 |
|
Hitzaldiak Ziriza Etxearen barnean.
|
M-etxea Arkitektura Kolektiboak sarearen barruan dago,
zein da zuen lana?
Gure kolektiboa Donostiako Arkitektura Eskolan sortu zen,
bertako hiru irakasleren ekimenez. Hainbat tailer antolatzen hasi ginen
arkitekturaren erabilpena aztertzeko, hau da, kontzeptuekiko loturak hausteko eta arkitektura benetako erabilpenera
eta pertsonengana hurbiltzeko. Prestakuntza akademiko arautuarekiko paraleloki
eta independenteki planteatutako tailerrak ziren, eta hortik abiatuta ikasle
talde bat sortu da pixkanaka. Arkitektura Kolektiboak sarearekin harremanetan
jartzen hasi ginen eta Torellón (Katalunia) antolatu zen topaketatik aurrera,
hemen foro bat antolatzeko eta Arkitektura Kolektiboak sarea Euskadin hedatzeko
gogoz ekin genion lanari.
Zertan datza topaketa?
Sarearen hariak Estatu osora iristen dira, baita ere Latinoamerikara
eta Europara, baina hemengo kolektiboak ez daude inplikatuta. Topaketaren
helburua zen sarea hona ekarri eta loturak sortzea bertako taldeekin. Hain
zuzen ere, Pasaiako Ziriza eraikina aukeratu dugu eremu horretako etorkizun
urbanistikoaren inguruko hausnarketek pizten duten interesagatik eta baita ere zehaztu
gabeko egoeran dauden Ziriza bezalako eraikinak kultur gune bezala berrerabili
nahi ditugulako. Hauek dira beraz
topaketaren hiru ardatzak: sare bat sortzea eta tokiko kolektiboak inplikatzea,
Ziriza etxea ekoizpen artistikorako gune bezala bultzatzea eta Pasaiako
hirigintzari buruzko gogoeta egitea. Helburu handiak dira eta lortzeko zailak, ez
baita erraza jendea Pasaian inplika dadila lortzea; hemengo elkarte eta herritarren
mugimenduei ez zaie gehiegi gustatzen arkitekturaz hitz egingo dien kanpoko
jendea etortzea, nekatuta daude proiektu politei buruzko ideiak entzuteaz gero
inork ez dielako kasurik egiten.
Pasaiako badiaren eraldaketa prozesua sartu duzue
tailerretan, eremuaren etorkizunari buruzko ideiak sortu dira?
Hirigintzaren esparruko parte-hartze prozesu batek ezin
du astebete iraun, oso denbora laburra da hori. Prozesuak urtebete edo gehiago
iraun behar luke eta herritarrak hasieratik inplikatu behar dira. Eta hori diot
normalean alderantziz jokatzen delako; parte-hartze hitza sarri erabiltzen da,
baina Administrazioentzat ia marketineko
elementu bilakatu da. Parte-hartze hitza ustez demokratikoak diren ekitaldietarako
erabiltzen da, non botoak emateko kutxatila bat jartzen baitute proiektua
amaitutakoan edo hiru alternatiba proposatzen baitituzte jendeak gehien
gustatzen zaiona aukera dezan. Baina prozesuak lehenagotik hasi behar du, herritarrak
prestatuz, inplikatuz eta kontsultatuz. Garrantzitsua da jendearen iritziak
proiektuaren oinarrian egotea eta ez teknikari talde batek bulego barruan
egindako proiektu amaituaren gainean. Gure asmoa ez da Pasaiarako hirigintza
proiektu bat egitea, baizik eta jendearen iritziak biltzea eta benetan parte
hartu dezaketela sinestaraztea. Dena den, ongi dakigu gu hona iritsi garenerako
hainbat elkarte eta pertsona antolatu direla Pasaian egin behar denari buruzko
iritzia emateko.
"Topaketa lehen urratsa izatea nahi genuke, Ziriza
ekoizpen kulturaleko gune bihur dadin"
Tailerrean garatu den ideia nagusia Pasaiaren nortasuna
sortzea da, zeinak badiaren inguruan dauden barruti eta udalerri guztiak lotuko
baititu. Une honetan deskonektatu samar daude, neurri handi batean urarekin
loturarik ez daukatelako, itsasertz osoa portuko jarduerek okupatuta baitaukate.
Topaketaren eszenatokia tokiak birziklatzeko espazio
modura erabili duzue. Ziriza etxea erdi abandonatuta dago, zein erabilpen
proposatu dituzue?
Topaketa antolatzen hasi ginenean, zehaztu gabeko egoeran
zegoen eraikin batekin egin genuen topo. Eraikina portuarena da, hots, Estatuko
erakunde batena. Urtetan zehar erabilpen industriala eman zitzaion eta ondoren,
Udalak eta tokiko elkarteek erabilpen puntualak eman dizkiote, esaterako,
danborradarako entseguak edo udaleko zerbitzuetarako biltegi funtzioak, baina gauzak
ongi antolatu gabe egin dira, utzikeriaz eta zaindu gabe.
Udalak eraikina erosi nahi zuen arte eta kultur gune bat
muntatzeko, baina ez zuen akordiorik lortu portuarekin eta, bestalde, onartzen
ari diren plan urbanistikoen ondorioz eraikina hiri antolamendutik kanpo geratu
da, linboan. Testuinguru horren erdian antolatu dugu topaketa eta gure ustez,
kulturarako egokia den espazio bat dela frogatzeko balio dezake, ez
erakusketetarako areto bezala bakarrik, baita ere ekoizpen artistikorako. Astean
zehar eraikina jendez beteta egon da, aurkezpenetan, aldi-bereko tailerretan...
egia esan, pozgarria da hutsik
dagoen eraikin bat jardueraz eta elkarreraginez beteta ikustea, elkar ezagutzen
eta elkarrengandik ikasten ari den jendez josita.
Guk zerbait egin nahi dugu, dela kudeaketa publikoko
eredu batekin, dela kolektibo bati edo inplikatzeko prest dagoen jende talde
bati lagapen bat eginez. Arazoak badu alde on bat; Administrazioak ados jartzen
ez diren arren, bidea libre uzten digute nahi duguna egiteko eta horrela gauzak
eraiki ditzakegu herritarrengandik eta administrazio engranajetik kanpo dauden
mugimenduetatik abiatuta. Horrek erakusten digu Administrazioak eskumenak laga
diezazkiokeela jendeari, aurre hartzeko aukera eskainiz.
Modulu bizigarri nomadei buruzko tailerrean alternatiba
bat eskaini zitzaion etxebizitzaren arazoari. Praktikara eraman daitekeen
proposamena al da?
Guk prototipoak egin genituen, beraz, esperimentala da
oraindik. Aurrez fabrikatutako obra-moduluek Arkitektura Kolektiboak sarean dute
jatorria. Recetas Urbanas kolektiboak bere garaian 40 modulu eskuratu zituen
hutsarazitako ijito asentamendu batetik eta espazio beharrean zeuden kolektibo desberdinen
artean banatu zituen. Lau Gironan erabili zituzten, artistak hartzeko zentro
bat sortzeko udal eraikin bateko teilatu gainean eta han amaitu zutenean, hona
ekartzea proposatu ziguten. Prototipoa entsegu bat baino ez da, lau modulu
horiek erabiliz etxebizitza mugikor bat nola eraiki zitekeen ikusi nahi genuen
eta bi astetan tokia atondu ahal izan dugu. Iñaki Urkiak zuzendutako energia
berriztagarrien tailerraren bitartez etxebizitzarako ur beroko instalakuntza
bat eraiki zen eguzki xaflak erabiliz.
Aurrerago ikusiko dugu noraino irits daitezkeen eta zein tokitan koka
daitezkeen, baina helburuetako bat Artelekun ezartzea da. Kontuak ere atera
nahi ditugu, instalakuntza zenbat kosta zaigun kalkulatu, hortik abiatuta
etxebizitzaren prezioari buruzko hainbat gogoeta egin baitaitezke. Bide hori
zabalik geratuko da, Zirizaren erabilpena eta Pasaiako prozesu parte-hartzailea
bezalaxe.
Interesgarri gerta dakizuke: