Energiaren Euskal Erakundeak diru-laguntza programa bat jarri berri du martxan, bizikleta elektrikoen erosketa partikularra sustatzeko. Euskal Herrian, Orbea da bizikleta elektrikoak merkaturatzen dituen etxeetako bat. Sektore horretan Europan liderra den enpresarekin, Gazelle-rekin (Herbehereak), aliantza egin dute, eta joan den abenduaz geroztik merkatuan dute Eline, Mallabiako etxearen lehenengo bizikleta elektrikoa. Gaur egun, Orbearen 30 bezerok besterik ez dute Eline saltzen (bik EAEn), eta 500 ale baino gutxiago saldu dituzte guztira. Hala ere, Ander Olariaga salmenta-arduradunak azaldu bezala, horixe da haien asmoa, poliki-poliki joatea, haientzat ere teknologia hau berria baita: “Esango nuke urte bat edo bi beharko ditugula modu orokorrean saltzeko”.