|
|
|
Lummoblocks
Madrileko Medialab-Prado eraikinaren fatxadan.
|
Azkenaldi honetan modan jarri da gamifikazio hitza,
edozer gauzari jar dakioke joko-geruza bat?
Gizakiok jokorako
aurre-jarrera bat dugu; umetan jan, komunera joan eta jolastu baino ez dugu
egiten. Beraz, gamifikazioak zenbait zentzutan ongi funtzionatzen du, baina ez
beti. Zenbait aholkularik joera berriena balitz bezala saltzen dute, baina
perspektiba pixka batekin begiratuz gero ohartuko gara jokoa beti egon dela
gure gizartean. Ongi egiten bada, ongi funtzionatuko du, baina ez lan esparru
guztietan. Burbuila bat ere badago, den-dena ez baita gamifikazioa. Alondegiko
topaketan Carlos Tardón-ek azaldu zuen serious
games deiturikoen alorrean eztabaida asko piztu direla, izan ere batzuek
diote joko serioak garatzen dituztela, baina ez dute bideojokorik egiten; serious alderdia bakarrik hartzen dute
kontuan eta dibertsioa ahanzten dute. Haur bati joko bat dela esan baina jokoa
ez den zerbait ematen badiogu, berehala
konturatuko da eta asperturik, utzi egingo du.
Zure proiektuetako bat Lummoblocks da, fatxadak
aprobetxatuz espazio publikoan tetris joko erraldoi bat sortzen duen ekimena. Zer
gertatzen da ingurunean horrelako bideojoko bat jartzen baduzu?
Tamaina handiko
sistema interaktiboak ingurune publiko batean kokatzean, espazio sozial hori
eraldatu egiten da. Haur parke bat eraikitzen dugunean, gune ludiko bihurtzen
dugu espazio hori; eta beste horrenbeste gertatzen da Lummoblocks bezalako joko
batekin, are gehiago, esango nuke gauza gehiago gertatzen direla, joko berria
delako. Plaza aldatu egiten da eta bizitza soziala aldatzen duen elementu
arkitektoniko bihurtzen da. Jendeak jolastu egiten du, txapelketak antolatzen
ditu... jokoak intimistagoak direnean ez da horrelako elkarreraginik ematen.
"Jendeak zergatik
egiten du eten bat bere lanean Farmville-eko landareak ureztatzeko? Gamifikazioak
funtzionatzen duelako"
Hori gertatu zitzaizuen Argentinako Córdoban, plazak
futbol zelai bat zirudien...
Bai, han afizio
handia dago futbolerako eta bat-batean argi ikusi genuen jendeak joko kolektibo
bihurtu zuela Lummoblocks. Ikusleak animatzen hasten ziren, aholkuak ematen
edota garrasika jokalariak mugi zitezen... futbol partidu batean bezalaxe. Plaza
jendez lepo zegoen eta mundu guztiak jolastu nahi zuen. Badut argazki bat
jolasean hasi zen homeless (etxegabeko)
batena. Arazo batzuk izan genituen, haren zakurrak ere parte hartu nahi zuelako,
eta, jakina, zakurrak jokoa distortsionatzen zuen. Oso joko integratzailea da,
gorputza bakarrik behar baituzu jolasteko. Kaletik zabiltzanean ere parte
hartzeko aukera duzu.
Fatxadak beti izan dira desiragarri publizitatearentzat;
horrelako joko interaktiboak zabalduz, bide bat irekitzen ari al gara espazio
publikoa publizitatez betetzeko?
Egia esan dagoeneko
publizitatez josita dago hiria, nahiz eta publizitate horrek ez digun ezer
ematen. Joko batekin jendeari dibertitzeko aukera ematen bazaio, nire ustez
positiboa da hori. Dilema hori kasu partikular bakoitzean baloratzen dut. Fatxadetarako
jolasak oso puntualak dira, baina argi dago sektore gorakorra dela,
jendearengana iristeko bidea ematen baitute. Iragarri nahi den produktua nire
gama etikoan sartzen ez bada, ez dut harekin lan egingo, baina publizitateak
zerbait ematen badigu, kasu honetan hiriko espazio ludiko berri bat, orduan ez
dut uste arazo bat denik.
Kontsumoaren gaiarekin jarraituz, Shopping in one minute merkaturatzekotan zarete; kontsumo
masiboaren kritika bat al da?
iPhone gailuetarako
jolas bat da. Azaroan kaleratuko dugu, Not Shopping day eguna ospatzeko eta
merkataritza zentroak jolastoki bihurtzeko. Geo-kokapenean oinarritutako joko
horretan, ahalik eta kode barra gehien eskaneatu behar dira 60 segundotan. Joko
soziala da jendeak elkar desafiatu baitezake dendetan, eta denda bakoitzak
produktu desberdinak izatea ere akuilu bat da. Jokoak aisialdi toki bilakatzen
du erosketa eremua, zeren hiriko zenbat metro koadro eskaintzen dizkiogu
kontsumoari? Krisia dela eta, biztanleriaren zati handi batek ezin du hainbeste
erosi eta beraz saltokiak erabiltzen ez diren espazio bihurtzen ari dira. Toki
horiek zerbait interesgarria egiteko aprobetxatu nahi genituen eta hortik sortu
zen ideia. Gainera, beren jokoa birjokatzen ari gara, zeren merkataritza
zentroen helburua da jendea erakartzea, hots, egun-pasa egin dezatela
saltokietan eta bide batez eros dezatela. Lehen kontsumoaren festa geneukan,
orain berriz dibertsioaren festa egiten dugu dirurik gastatu beharrik gabe.
"Lummoblocks
bezalako jokoek elkarreragina sortzen dute elkar ezagutzen ez duten pertsonen
artean"
Zure ustez zabaldu egingo al dira espazio publikoa
joko-taula erraldoi gisa erabiltzen duten jokoak?
Uste dut bi adar daudela hiriaren ludifikazioaren
baitan. Bata da jokoa hiriko arkitekturan sartzen duena, argiztapen sistema
interaktiboak eta hiriko pantailak erabiliz. Horrek joko mota bat sortzen du. Bestea
ubikuotasunean oinarritzen da, eta sentsoreak eta konputazio maila altuko
mugikorrak erabiltzen ditu. Duela bost urteko kontsolek eta gaur egungo iPhone
batek konputazio gaitasun berbera dute, baina orain patrikan eraman daiteke. 3D
teknologiaren zale sutsuenek esango dute sakelakoarekin ezin direla azken
berrikuntzak integratu, baina gauza asko egin daitezke eta beti soinean
daramagunez, hiria bera da joko interfazea; kalea jolastoki bikain bihurtzen da edozein unetan. Hemen
ere esperientzian dago gakoa, izan ere gero eta zailagoa da gure etxeko sofan
esperientzia bat sortzea. Kinect atera dute, hor daude baita ere grafiko
berriak, sentsore berriak... Mandoen arteko gerra bat ere badago, baina hiriko
esperientziak askoz ere aberasgarriagoak dira, fisonomiarekin, jendearekin, eta
abarrekin lan egin dezakezulako, eta garatu gabeko konta ezin ahala aplikazio
berri dago.
Nola imajinatzen dituzu hiriko joko aplikazioak
etorkizunean?
Orain hamar metroko zehaztasuna
duen GPSa erabiltzen dugu eta argi dago egunen batean zentimetro edo milimetro
batzuetako zehaztasuna duen teknologiaren bat izango dugula. Horrek esan nahi
du hiriko edozein toki, edozein txoko, funtsezkoa izan daitekeela jokorako. Hiriaren
definizioa askoz ere handiagoa izango da. Bestalde, RFID teknologia gero eta gehiago hedatuko da eta ingurunea "tageatu"
(etiketatu) ahal izango dugu. Eta ez hiri handietan bakarrik, txikietan ere
bai, gaur egun sakelako telefonoarena delako gehien hedatu den teknologia.