Irakurri
Google baino haratago, Jorge Juan Fernández
García
Liburu hau ez da inola ere
interneteko informazioa kudeatzeari buruzko argitalpen bat, aitzitik bere
baitan biltzen ditu teknologia berriek eta bereziki internetek antolakuntza
mailan eta egungo gizartean dauzkaten ondorioak; gizarte bat, non informazio
sorkuntza biderkatu egiten baita ezagutza kolektiboari buruzko balio berriak
eta komunikazio gaitasun handiagoa sortuz, baina baita ere hainbat erronka,
esaterako, zarata murriztu beharra informazio esanguratsua eta komunikazio
eraginkorra lortzeko. Liburua pdf formatuan ere lortu daiteke Creative Commons
lizentziapean, eta gehienbat enpresa antolakuntzarekin lotutako kontzeptuak
aipatzen ditu. Zenbaitetan errepikakorra den arren, konponbide errazak
eskaintzen ditu informazio, ezagutza eta berrikuntza kontzeptuen esanahi
berriak ulertzeko.
Fixing the Future, The Young Foundation
Berrikuntza soziala ikertu eta bultzatzeko The Young Foundation erakunde
britainiarrak txosten bat argitaratu du atzeraldi ekonomikoaren eraginak arintzeko
bide berriak aurkitzeko eta krisia, ahal den neurrian, aukera bilakatzeko.
Txostena batez ere gobernuei zuzenduta dago, naziokoak zein tokikoak, baina
baita ere erakunde humanitario eta enpresei, eta ikuspegi nagusitzat hartzen du
gobernuen politikak orain artean iraganeko sistema bat konpontzen saiatu
direla, etorkizunean inbertitzeko modu berriak bilatu beharrean. Fixing the future dokumentuak egungo egoera ekonomikoaren eta orain artean gobernuek
gauzatutako jardueren emaitzen laburpena egiten du, eta atera dituen ondorioen
artean hainbat premia aipatzen ditu: administrazioen eta tokiko antolakundeen
papera indartzeko premia, gazte eta helduen prestakuntza sustatzekoa, organismo
publikoen arteko informazio trukea azkartzekoa eta sormena eta esperimentazioa
bultzatzekoa, hiritarren parte hartzea integratuz. Txostenaren idazleak dira Geoff
Mulgan, The Young Foundation erakundeko zuzendaria eta Omar
Salem, UpRising Leadership
Programme fundazioaren baitan integratutako proiektuko arduraduna.
La alquimia de las multitudes. Cómo la web
está cambiando el mundo, Francis Pisani eta Dominique
Piotet
Urte hasiera aldera argitaratu zen La alquimia de las multitudes
liburuaren gaztelaniazko bertsioa. Bertan Pisani eta
Piotet idazleek, biak ere adituak teknologia berrietan, ibilbide bat egiten
dute azken urteetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiek izandako
eboluzioan zehar, eta internetek eta 2.0 webak egindako ekarpen sozialak
ikertzen dituzte. Liburuak espreski aipatzen du sare sozialek hiritarren artean
elkarreragin eta antolatzeko modu bezala izan duten gorakada, eta ekarri dituzten
aurrerapenak zein alderdi negatiboak aztertzen ditu. Francis Pisani irakaslea
da hainbat unibertsitatetan, besteak beste, Stanford University, UC-Berkeley
eta Universidad IberoAmericans-en. Sarritan argitaratzen ditu kazetaritza
artikuluak nazioarteko egunkari eta aldizkarietan. Dominique Piotet Atelier enpresako presidentea da (Ipar Amerikako
think tank-aren filiala) eta enpresa hau teknologia berrien berrikuntzan
aritzen dira.
Innovating for and by users, autore ugari
COSTek
editatua (European Cooperation in Science and Technology), liburu honetan
biltzen dira hiritarrek aro digitalean informazio eta komunikazio teknologien
garapenean daukaten paperari buruz idatzi diren saiakera ugari. Innovating
for and by users-ek teknologia
berriak pertsonen egunerokotasunean nola sartzen diren aztertzen du, zein den
erabiltzaileen rola IKTen diseinuan eta nola aprobetxa daitekeen hiritarren
sormena eta esperientzia berrikuntzarako. Horretarako, abiapuntutzat hartzen
dute IKTek komunikabide berrietan duten perspektiba zabala, eta baita ere espazio
publikoa, hezkuntza, zerbitzu publikoak eta administrazioak.
The Element. How finding your passion
changes everything, Ken Robinson
"Being in your element" ingelesezko adierazmoldeak
esan nahi du benetan eroso sentiarazten zaituen hura egiten ari zarela. Autorearen
esanetan, horrelaxe sentitzen dira pertsonak euren talentua garatu eta gustuko
dutena egiten dutenean. Ken Robinson bizi guztian
aritu da sormena ikertzen eta bultzatzen. Aholkulari izan da enpresetan,
gobernuetan, hezkuntza erakundeetan eta kultur antolakundeetan, eta talentua
garatzeko modu berriak identifikatu ditu sozialki berritzeko modu bezala. Libru
honetan, Robinsonek hainbat lagunen kasuak azaltzen ditu, zeinak euren
gaitasunak aurkitu eta garatzea lortu duten, askotan curriculum
estandarizatuetan oinarritutako hezkuntza sistemaren baitan egon arren. Liburuan
aurki daiteke, esaterako, Paul McCartney-ren kasua. Paul ikaragarri aspertzen
zen institutuko musika klaseetan, eta ezin izan zuen bere auzoko koruan ere
sartu. Edo baita Gillian Lynne koreografoarena ere. Azken hau hezkuntza
zailtasunak dauzkaten haurrentzako eskola batean sartzeko puntuan egon zen ezin
zuelako arretarik jarri klaseetan, dantza baino ez baitzuen egin nahi. Robinsonen
esanetan hauek ez dira kasu isolatuak. Pertsona orok trebetasun bereziak dauzka
eta baldintzak sortu behar dira, batez ere hezkuntzan, hauek loratu eta garatu
daitezen.
Informal learning: Rediscovering the natural
pathways that inspire innovation and performance, Jay Cross
Jay Cross aitzindaria
da e-learning esparruan eta 2.0 eta interneteko tresnek eskaintzen dituzten
ikaskuntza informaleko aukeretan. Liburu honetan, Cross-ek weba aipatzen du
hezkuntza informaleko iturri bezala. Hezkuntza informalak hainbat balore berri dakartza
berekin, esaterako, autoikaskuntza, berdinen arteko lankidetza eta norberaren
motibazioa ezagutza bilatzeko motor gisa. Kontzeptu hauek, autorearen
esanetan, ikasgeletan sartu beharko lirateke. Oraindik ere hezkuntza sistema
tradizionala aplikatzen da ikastetxeetan, ezagutzaren norabide bakarreko
transmisioan oinarrituta, hots, irakasleetatik ikasleengana transmititzen dena.
Jay Cross, Internet
Time Group-en fundatzailea, iritzi liderra da ikaskuntza teknologietan,
eta dagoeneko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu gaiaren inguruan
hainbat puntu landuz: hezkuntza informala, 2.0 weba eta pentsamendurako eta
antolakuntzarako metodologia berriak.
The Green Collar Economy, Van Jones
Liburu honetan, Van Jones ingurumen
aktibistak plan bat deskribatzen du, gizartea kezkatzen duten bi arazo nagusi denon
artean konpontzeko: ekonomia eta ingurumenaren kaltetzea. Jones-ek dio egungo
ekonomia berriztagarriak ez diren baliabideetan oinarritzen dela, eta
ingurumena agortzeaz gainera, prezioen igoera eta hiritarren pobretzea eragiten
duela, baliabideak gero eta eskasagoak baitira. The Green Collar Economy liburuak
sistema ekonomiko berri bat proposatzen du, energia berriztagarrietan
oinarritzen dena eta, era berean, enplegu berriak sortzen dituena langabezi
maila handiak dauzkaten komunitate txiroentzat. Van Jones Green For All antolakundearen fundatzailea
da. Erakunde honek gizarteko kolektibo txiroei zuzendutako enplegu berdeen
sustapenaren alde egiten du lan.
Crowdsourcing, why the power of crowd is
driving the future of business, Jeff Howe
Jeff Howe-k 2006an sortu
zuen crowdsourcing terminoa azken urteetan hainbeste zabaldu den fenomenoa izendatzeko,
hots, oro har langile profesionalez osatutako talde txikiek egiten duten
edozein lan erronka bilakatzea parte hartu nahi duen ororentzat, arazoa denen
artean konpontzeko. Liburu
honetan, Howe-k adibideen bidez aztertzen du sektore guztietara zabaldu den
sorkuntza modu berria: diseinua eta multimedia artea, teknologia, zientzia... eta
pista desberdinak ematen ditu fenomeno honen etorkizunari buruz eta gizartean
eta ekonomian izango duen eraginari buruz. Autorearen esanetan, crowdsourcing
fenomenoa aniztasunaren indarrean eta sistema meritukratikoan oinarritzen da,
izan ere, orain askoz errazagoa baita sorkuntza tresnak eta pertsonen arteko
konexioa eskuratzea, eta, gainera, erronka ugari dauzkagu negozioentzat.
IBMren
txostena enpresan software sozialari ematen zaion erabilpenari buruz
IBM informatikako konpainiak 2007an abiarazi
zuen Beehive,
enpresa barneko sare sozial berria, eta honen bitartez langileei espazio bat
eskaini zien komunikatzeko, pertsonalki nahiz profesionalki. Plataforma irekita
dago edozein gairentzat, eta ez profesionalentzat bakarrik. IBMko langileek
lanei, ideiei eta proiektuei buruzko informazioa partekatzen dute, eta topaketa
informalak antolatzen dituzte lotura sozialak sortzeko. Enpresak txosten bat
argitaratu du ekimenaren emaitzei buruz, eta honen arabera, hobekuntza ekarri
du bai sozialki eta bai profesionalki ere, elkarrengana hurbildu baititu enpresako
langileak, langile ohiak eta kolaboratzaileak .
We, the Media, Dan
Gillmor
Dan Gillmor-ek, hiritarren
kazetaritzaren aitatzat hartzen denak, 2004an argitaratu zuen liburu hau. Liburuaren
azpitituluan Grassroots Journalism by the People, for the People esaldia ageri da, eta gaur egun ere indarrean dago, izan ere,
internetek kazetaritzaren munduan eta oro har informazioarenean eragin duen
iraultzari buruz hitz egiten baitu. Gilmor-ek "XX. mendeko komunikabide
masiboaren eraldaketaz" hitz egiten du, "askoz ere demokratikoagoa den
eszenatoki berrirantz" goazela esanaz. Eszenatoki berri horretan, komunikatzeko
boterea ez da biztanleriaren sektore txiki batena soilik; aitzitik, hiritar
guztien eskura egongo da sareak eskaintzen dituen konta ezin ahala espazioen bitartez,
eta horrela, irakurketa elkarrizketa bilakatuko da. Autoreak egoera honek
ekarriko dituen ondorioei buruzko analisia egiten du liburuan, eta, era berean,
hedabideetako enpresa eta profesionalengan eragingo dituen aldaketak aipatzen
ditu. Liburua eskuragai
dago Creative Commons-en, gaztelaniara
itzulitako bertsioan.
Ethical
Economy, Adam Arvidsson eta Nicolai Peitersen
Gaur egun etorkizun ekonomikoari buruz
daukagun ikuspegi katastrofistaren ordez, Ethical Economy liburuaren idazleek uste dute balore etikoetan oinarrituko den sistema
bateranzko iraultza ekonomiko, politiko eta sozialaren aurrean gaudela, eta
egoeraren analisia erakusten digute euren lanean. Arvidsson eta Peitersen-ek ez
dute utopiaz hitz egiten, errealitateaz baizik, euren esanetan, komunikazio
teknologia berrien bitartez sorkuntza kolektiborako eta kultura eta ezagutza
trukatzeko modu berriak sortu dira, onura ekonomikoaren bilaketan oinarritu
beharrik gabe: open source-n egindako produkzioa -esaterako software
librea-, p2p artxiboak, wiki espazioak -adibidez Wikipedia-, blogak eta sare
sozialetako espazioak. Liburuan, autoreek iraultza honen jatorria aipatzen
dute, hots, egungo egoera, non gizartea den protagonista, baina euren esanetan
konpainiak eraldatzen ari dira negozio eredu berriekin, eta etorkizuneko
perspektibak ere azaltzen dira. Liburuaren webean eskuragai daude lehen bi
kapituluak, eta parte hartu daiteke wiki bitartez.
Adam
Arvidsson soziologiako irakaslea da Milango Unibertsitatean eta berak
idatzi du Brands:
Meaning and Values in Media Culture liburua. Nicolai Peitersen, Actics sare sozial etikoaren
fundatzaileetako bat da eta ekonomista eta berrikuntza sozialean aditu bezala
laguntzen du hainbat argitalpenetan.
Stanford
unibertsitateko Stanford Graduate School
of Business eskolak sortutako Center
for Social Innovation zentroak argitaratutako aldizkaria. Aldizkaria hiru hilean behin
argitaratzen da, eta berrikuntza sozialeko esperientziei eta kasu praktikoei
buruzko artikuluak, ikerketa eta azterketak biltzen ditu, denak ere hirugarren
sektorean nahiz enpresa merkatuan aldaketa sozialen bat ekarriko duten negozio
eredu eta estrategia berriak inspiratzea helburu dutenak. Aldizkari osoa
kontsultatu daiteke harpidetuz gero, baina elkarrizketa eta artikulu batzuk irakurgai
daude harpidetu gabe ere. Center for Social Innovation erakundearen helburua da Stanford Graduate
School of Business eskolako ikasleak gizarte berritzaile bezala heztea, sormena
eta gizarte baloreak sustatuz.
The Public
Domain, James Boyle
Liburu honen egilearen esanetan,
beharrezkoa da "domeinu publiko" kontzeptuak zer esan nahi duen jakitea eta zein garrantzi duen
ulertzea berau babesten ikasteko, bai kulturari dagokionean eta baita ere ezagutzaren
gainerako esparruetan, zientzia eta teknologiatik hasi eta negozio ideietaraino.
James Boylek The Public Domain liburuan
azaltzen du jabetza intelektualeko legeek eta patenteek mugatzen dutela
ezagutzaren eta sormenaren aurrerapena, eta adibideen bitartez frogatzen du
baieztapen hau. Esaterako, gaur egun sekuentzia genetikoak edo musika noten
talde txikiak jabetza pribatukoak dira, hau da, XX. mende amaiera aldera
produzitutako kultura gehiena legez babestuta dago eta, beraz, ezin da ezer
sortu hauek abiapuntutzat hartuta. Liburu honekin, Boyle-k domeinu publikoaren
kontzeptu zabalago bat sartzen du jabetza legeen eta ezagutzaren aurrerapenaren
arteko egungo eztabaidan.
James Boyle Zuzenbideko irakaslea da, Center for the Study of the Public Domain
eta Creative Commons egitasmoen
fundatzaileetako bat ere bai, eta une honetan azken honen presidentea.
Antolakunde honen barruan, Science Commons
espazioa bultzatu du, zientzia eta teknologiaren munduan Creative Commons
lizentzien filosofia sustatzeko.
Heterotopia and the City. Public Space in a
Poscivil Society, Michiel Dehaene eta Lieven De Cauter
60. hamarkada amaiera aldera, Focault-ek Heterotopia
terminoa planteatu zuen, mundu garaikideko espazio heterogeneoa deskribatzeko, non
giza harremanek definitzen dituzten gure bizilekuak. Heterotopia and the City
liburuak urbanista eta arkitektoen artean eztabaida ugari piztu duen kontzeptu
hau sakontzen du, eta era berean, hiri garaikidea eta espazio publikoen erabilera
esploratzen du, hiri eraldaketako kasu praktikoak aztertuz: Yakarta edo
Dubaitik hasi eta Bilbo bezalako hiri europarretaraino. Autoreek eremu
abandonatuak eta eraikin zaharkituak behatzen dituzte, erresistentzia eta hiri
aktibismorako toki bezala proposatuz, eta espazio publikoaren erabilera aztertzen
dute, agoratik hasi eta merkataritza zentroraino.
Michiel Dehaene hirigintza irakaslea da
Eindhoven-eko Teknologia Unibertsitatean. Lieven De Cauter arkitektura
irakaslea da Leuven-eko Unibertsitatean, eta hainbat liburu argitaratu ditu
arte garaikidearekin, hiriarekin eta arkitekturarekin lotuta.
Arts and humanities research and innovation, Hasan Bakhshi, Philippe Schneider and Christopher Walker.

Ikerketa hau Arts and Humanities Research Council, arte eta humanitate arloko ikerketa erakundearen barruan egin da eta Britainia Handiko gobernuak finantzatu du NESTA fundazioaren laguntzarekin.
Dokumentuak azaltzen du zein garrantzitsua den artearekin eta giza zientziekin lotutako ikerketak berrikuntzarako ikerketan sartzea, izan ere, askotan azken hau gai teknologiko eta zientifikoetan baino ez baita zentratzen. Autoreen arabera, berrikuntza gero eta gehiago partekatzen den jarduera da, elkarlanari esker doa aurrera eta berrikuntzaren kulturaren bidez hobeto ulertzen dira pertsonen portaerak, nortasuna eta espresatzeko modua, gainera, etengabeko sormen iturri garrantzitsua da. Ikerketak Arts and Humanities Research Council erakundeko proiektu batzuk aztertzen ditu. Proiektu horietan egiten diren ikerketek adar teknologiko eta zientifikoak eta arte eta kultur eremuak uztartzen dituzte, esaterako, ikerketak garatzeko eta ezagutzak trukatzeko espazio birtualak sortzea, edo tresna teknologiko berriak beste kultura batzuk ikertzeko.
Informazio gehiago:
Ken Robinson-en hitzaldia, sormenak eta arteak heziketan duten garrantziari buruzkoa.
Free!, Chris Anderson
Chris Anderson, Wired aldizkariko argitaratzaile nagusiak eta The Long Tail liburuaren egileak, Free! izeneko bere liburu berria aurkeztu
du.
Liburu honetan doako produktu eta
zerbitzuen ekonomia berriari buruz dihardu. Andersonek azaldu duen bezala,
gauzak doan eskainiz negozioa egin daitekeelako ideia ez da berria, baina
internetek eta produktu digitalen zabalkuntzak doakoaren merkatua iraultza
ekonomiko bihurtu dute eta negozio eta ekoizpenerako modu berriak ireki dituzte,
esaterako Google bezalako enpresa arrakastatsu eta emankorra edo irabazi ekonomikorik
bilatzen ez duten Wikipedia bezalako sorkuntza tresnak. Autorearen arabera, "sekula
ez da egon gaur dagoen bezalako aukera zabala doako negozio eredu bat martxan
jartzeko". Bere liburuan Andersonek doako merkatuari lotutako
eredu zenbait aipatzen ditu, euren barruan sartzen direla softwarea eta doako
zerbitzuak eta hala publizitatean nola bilatzaileen posizionamenduan eta datuen
salmentan oinarritutako negozio berriak. Hala ere, bada zerbait merkatu
ekonomikoa goitik behera aldarazi duena: irabazi ekonomikorik gabeko produktu
trukaketa eta sorkuntza kontzeptua, altruismoan, bisibilitatean edo
aintzakotzat hartua izatea bezalako beste balore batzuetan oinarritutako
sistema, alegia.
Blogbook, El futuro es tuyo, hainbat egile
Blogbook
blogosferaren munduarekin lotutako 120 pertsonak
lankidetzan idatzitako liburua da, 2.0. espazioek ekarri duten gizarte, ekonomi
eta enpresa iraultza ardatz bezala hartuta. Proiektua Dioni Nespralen ekimenetik sortu zen.
Bere blogean liburu bat egiteko erronka bota zuen, blogetako komunitate guztia
parte hartzera animatuz. Liburuan egile bakoitzak bere ikuspegi pertsonala
islatzen du 2.0. munduaren inguruan, eta azaltzen dute baita ere komunikatzeko
bide berri hauek nola aldatu dituzten giza harremanak, negozio ereduak eta
teknologiaren garapena, iraultza honen oinarrian pertsonak jarriz, aldaketaren
motor bezala. Liburuko artikuluek hainbat gai lantzen dituzte, besteak beste,
onlineko negozio berriak, lankidetza tresnak, 2.0. hiritarra, iritzi publiko
berria eta ikaskuntza eta teknologia sorkuntza open source-n bitartez. Liburua doako bertsioan lortu daiteke webean,
eta lankidetzan egindako sorkuntzaren adibide garbia da, ikuspuntu
desberdinetatik aztertzen dituelarik egungo gizartea eta etorkizuneko aukerak.
Honest Brokers:
Brokering innovation in public services, Matthew Horne
Ikerketa hau Innovation
Unit fundazio britainiarrak argitaratu zuen, eta zerbitzu publikoen munduan
sortzen ari den antolaketa modu berri baten papera esploratzen du:
berrikuntzarako agente edo bitartekariena. Autorearen esanetan, irudi hau
aspalditik existitzen da beste sektore batzuetan, esaterako, enpresetan eta
zientziaren munduan. Hor dauzkagu parke teknologikoak, enpresa berrien
inkubagailuak edo ideia laborategiak, baina gizarte arloan oraindik bide luzea
dago egiteko.
Horne-k
Britainiako hezkuntza sistema aztertzen du zerbitzu publikoaren eredu bezala,
non berrikuntza maila jakin bat badagoen arren, eraitsi beharreko harresi asko
dauden oraindik, eta arlo honetan lanean ari diren agente berritzaileez hitz
egiten du, esaterako, Innovation
Unit, SSAT eta FutureLab, praktika eta proiektu
berriak sustatzen dituzten antolakundeak Erresuma Batuko hezkuntza
dinamizatzeko. Era berean, ikerketak bere baitan hartzen ditu gobernuek hartu
beharreko neurriak agente hauen arteko harremanak indartzeko, hau da, enpresa
mundua, zerbitzu publikoak eta administrazioa.
Matthew Horne
autoreak, berrikuntza sozialeko hainbat bitartekaritza antolakundetan parte
hartu du, esate baterako, Demos, The Design Council eta Innovation Exchange.
Honest Brokers eskuragai
dago pdf formatuan, Innovation Unit-en web orrian.
Being
Digital (Digitala
Izatea), Nicholas Negroponte
Askoren iritziz, Being
Digital liburuak XX. mendearen amaiera aldera ikusten hasi ginen etorkizun
digitala iragarri zuen 1995ean argitaratu zenean. Urteko bestseller
garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, eta gaur egun 40 hizkuntza ingurutara
itzulita dago.
MIT (Massachusetts
Institute of Technology)
institutu ospetsuko Media Lab-en sortzaileak, Nicholas
Negroponte-k idatzi
zuen liburua, hamar urtez ikerketa zentro honetako buru izan ondoren. Bertan hainbat
saiakera biltzen ditu laurogeita hamarreko hamarkadan dagoeneko sortzen hasita
zeuden informazio eta komunikazio teknologien aurrerapen handiek gizartean
izango zuten eraginari buruz.
Liburuan, Negropontek gizarte berri bati buruz hitz egiten du, non bit-ek atomoak ordezkatuko dituzten eta internet autopista
informazio erraldoia bilakatuko den, haren bitartez hiritarrak komunikatuko
direlarik espazio geografikoaren eta denboraren harresiak gaindituz. Era
berean, Negropontek iragarritako etorkizunean,
paperezko hedabideen ordez on-line formatuak
erabiliko dira, eta telebista tradizionalaren ordez berriz ordenagailuak, eta
horrela, posible izango da askoz ere informazio pertsonalizatuagoa ematea,
hiritar bakoitzaren interes eta beharren arabera. Azken batean, duela hamabi
urte idatzitako aurreikuspena bada ere, gaurko errealitatetik oso gertu dagoela
esan behar da.
Liburuaren
zati bat eskuragai dago sarean
Network Citizens, Peter Bradwell y Richard Reeves
Demos izeneko think tank britainiarrak argitaratutako txosten honetan sare sozialak aztertzen
dira enpresen eta erakundeen esparruko berrikuntza, sormen eta informazio
iturri gisa. Egileen arabera, sare sozialak beti egon dira hor, baina
internetek komunikaziorako ematen duen erraztasunaren ondorioz sare sozial
horiek egiazko iraultza bat ekarri dute harreman pertsonal eta
profesionaletan.
Egileek aztertzen
dute nola erantzuten dieten erakundeek sare horiei, eta zer gisaz erantzun
beharko luketen, sare sozial horiek trukaketetarako eta ideiak sortzeko
daukaten potentziala ez alferrik galtzeko.
Sei erakunde
ezberdinen kasuak aztertu ondoren txostenak erakusten du sare horiek
antolaketa forma berriak, hierarkia berriak eta lan egiteko modu desberdinak
izan daitezkeela.
Richard Reeves
Demos-eko zuzendaria da, eta bertan lan egiten du baita ere Peter Bradwell
ikertzaileak. Erakunde britainiar horrek aholkulari eta ideia-haztegi lana
egiten du zerbitzu publikoekin, ikerketa teknologiko eta zientifikoekin eta
kultura eta enpresa munduarekin zerikusia duten arloetan.
Txostena Demos-en
web orrian eskuratu daiteke pdf formatuan.
Izenburu honekin
laburbiltzen du Jonathan Zittrain autoreak sarearen etorkizunari buruz duen ikuspegi ezkorra, bere ustez
Internetek askatasuna eta sormena galarazten baitu. The future of the Internet azterlanean
hainbat puntu aztertzen dira: batetik, sarea eta bertako plataforma sozialak
esponentzialki hazi direla azken urteetan eta bestetik, euren arrakastak berak
ito ditzakeela. Izan ere, plataforma hauen sortzaileek gero eta kontrol
handiagoa dute berauen gain, eta gero eta espazio gutxiago uzten dute
erabiltzaileen sormen eta berrikuntzarako, horrela kontsumo tresna huts
bihurtzen delarik.
Liburuan, autoreak
hainbat adibide azaltzen ditu, esaterako Facebook sare soziala. Facebook-eko
aplikazioak itxita daude eta informazioa erraz ezabatu dezake konpainiak. Hau
Wikipediarena bezalako kasuekin kontrajartzen du, arrakasta itzela izan arren
sormen kolektiboaren espiritua mantentzen baitu. Zittrain-ek baieztatzen du
konponbidea erabiltzaileen esku dagoela, eta egitura desberdinak proposatzen
ditu, Internetek kultura eta gizarte berrikuntza iturri izaten jarrai dezan.
Jonathan Zittrain
Zuzenbide irakaslea da Harvard
Law School-en eta
Harvard Unibertsitateko Berkman
Center for Internet & Society-ko zuzendarietako bat da. Fundazio honek sareko
aukeren inguruko azterketak eta ikerketak egiten ditu.
John Palfrey eta Urs
Gasser irakasleek natibo digitalen lehen belaunaldien ezaugarriak aztertu
dituzte bi urtetan. Natibo digital deitzen diegu Internet sortu ondoren jaio
eta, beraz, guk teknologia berri deitzen diegunez inguratuta hazi diren
gazteei. Egileen esanetan, natibo digitalen belaunaldiak aldaketa baino gehiago
iraultza bat dakar, bai maila soziologikoan eta bai maila ekonomikoan, eta
iraultza hau gauzatzen joango da, gazte hauek informazio, produktu eta zerbitzu
kontsumitzaile bilakatzen doazen heinean. Etorkizunak aukera handiak aurkezten dizkigu,
baina baita galdera handiak ere. Liburuak hainbat gai lantzen ditu, esaterako,
nortasunaren kontzeptua sarean, segurtasun nozio berria eta sare sozialen
bitartez konpainietara iristen den informazio kopuru handia. Egileen arabera,
gurasoen eta irakasleen funtzioa da natibo digital berri hauen mundua ulertzea gazteek
ondo erabil dezaten, baina sormen, komunikazio eta parte hartze bide berri hori
moztu gabe.
John Palfrey,
Zuzenbide irakaslea da Harvard Law School-en. Hainbat argitalpen idatzi ditu internetek
jabetza intelektualarekin eta demokraziarekin duen harremanari buruz, eta Internet Safety Technical Task Force taldeko presidentea da, zeinaren helburua
baita gazteen segurtasuna zaintzea sarean. Urs Gasser ere Zuzenbide irakaslea
da St. Gallen Unibertsitatean eta Berkman
Center for Internet and Society zentroko kide dira biak.
Clay Shirky-k gizarte sareek Interneten egindako iraultza aztertzen du "Here comes everybody" liburuan. Gizarte tresna eta plataforma berriek zalantzan jartzen dituzte antolaketa egitura tradizionalak lan modu eta lankidetzako sorkuntza bezala. Shirky-k sarean agertzen ari diren adibide kontaezinak ematen ditu, Flickr edo MySpace bezalako plataformetatik hasi eta gizarte enpresa edo antolakunde txikietaraino. Izan ere, ikaragarri erraza baita Interneten ideia bat aurrera eramatea. Ideia hauek, arrakasta izan ala ez, iraultza bat dira. Honek erakusten du pertsonek ez dutela kontsumitzaile bakarrik izan nahi, baizik eta euren denbora librea erabiltzen ari direla edukiak sortu eta partekatzeko, eta hori dena sareko egitura berriak erabiliz egiten dutela.
Clay Shirky pentsalari garrantzitsuenetako bat da Internetek dakarren gizarte aldaketari buruzko ikerketan. New Yorkeko Unibertsitateko Interactive Telecommunications Program -eko irakaslea da eta gizarte eta teknologia sareen efektuak ikertzen ditu; bestalde, hainbat konpainiatako aholkulari izan da, besteak beste, Nokia, BBC, Microsoft eta Newscorp.
The Pirate's Dilemma, Matt Mason
Zure arerioa gainditu ezin baduzu, ikasi harengandik. Horixe da Matt Mason-ek dioena The Pirate’s Dilemma liburuan. Egileak planteatzen du internet bidezko pirateria arazo bezala ikusi behar den ala berrikuntza bezala, hau abiapuntutzat hartuta konpainiek kulturaren hedapenerako formula berriak sortu baititzakete.
Mason-ek zera dio bere hausnarketan, kontzeptu eta ideia berri asko talde minoritarioetatik sortu direla, esaterako, musika estilo berriak, janzkera berriak edo sarean harremanetan jartzeko modu desberdinak. Ideia berri hauek merkatuak bere baitan hartu ditu eta gizarte osoaren gainean eragina duten negozio iturri handi bilakatu dira.
Matt Mason kazetaria da eta RWD RWD aldizkari ingelesaren sortzailea; gaur egun, hiriko musika eta kulturari buruz idazten du hogei bat herrialdetako egunkarietan, besteak beste, The Guardian, The Independent, VICE eta Libération. Duela gutxi, proiektu humanitarioen hedapenean oinarritutako Wedia Wedia komunikabide konpainia sortu du.
The Necessary Revolution, Peter Senge
Iraultza bat gertatzen ari da “hain txarrak ez diren” konponbide arruntak ahazteko prest dauden enpresa, pertsona eta erakundeetan, eta gizarte eta ingurumen arazoei aurre egiteko metodo berriak bilatzen hasi dira. Lankidetza proiektuak planteatzen dira enpresarien, hiritarren eta antolakundeen artean, esaterako, konpainien gehiegizko energia berrerabiltzeko edo gizarteratze programak sortzeko enpresak kokatzen diren eremuetan.
Iraultza hau beharrezkoa da, liburuaren egileen esanetan. Liburuan azaltzen dituzte martxan jarri diren estrategia eta ekimenak, eta baita ere mundu iraunkor bat sortzeko benetako aldaketak ekar ditzaketen ideiak.
http://www.solonline.org/NecessaryRevolution/
We think, Charles Leadbeater
Liburu honetan azaltzen da weba nola ari den gure mundua aldatzen, nola bihurtzen dituen pertsona guztiak parte-hartzaile eta sortzaile interneteko sare sozialen bitartez. Lehen bertikalak eta zentralizatuak ziren erakundeak sare horizontal bilakatzen ari dira, ideiak alde guztietatik iristen dira eta orain norbaitekin lan egiten da, norbaitentzat lan egin beharrean.
Lehen bertsio baten ostean, egileak liburua interneten zintzilikatu zuen parte hartzeko interesa zuten pertsona guztien iritziekin osatzeko, eta eskuragarri dago http://www.charlesleadbeater.net web orrian.
"Internetek aukera sozial ikaragarriak ematen ditu jendeak bere iritzia eman dezan, orain askoz ere errazagoa da gauzak partekatzea edo elkarrekin egitea",
Charles Leadbeater.