Nabigatu
What Matters
McKinsey Publishing editorialak (McKinsey & Company aholkularitza
enpresakoa), web bat jarri
du abian, non hainbat esparrutako pentsalari eta adituen saiakerak biltzen
baitira aktualitate handiko hamar galdera global nagusiei erantzuteko: klima
aldaketa, krisi ekonomikoa, geopolitika, globalizazioa, osasuna, bioteknologia,
berrikuntza, internet eta antolakundeak. McKinsey Publishing konpainiak paperezko
edizioan ere argitaratu zituen What Matters
saiakerak, eta orain webean jarri ditu, zeinak pixkanaka artikulu, audiozko
elkarrizketa eta bideoekin osatzen joango baitira, parte hartzeko irekita
dauden eztabaidez gainera. Hamar gaietako bakoitzak aurkezten diren galderei
erantzuten saiatzen dira: zein da klima aldaketaren eraginari aurre egiteko
modurik arrazionalena? Zer ikasiko dugu krisi ekonomikotik? Nola aldatuko du
gure etorkizuna internetek? Edo posible al da guztiontzat egokia den osasun
sektorea eskaintzea? Teknologia berri, industria, politika, ekologia eta
ekonomiako adituek galdera hauei erantzuten saiatzen dira, etorkizunaren nondik
norakoaren gaineko pistak emanez.
Howard
Rheingold’s Vlog
Internet-en
egitura eta sareen funtzionamendua ulertzea funtsezkoa da benetako
alfabetizazio digitala lortzeko, gai tekniko hutsa baino zerbait gehiago delako.
Irizpide horri jarraituz, Howard Rheingold,
komunikazio teknologia berrietako adituak hainbat azalpen bideo eskegi ditu
sarearen funtzionamenduari buruz, non alderdi informatikoekin batera aipatzen baitira
alderdi etiko eta legalak (jabetza intelektualeko legeak, esaterako),
politikoak (kontrol sistemak) eta ekonomikoak. Hiritarrek ulertu beharreko
gaiak dira guztiak, izan ere, ez dira erabiltzaile pasibo hutsak, sareko
sortzaile ere badira.
On the Commons
On the Commons
antolakundeak ondasun komunak defendatzen ditu ikuspuntu zabal batetik, hots,
ikuspuntu zabal horretan gizarte osoarenak diren aberastasun motak eta
baliabide komunak barne hartzen dituzte: ingurumena, espazio publikoak, kultura
edota sorkuntza zientifikoa. On the Commons espazioak gizartea hobetzeko ideiak
aztertu eta ekintzak bultzatzen ditu, eta horretarako antolakunde, hiritar eta
aktibista komunitate bat sortu du, non ikerketak partekatzen diren, hezkuntza
kanpainak gauzatzen diren eta lankidetzako proiektu artistikoak eta tokiko
ekintzak egiten diren. Open source eta kultura librearen defentsa bezalako
kontzeptuak estrapolatzen dira sistema politiko eta sozial bidezkoagoak
lortzeko.
Learning by connecting
Tjip de Jong enpresen administrazioko doktoretza ikaslea da Amsterdameko Universidad Vrije(e)n,
eta espazio hau sortu du bere doktoretza tesia egiteko. Ikerketa honetan lantzen
du nola eragin dezakeen kapital sozialak antolakundeetako edo network
sozialetako ikaskuntza prozesuetan. Webean informazioa, ikerketak eta teoriak
aurki daitezke hainbat kontzepturi buruz: sare soziala, kapital soziala eta
ezagutza sortzea, esaterako. Autoreak ikuspuntu desberdinetatik aztertzen du
nola funtzionatzen duten harremanek sare sozialen barruan, eta gai ote diren
ezagutza sortzeko.
Publius Project
Berkman
Center for Internet and Society elkartearen proiektu honen bidez interneti
buruzko eztabaida espazio ireki bat sortu nahi da ikuspuntu zabalenetik
abiatuta. Webak hainbat arlotako autoreren artikulu eta saiakera laburrak
biltzen ditu: hezkuntza, ikerketa, teknologiak, gizarte mugimenduak eta politika,
esaterako; eta hauen bitartez, hausnarketa egiten du sareari eta eskaintzen
dituen aukerei buruz. 50 autore inguru biltzen dira: Charles Leadbeater, Clay
Shirky eta Dan Gillmor besteak beste, eta gai anitzei buruz idazten dute,
esaterako askatasuna eta kontrola interneten, giza eskubideak, segurtasuna,
hiritarren parte-hartzea eta sarearen eragina demokrazian. Testuak Creative
Commons lizentziapean argitaratzen dira, eta eztabaida irekia sortzen dute,
ziberespazioaren etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeko.
Toolkit Citizen Participation
Espazio honek hiritarrak tokiko gobernuetan
parte hartzera bultzatzen ditu gizartea hobetu eta garatzeko bide bezala.
Plataforma hainbat kontinentetako GKEek eta tokiko kolektibok osatzen dute, eta
"erreminta kaxa" izan nahi du, mundu osoko metodo eta kasu praktikoak
eskaintzen dituelarik, non hiritarren parte hartzea erabiltzen den tokiko arazo
zehatzak konpontzeko, esaterako, desberdintasun sozialak eta baztertutako kolektiboak,
tokiko udaletako aurrekontuen
esleipen kolektiboa edo espazio naturalen babesa
eta zaintza. Webaren helburua da hiritarren parte hartzea daukaten
proiektu berriak inspiratzea dagoeneko martxan dauden kasuen bitartez eta, era
berean, eztabaida espazio bat izatea gobernuz kanpoko erakundeen, hiritarren
eta tokiko gobernuen arteko eztabaida sustatzeko.
Centre for Social
Innovation
Kanadako gizarte
ekintzaile talde txiki batek 2004an Centre for Social Innovation sortu zuen Toronton,
gizarte aldaketa bat ekar dezaketen ideia sortzaileak bultzatzeko espazioa.
Zentroak espazio bat eskaintzen du lan egiteko, elkartzeko eta hobekuntza
sozialerako soluzio berritzaileak dauzkaten pertsonak euren artean harremanetan
jartzeko, elkarrengandik ikasi eta proiektu berriak gauzatu ditzaten. Horrez
gain, aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du sortzen ari diren enpresa
sozialentzat.
OpenLivingLabs
European Network
of Living Labs-en (EnoLL) weba da. Egitasmoa 2006an sortu zen EBren CoreLabs eta CLOCK
ekintza planen baitan, berrikuntza eta garapen sozial, teknologiko eta
ekonomikoko zentro hauek koordinatu eta bultzatzeko. Atarian, Open
Innovation Community proiektuari atxikitako Europako eta munduko gainerako
herrialdeetako Living Labs-ak biltzen dira. Living Labs-en arteko lankidetzarako
eta sare-lanerako espazioa bat da, non ezagutzera ematen baitira hainbat
zentrotan gauzatzen ari diren ekitaldi eta proiektuak.
Involve
Irabazi asmorik gabeko antolakunde britainiar
honek "parte hartze publikoko espezialista" bezala definitzen du bere burua. Involve-k
erakunde publiko eta pribatuekin, komunitateekin eta hiritarrekin batera lan
egiten du parte hartzea bultzatzeko formulak bilatzeko, horrela prozesuak
hobetuz administrazioan nahiz konpainien barruan. Gaur egun, Involve hainbat
proiektutan ari da lanean, beste antolakunde batzuekin batera, hiritarren parte
hartzea bultzatzeko eremu guztietan, bai zerbitzu publikoetan, bai erabaki
politikoak hartzean edo interes orokorreko gaietan. Datorren urterako aurreikusita
dauzkan egitasmoen artean dago, adibidez, ikerketa bat egitea, aztertzeko nola
eta zergatik inplikatzen diren hiritarrak parte hartzeko modu desberdinetan.
Ikerketaren helburua da arlo honetako ezagutza gehiago lortzea. Horrez gain,
jarduera parte-hartzaileak antolatu nahi ditu, Nazio Batuek 2009an klima
aldaketari buruz egingo duten konferentziarako.
NESTA
NESTA (National Endowment for Science,
Technology and the Arts) fundazio britainiarraren eginkizuna da berrikuntza
azkartzea Erresuma Batuan, ikuspuntu zabal batetik eta eremu guztietan, bai enpresa
munduan eta baita ere zientifikoan, osasun arloan, ingurumen arloan, hezkuntzan
eta artean. NESTAk beste fundazio batzuekin eta administrazio publikoarekin
batera egiten du lan eta berrikuntza bultzatzen du hainbat fronteren bitartez:
eremu desberdinetako profesionalei eta gobernuari zuzendutako ikerketak egiten
ditu, agenda politikoan berrikuntza sartzeko; enpresa sortzaileak finantzatzen
eta sustatzen ditu, eta proiektu berriei laguntzen die. Arlo honen barruan, NESTAk
lankidetzako hainbat berrikuntza ekimenetan parte hartzen du, arlo
desberdinetako pertsonak eta erakundeak elkartuz ikuspuntu berriak lortzeko.
Gauzatu dituen proiektuetako batzuk dira, esaterako ,Universities United, gizarte
berrikuntza unibertsitateetan sartzeko proiektua edo Social Innovation Camp
internet bidezko konponbide berriak aztertzeko topaketak.
NESTAk gazte ekintzaileak eta konpainia
berriak bultzatzeko proiektuak ere lantzen ditu, esaterako, Digital Innovation
in Film, sortzen ari diren ikus-entzunezko enpresei laguntzeko, edo Creative
Business Mentor Network, ekintzaile berriei aholkularitza emateko adituen
sarea. Gizarte berrikuntzaren arloan, fundazioak hainbat ekimen zibiko dauzka
martxan, besteak beste, ingurumenerako konponbide berritzaileak aurkitzeko eta
osasunaren arloa lantzeko proiektuak, esaterako, Health Launchpad ideia
inkubagailua, gaixotasun kronikoak dauzkaten pertsonen bizi-kalitatea hobetzera
zuzendua.
NESTA Innovation Digest argitalpenaren
bitartez ezagutu daitezke antolakundearen barruko artikulu, ikerketa eta proiektu
berriak.
Innovation Unit
Irabazi asmorik gabeko antolakunde honen
helburua da Erresuma Batuko zerbitzu publikoetan berrikuntza akuilatu eta
azkartzea, sektore desberdinetako profesionalen lan bateratuaren bitartez eta
hiritarren parte hartzearekin. Innovation Unit-ek ikerketa eta azterketak
egiten ditu metodologia berri bat eskaintzeko: Next
Practice. Metodologia berri honek zerbitzu publikoak hobetuko ditu,
hiritarren beharretara egokituz. Antolakundea batez ere hezkuntzara zuzenduta
dago, eta 2006ra arte gobernu britainiarraren Department for Children, Schools
and Families sailaren barruan zegoen. Gaur egun, Becta gobernu agentziarekin eta Cisco konpainiarekin lan egiten du, eta baita
ere Britainia Handiko administrazio publiko desberdinekin eta hezkuntza
fundazioekin. Bere web orrian biltzen dira martxan dauzkaten proiektuak, eta
baita ere hezkuntzan berrikuntza bultzatzeko azterketa eta argitalpenak.
epractice.eu
Europako Batzordeko ataria da, eGobernu, eAdmimistrazio, eInklusio eta eOsasun arloetara lotutako profesional komunitateei zuzenduta. Ekimen honen helburua da Europa osoan gai hauen inguruan sortzen diren ideia, esperientzia eta proiektu berriak bateratzea argitalpen eta web eztabaiden bitartez. Hala ere, aurrez aurreko topaketa, workshop eta aurkezpenak ere egingo dira Europako hainbat herrialdetan. Web-ak gainera, erreferentzia izan nahi du gobernuen funtzionamenduari eta administrazioen zerbitzuei buruzko erabakietan parte hartu nahi duten erabiltzaileen artean.
Web The Young Foundation
The Young Foundation Europako antolakunde garrantzitsuenetakoa da gizarte berrikuntzaren ikerketa eta sustapenean.
Fundazioa Londresen kokatua dago; batetik maila teorikoan lan egiten du ikerketa, argitalpen eta topaketen bitartez, eta bestetik baita maila praktikoan ere, gizarte beharrei erantzuna emango dien proiektuak aurrera eramanez eta administrazio publikoekin, gizarte erakundeekin eta enpresekin harremanetan jarriz. The Young Foundation 2005ean sortu zen Institute of Community Studies Institute of Community Studies-etik abiatuta. Azken hau Michael Young-ek sortu zuen 1954an.
Gaur egun fundazioa Geoff Mulgan-ek zuzentzen du. Hau 2004ra arte gobernu britainiarreko Estrategia Unitateko zuzendari izan zen eta hori baino lehenago, Gordon Brown-en kontseilari.
Sol España, Antolakuntzaren Ikaskuntzarako Sozietatea
SoL (Society for Organizational Learning) komunitate globaleko partaide den web orri espainiarra. Plataforma honetan pertsona eta erakundeek nazioartean egiten dute lan, antolakuntzaren ikaskuntza garatu eta aldaketa berritzaileak lortzeko. Komunitatearen barruan, ideiak partekatuz lan egiten dute, bai enpresa eta GKEek, eta bai ikertzaile eta administrazio publikoek ere.
Antolakuntzaren ikaskuntza, SoLen arabera, komunikazioa hobetzean datza, horrela arazoak konpontzeko, talde-lana errazteko eta etengabeko ikaskuntza sustatzeko.
SIX: Social Innovation eXchange
SIX izeneko plataforman biltzen dira gaur egun berrikuntza sozialaren esparruan lanean ari diren mundu mailako erakunde nagusiak. Espazio parte-hartzailea da, esperientziak, analisiak eta azterketak trukatu daitezke eta horrela, nazioartean berrikuntza sozialaren arloan zer egiten den eta zein erronka dauden ezagutu.