Nola sortu zen Commienza?
Urte asko neramatzan besterentzako marketinean eta aholkularitzan lanean eta duela bost urte erabaki nuen hobe zela nire bideari ekitea. Bi bazkideren artean fundatu genuen Commienza, zerbitzuak kanporatzeko marketin aholkularitza, eta kanpoko kolaboratzaileez baliatzen gara inor kontratatu gabe. "Marketinaren outsourcinga" deitzen diogu horri: marketina kanpora ateratzeko aukera eskaintzen diogu enpresari, horretarako sail propio bat eduki beharrean.
Hori posible da?
Bai. Eta askoz azkarragoa eta eraginkorragoa gainera. Guk bulego birtuala daukagu, enpresara astean edo hamabostean behin joaten gara, produktuarekin inplikatzen gara eta 2.0 zerbitzuak eskaintzearen balio erantsia ematen dugu.
Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Marketinarekin zerikusia duen oro eskaintzen dugu, baina batez ere hedabide sozialekin lotutako gaietan espezializatu gara, esaterako Facebook, Twitter eta blogetan. Gainera, produktibitate pertsonaleko aholkularitza ere ematen dugu tresna teknologikoen laguntzaz. Zerbitzu hori mundu osora eskaintzen dugu, baina jakina, gure ingurune hurbilenean dauzkagu bezero gehien.
Community manager deitzen zaio horri ezta?
Bai hala da, baina ez zait batere gustatzen esamolde hori. Oroz gain, sare sozialetako kudeatzaileak gara. Bereziki blogetakoak, blogetan errazagoa baita emaitza azkarrak lortzea. Bloga eta horri lotutako sare soziala eskaintzen dituen kita saltzen dugu, bezeroak aukera izan dezan zale kopurua nola hazten den ikusteko, eta beste datu batzuetan Google Analyticsekin egiten dugu ebaluaketa. Twitter aldiz ahal den bezala sartzen dugu.
Zer moduzko harrera izan du bezeroen artean?
Sare sozialen inguruan sinesgaiztasun handia dago. Harrigarria badirudi ere, sarri aurkitzen ditugu beldur asko duten negozioak, bereziki ostalaritzan. Uste dute sare sozialetan profil bat irekiz gero, alde guztietatik kritikatuko dituztela, nahiz eta kritikak beti iristen diren profilik gabe ere.
Sare sozialetan sartzeko eskatzen diogun bezeroari, lehenik eta behin, panorama beltz-beltza erakusten diogu. Lehenengo hesi hori gainditzen duenak badaki hau maratoi bat dela eta epe luzerako apustua egin behar dela.
Eta zer egiten duzue bezeroak atzemateko?
Lana iritsi egiten zaigu. Ez dugu bezerorik bilatzen. Oso hurbileko harremana daukagu beraiekin eta beraz gomendatu egiten gaituzte eta gurekin gelditzen dira. Aitortu behar dut hasieran oso gogorra izan zela, baina gero espezializatu egin ginen eta geroztik etengabe aritu gara lanean.
Ez al dago lehia asko?
Alderdi asko lantzen dituen jende asko dago. Baina ez dakite asko sare sozialei buruz. Sare sozialen gurdira igo dira, baina bezeroak ikusten du ez daudela espezializatuta. Beste askotan bezero posibleak semeari edo ikasketak bukatu berri dituen ilobari eskatzen dio bloga egiteko. Eta hori hanka-sartze bat da.
Eskaintzen duzuen bigarren produktua produktibitatearen kudeaketa da. Zertan datza?
Pertsonen denbora administratzeko modua hobetzen dugu, premia hori gero eta agerikoagoa baita. Zerbitzu horri garrantzi handia emango diogu, ikusi dugulako interes handia dagoela. Ni hobby bezala hasi nintzen horretan eta orain lan eskaera handia dugu alderdi horretatik.
Nola ikusten duzue teknologiaren errealitatea Euskadin?
Enpresak, ostalaritza bezalako sektorekoak salbu, oso ongi prestatzen ari dira. Gainera, orain sare sozialekin bonbardatzen gaituzte eta beraz jendea gai honekin sentsibilizatzen ari da.
Eta ekintzailetza?
Mundu guztiari gomendatzen diot ausartu dadila enpresa bat sortzen. Neronek ere zalantzak nituen, baina orain oso argi ikusten dut. Ekintzailetzan dago etorkizuna. Sekulako aukera da.