 |
|
José Fariña EquiCiudad Kongresuan.
|
EquiCiudad-en emandako hitzaldian esan zenuen hiriak
nortasuna galtzen ari direla, zergatik gertatzen da hori?
Orain arte argi
eta garbi bereiz zitekeen zer zen hiria eta zer zen landa-eremua, eta
bereizketa horrek nortasuna ematen zion hiriari, ezaugarri berezi batzuez
zehaztutako lurralde bat mugatzen zuelako. Baina Bigarren Mundu Gerratik
aurrera hiriak lurraldean zehar hedatzen hasi ziren. Euskadin eta Espainia
iparralde osoan historikoki eman da fenomeno hori, landa-eremu oso sakabanatua
dagoelako. Baina denborarekin landa-eremu deitzen geniona hiri-eremu bihurtu
da, hirien zati txikiak bailiran. Eta hiritik hurbil zeuden fluxuak galdu egin dira.
Lehen ingurune hurbileko produktuekin elikatzen ginen, baina orain produktu
horiek hemendik 500 edo 1.000 kilometrora dauden tokietatik iristen dira, eta
baita ere Hong Kongetik edo Singapurretik. Hiriaren nortasuna galdu egin da
hala fluxuetan nola hiriaren disposizioan, eta hiritarrak jada ez dauka
harremanik inguruan duen lurraldearekin.
Periferiak aipatu dituzu, baina zer gertatzen da hiri
barnean?
Beste horrenbeste gertatzen da espazio
publikoekin eta hiritarrekin. Periferiaren
funtzionamendu hau, hots zati txikitan hautsitakoa, hiri tradizionalean erreproduzitu
da, zeina zatika espezializatzen hasi baita. Hau da aberatsen eremua, hau
pobreena, hau bulegoena... ez da ikusten eten fisikorik dena jarraian
eraikitzen delako, baina bereizketa badago. Jendea zati horietan bizi da eta
klase edo gustu berdinetako jendearekin bakarrik erlazionatzen da. Desberdinekiko
kontaktu hori galtzen bada, heziketa zibikoa galtzen da; orduan beldurra
hartzen diogu desberdina den orori eta haienganako mesfidantza sortzen da, ez
dakigulako nola jokatuko duten. Beldur horrek gurpil zoro bat eratzen du, talde
bakoitza gero eta gehiago ixten baita eta beraz espazioek kolektibotasuna
galtzen baitute, talde zehatz batzuen jabetza bilakatuz. Madril jarriko dut
adibide bezala, horixe ezagutzen baitut gehien. Bada futbol zelai bat, lehen
auzoko jendeak jolasteko erabiltzen zuena, baina beldurra sartzen hasi zitzaien
eta amek ez zuten nahi beren seme-alabek toki horretan jolasterik. Zer gertatu
da? Non elkartu ez zuen kolonbiar talde bat iritsi da, integratu ez dena,
espazioa okupatu dute eta gainerako guztiak bota dituzte. Madrildarrak jada ez
dira futbol zelai horrekin identifikatzen. Adibide hori beste edozein klase
sozialekin gertatzen da, eta ez naiz etniez ari.
"Ez dago konponbide globalik; tokiko eragileen
arteko akordioen bidez lortzen diren konponbideak baino ez daude"
Hitzaldian azaldu zenuen hiriko espazio publikoen
funtzioak beste toki batzuetara igaro direla, espazio birtualetara eta ingurune
pribatuetara, zein ondorio ditu horrek?
Espazio
publikoaren funtzio tradizionalak aldatu egin dira eta arazoa da horietako
batzuk funtsezkoak izanik, esaterako sozializazioa, ezin direla beste inora
eraman. Ezin dituzu hiritarrak hezi bestelako pertsonekin bizi daitezen; ezin
diozu esan aberats bati marjinaturik dagoen batekin hitz egiteko edo besterik
gabe kalean ikusten duenean ez beldurtzeko eta ihes ez egiteko. Ikaskuntza hori
espazio publikoan bakarrik egin daiteke. Ez dago halakorik espazio pribatuan,
horietan zeu bezalakoak direnak bakarrik sartzen direlako eta Interneten ere
ezin da egin, sarean ez direlako pertsonak erlazionatzen, baizik eta pertsonaren
ezaugarri zehatz batzuk. Zenbait harreman mota eduki daitezke Interneten
eta horixe aztertu nahi dugu orain,
alegia, espazio publikoko zein harreman eraman daitezkeen ingurune birtualera,
baina ezin dizut ezer esan zeren ez dakigu oraindik.
Merkataritza guneak etorkizuneko espazio publikoak izatea
proposatu zenuen, ikuspegi nahiko kezkagarria ezta?
Erdi txantxetan
esan dut, baina zerbait egin beharra dago periferia horiekin. Gaur egun zati
txikitan banatutako hiriak dauzkagu eta zer egingo dugu gasolinaren prezioa
litroko 300 eurora igotzen denean? Garraio publikoaren aldeko apustua egin
dezakegu, baina kontuan hartu behar da oso hiri zatikatuak dituzten udaletan
garraio publikoaren kontzesioa lehiaketara ateratzen dutenean ez dela enpresarik
aurkezten, ez delako errentagarria. Periferiek ez dute garraio publikoa
mantentzeko adinako dentsitaterik eta garraio pribatua garestiegi bihurtzen
denean, ez dakit zer egingo dugun. Adinekoek ezin dute bizikletan ibili eta hemendik
gutxira adinekoen kopuru handi bat izango dugu. Orain jende asko hasi da hori
nola kontrolatu pentsatzen, arazo benetan larria da eta. Esan nuenean hipermerkatua
sozializatzeko espazio izan daitekeela, horrekin ohartarazi nahi izan nuen
horretan ere pentsatu behar dugula oraindik ez daukagulako konponbiderik. Eguzkiaren
Kostako zenbait udalek kiebra jo dute ezin dutelako zabor bilketa ordaindu, zeren
kamioiak 20 kilometro baino gehiago egin behar izaten baititu eta oso garesti
irteten baita. Argiztapen publikoa eskaini behar dute oso dentsitate baxuko
eremuetan eta kale piloa argitu behar dituzte 50 lagunentzat bakarrik. Poliziak
ezin ditu ehunka hektareatako arloak zaindu... eta horrela gauza guztiekin.
"Espazio publikoak beste inon eman ezin diren
ikaskuntza prozesuak sortzen ditu"
Zentzu horretan, krisi ekonomikoa ondo etorri zaigu
hirigintzako joera hau geldiarazteko...
Sekulako aukera
da hiriaren eta lurraldearen antolamendurako. Argi dago ikaragarrizko hondamendia
dela langabezian dagoen jendearentzat, baina gure erruz gaude egonera honetan,
zeren enplegu anitza sustatu beharrean bi alderditan bakarrik zentratu baikara,
turismoan eta eraikuntzan. Sozialki tamalgarria da, baina hiriaren
antolamenduko arduradunei denbora emango die pentsatzeko zer den benetan behar
duguna. Buelta eman behar diogu egoerari eta horrek hausnartzeko denbora
eskatzen du, horixe da orain duguna.