Nola iritsi da abokatu bat domeinuen alorreraino?
Hainbat arrazoigatik. Banuen halako interes pertsonal eta profesional bat, eta azkenean bezeroek zer eskatu huraxe aukeratzen duzu. Gainera, kasualitatez, .es domeinuak liberatu ondoren domeinu izenen defentsa juridikoko kasu batzuetan murgilduta ibili ginen. Bezeroen eskaerek ekarri gaituzte arlo honetara.
Domain Protect enpresa sortu duzu. Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Pribatutasuna eta defentsa juridikoa domeinuen munduan. Gainerakoengandik bereizten gaituena da alderdi teknikoa eta juridikoa uztartzen ditugula enpresa berean.
Pribatutasuna?
Bai, domeinuaren jabearen nortasuna babesten dugu. Domeinu izenaren whois edo erregistroa publikoa da, baina denek ez dute hor agertu nahi. Guk sistema bat garatu dugu pribatutasun hori bermatzeko. Badakigu nor dagoen atzean eta hori isilpean mantenduko dugula ziurtatzen diogu.
Badirudi legez kanpokoa den zerbait ezkutatzen ari zaretela.
Ez derrigorrez. Enpresa askok domeinu bat erosten dute produktu bat abiarazi aurretik eta isilpean mantendu nahi dute merkaturatu arte. Gainera, guk hartzen dugu horren azpian dagoenaren erantzukizuna. Kontratu bat daukagu bezeroarekin. Ez dugu legez kanpoko ezer ezkutatu nahi.
Eta agintariak ados al daude domeinu jabeak ezkutatzeko kontu honekin?
Batzuk uste dute datu guztiek publikoak izan behar dutela, baina pribatutasun agentziak ez daude ados horrekin. Egia esan, bi mundu horien arteko borroka bizi dugu une honetan. Nire iritziz, bien arteko oreka bat lortu beharko litzateke. Bere izena ezkutatu nahi duenak, hori egiteko aukera eduki behar luke.
Pribatutasun zerbitzu hau berria da?
Badaude nazioarteko domeinuetan gauza bera eskaintzen duten beste enpresa batzuk. Guk gabezia hori ikusi genuen .es domeinuetan eta hortxe zentratu gara.
Domain Protect enpresak guztiz juridikoak diren gaiak ere lantzen ditu.
Hala da, bai. Domeinu eta marken titularrak defendatzen ditugu domeinuekin lotutako gatazkak dauzkatenean edo domeinuak erosteko negoziatu nahi dutenean. Esaterako, aurten PrimerEmpleo.es domeinuaren gaineko auzia irabazi dugu, norbaitek jabetza erreklamatzen baitzion domeinu horren titularrari.
Baina bazegoen markaren bat babesteko?
Hori lehen fasean gertatu zen; espekulazioa zen nagusi, jendeak domeinuak erosten baitzituen gero saltzeko eta espekulatzeko. Orain ordea beste fase batean gaude, non lehia desleiala baita nagusi. Esaterako, lehiatzaile batzuk besteei domeinuak kentzen saiatzen dira. Gerra nahiko bitxiak daude. Baina lehen fase hartan domeinu asko bildu zituzten domainer haien irudi txarra daukagu oraindik.
Zein iritzi daukazu ziber-espekulazioari buruz?
Guztiz kontra nago. Cocacola.es edo beste edozein marka ezagunen izena erabiliz domeinu bat erregistratzen duenak badaki egiten ari dena ez dagoela ondo.
Eta zergatik balio dezake domeinu batek hainbeste?
Eskaintza eta eskaera kontu bat da. Adibidez, .com domeinu gehienak dagoeneko hartuta daudenez eskaintza oso urria da. Eta eskasiak prezio altuak sortzen ditu.
Zeintzuk dira azken aldian zure arreta gehien erakarri duten fenomenoak?
Sinergia asko ematen ari dira domeinu jabeen eta proiektuak garatzeko gaitasunak dauzkaten enpresen artean. Gauza interesgarriak ateratzen dira aliantza horietatik.