Zer da Safe Creative?
Safe Creative jabetza intelektualeko doako erregistro bat da. Argazki bat atera edo idazki, kantu edo bideoren bat sortu duen edonork eduki hori igo dezake Internetera eta lizentzia mota bat ezarri bere sorkuntzari. Horrela sortzen da egiletza-froga, guk denboran eta edukian zigilatzen duguna. Lekukoen funtzioa betetzen dugu eta hauxe baieztatzen dugu: "sortzaile horrek dio ezaugarri hauek dauzkan obraren egile dela". Gure helburua Interneteko edukiak identifikatzea da.
Nola identifikatzen dira edukiak?
Obretan sartzen diren metadatuekin. Egokiena izango litzateke obraren aztarnak berak identifikatzea autorea. Nazioarteko estandarrak sortzen lagundu nahi genuke, edukiak jabetzadun formatuen bidez identifikatu beharrik ez izateko.
Zerbitzuagatik kobratzen duzue?
Erregistratzeko oinarrizko zerbitzua doakoa da. Argi geneukan hasieratik epe luzerako proiektua zela eta 2 edo 3 urtean ez genuela dirurik irabaziko. Negozio ereduak oraindik ez daude guztiz definituta. Autoreekin ari gara lanean eta beren feedback-ak jasotzen ditugu gero proiektuari errentagarritasuna nondik atera aztertzeko. Hainbat funtzionalitate eskaintzen ditugu, baina funtzionalitate horiei errentagarritasuna nola atera pentsatu gabe.
Dagoeneko bereizi ditugu laster eskaintzen hasiko garen ordainpeko funtzionalitate batzuk: lege aholkularitza, neurrira eginiko lizentziak, egiaztatzea non dauden obrak Interneten eta non duten arrakasta gehien eta obrak azkarrago erregistratzeko sistema automatikoak. Baina, dena den, oinarrizko erregistroak doakoa izaten jarraituko du. Hori ez dugu aldatuko.
Zenbat erabiltzaile dauzkazue?
35.000 inguru mundu osoan banatuta, eta horietatik %45 espainiarrak dira. Erregistratutako obrak, berriz, 330.000 inguru dira.
Nola sortu zen enpresa?
Juan Palacio programatzaile aragoitarraren ideia batetik sortu zen; liburu bat idatzi zuen eta ez zekien nola eskaini oso-osorik lizentzia librea erabiliz. Inbertsiogile bati kontatu zion eta elkarrekin jarri zuten martxan enpresa. Gaur egun 14 langile dauzka, mundu osoan banatuta dauden kolaboratzaileak kontatu gabe.
Eta zuk zer egiten duzu?
Nire lana da komunitatearekin, sortzaileekin hitz egitea, eurek esaten didatena bideratzeko eta egiten ditugun bileretan jakitera emateko. Nik koordinatzen ditut baita ere beste herrialde batzuetan gauza bera egiten duten pertsonak. Eta gurekin lan egin nahi duten proiektuak bilatzen ditut.
Nola iritsi zinen ingurune honetara?
Betidanik interesatu izan zait jabetza intelektualaren mundua. Iruditzen zait erakunde batzuek ez dutela ulertzen Interneteko edukien izaera digitala eta beti kritikatu izan ditut horien politikak; eredu iraungiak inposatzen dituzte, gizartean dauden beste eredu guztiak kriminalizatuz, haiekin hitz egitera iritsi gabe. Denborarekin ohartu naiz zentzugabea dela zerbaiten aurkako jarrera izatea eta onena dela konponbideak eskaintzea.
Nire iritziz, hainbeste aukera daudenean Interneteko edukiak bikoizteko eta infinituraino biderkatzeko, arreta izaten da baliabide urriena eta beraz paradigma aldatu egiten da. Ez dugu edukiak eskuratzeko bidea mugatu behar, aitzitik, negozio eredu berriak bilatu behar ditugu, halako oreka bat ezar dezaten sortzaileen eta sorkuntza horien erabiltzaileen artean, kontuan izanik erabiltzaile horiek sortzaile ere bihurtzen direla.