bistaratzearen
etorkizunean?
Hazten ari den fenomeno
bat da, arlo askotako espezialistak ari dira sartzen eta gero eta hedatuago
dago hain zuzen gero eta datu gehiago dauzkagulako eskuartean. Datu zerrenda
amaiezin bat badaukazu, irudikatu egin behar duzu, hau da, bistaratu. Bestalde,
gu software librearen arlotik gatoz, beraz, datuak irudikatzen ditudanean
edonork egiaztatu dezake egiazkoak diren ala ez. Ez baduzu software librearekin
lan egiten, adibidez, egunkari batek marrazki bat erakusten badizu, ezin duzu
ikusi nola egin duen, zein erabaki hartu dituen datuak horrela irudikatzeko. Software
librea auditoria modu bat da, aukera ematen dizuna jakiteko irudikatutako
datuak egiazkoak diren ala ez. Badago beste faktore bat ere: badakigu datuek
dirua balio dutela. Facebook da adibide argiena. Balio bat du burtsan, baina
inork ez daki zenbatekoa den bere benetako balioa, halere mundu guztia bat
dator esatean asko izango dela, hain zuzen, datu asko dauzkalako. Datuak
edukitzea kontu ekonomikoekin lotuta dago eta zeharka arazo sozialekin ere bai,
beraz, bistaratze librea modu bat da jakiteko erakusten digutena egia den ala
ez.