NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

"Pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten konponbide teknologikoak eskaintzen ditugu" · Asier Azaceta, Techabout-eko CTP

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:     Interesik gabekoa 4 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Asier Azaceta, Techabout-eko CTP

Deustuko ingeniari informatiko honek Bilbon sortutako Interneteko enpresa interesgarrienetako batzuetan lan egin du, hala nola, DeustoNet, ComuNet edo Kristina Internet-en. Habidite Technologies-ko Sistema Domotikoen arduradun izan ondoren, ekintzaile bihurtu zen Techabout-en bidez, non pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko konponbideak eskaintzen baititu gauzen Internet edo ingurumen-adimena bezalako teknologiekin.

Nola sortu zen enpresa eta nortzuk parte hartu zuten sorkuntzan? Nola finantzatu zen?

Techabout gure buruan ernaldu eta hazi zen hainbat urtetan zehar; lan ingurune propioa sortu nahi genuen eta azkenean Montse Fernández eta biok egin genuen, BEAZen eta Deustu Fundazioaren laguntzaz. Hain zuzen, Techabout Deustu Fundazioaren spin-out bat dela esan liteke.

Bazkideen funts pribatuen bidez finantzatu genuen: gu biok, Fundazioa bera eta beste bi bazkide partikular.

Nola erabaki zenuen enpresari bihurtzea?

Egia esan atzeragotik datorkit ekintzailetzarako harra, duela 14 bat urtetik, Interneteko zerbitzuak eskaintzen zituen beste sozietate baten sorkuntzan parte hartu nuenetik. Zoritxarrez goizegi iritsi ginen merkatura eta ezin izan genion behar adina eutsi.

14 urtez aritu naiz lanean inoren kontura, paper oso desberdinetan eta tamaina edo sektore desberdinetako enpresetan eta orain, nire izaera inkonformista honek lehengo har hari jarraitzera bultzatu nau. Beti egon da hor eta horregatik saiatu naiz gauzak beste era batera egiten.

Azken bi urteotan baldintza egokiak eman dira ekintzailetzan murgiltzeko eta horrelako aukerak paretik pasatzen zaizkizunean aprobetxatu egin behar dira.

Zeintzuk izan dira enpresaren lorpenak?

Urtebetez gogor lan egin ostean, orain hasi gara lehen emaitzak ikusten: bezero berriak lortu ditugu domotika eta inmotika zerbitzuen linean eta, horrez gain, atsegin handiz ikusi dugu lehendik existitzen direnak itzuli egiten direla.
Bestalde, gure lehen produktua izango denaren prototipoa garatu dugu, bere bideragarritasun teknikoa frogatu dugu eta apur bat gehiago hurbildu gara merkatura eta inbertsiogileengana.

Zein da zuen jarduera? Produktu propioren bat garatu duzue?

Techabout enpresan pertsonen bizitza errazteko teknologia gardenak sortzen ditugu, hau da: eguneroko arazoentzako konponbide teknologikoak garatzen ditugu, pertsonek teknologiaren abantailak baliatu ditzaten beren ohituretan ezer aldatu gabe; horregatik gustatzen zaigu esatea "Techabout is not about tech".

Sortzen ari garen proiektuetan teknologia eta emozioak nahasten dira, erabiltzaileentzat giro adimendun bat sortuz. "Giro" diogunean esan nahi dugu espazio bat, non pertsona batek ingurunearekin elkarreragiten duen: etxea, bulegoa, autoa, bilera bat edo hitzaldi bat. Hau da, pertsona baten bizitzako edozein esparru, non teknologiak gauzak errazago egin baitiezazkioke.

Filosofia horrekin, une honetan bi lan ildo dauzkagu:
* Batetik domotika eta inmotika instalakuntzak egiten ditugu, etxebizitzen, eraikinen, bulegoen, eta abarren kudeaketa eta kontrola automatizatuz. Jada helduta dauden teknologia horiek merkatura hurbiltzen ditugu, baina ez dugu botoi eta pantailaz jositako espazio-ontzi antzeko ingurune bat sortu nahi; gure asmoa da erabiltzaileek lan gutxiago egitea, erosoago egotea eta energia aurreztu dezatela. Era berean, prestakuntza ziurtagiriak lortzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiegu sektore horretako profesionalei.

* Bestalde, zerbitzu enpresa baino gehiago produktu enpresa izan nahi dugunez, ekitaldietan parte hartzeko eta gainerako parte-hartzaileekin erlazionatzeko dugun modua aldatuko duen sistema berri bat sortzen ari gara. Antolatzaileei ere balioko die ekitaldia kudeatzeko eta bertan gertatzen denaren feedback-a jasotzeko. Oraingoz ezin dugu gehiago esan publikoki, baina urtean zehar merkatura aterako dugula espero dugu.

Gainera, geratu gabe ari gara ikerkuntza lanean eta datozen urteetan garatuko ditugun produktu eta prototipoak asmatzen ari gara.

Maila teknologikoan, sistema integratuekin, haririk gabeko sentsore sareekin, Gauzen Internetekin eta Ingurumen Adimena bezalako teknologiekin lan egiten dugu, beti ere gure filosofiari jarraiki, hau da, dena gardena izan dadila erabiltzailearentzat.

Nolakoak dira zuen bezeroak? Zeintzuk dira zuen merkatu nagusiak?

Gure produktu eta zerbitzu zorroan halako dikotomia bat dugunez, gure bezero eta merkatuak ere bi taldetan bereizi ditzakegu.

Domotika eta inmotikari dagokienez, azken bezero partikularrekin lan egiten dugu edo beren bezeroentzako sistema domotikoak integratzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiegu beste enpresa batzuei. Arlo horretan esan genezake eskualdeko merkatuan mugitzen garela gehienbat, iparraldeko zonaldean lan egiten dugu eta akordio nazionalen bat edo beste ere badaukagu martxan.

Fabrikazio propioko gure lehen produktuarekin ekitaldien sektorera zuzendu gara. Ia edozein ekitalditarako balio dezake, produktua malgua eta sendoa baita. Sektore horren barnean nazioarteko proiekzioa lortu nahi dugu, gure fabrikazio gaitasunaren eta beraz atzematen dugun inbertsio kopuruaren araberakoa.

Zeintzuk dira zuen lehiatzaile nagusiak?

Ekitaldietarako garatu dugun produktuaz ari bagara, ez dago lehiatzaile zuzenik, hau da, ez dago guk egiten dugun gauza bera egiten duenik. Hori bai, egia da merkatuan badaudela gure produktuak eskaintzen dituen funtzionalitateetako batzuk estaltzen dituzten produktuak, baina ez dago denak barne hartzen dituenik eta gainera beste filosofia bat dute. Nolanahi ere, lehiatzaile gutxi dago; lehiakide zuzentzat jo ditzakegun bi edo hiru enpresa daude mundu osoan, baina bezeroen premiak nondik nora doazen ikusita, datozen urteetan gehiago sortuko dira ziurrenik. Baina guretzat ez da oztopoa, aukera baizik; horrek erakusten du merkatua badagoela eta aktore eta produktu berrientzako tokia daukala.

Zerk bereizten zaituzte gainerako lehiatzaileengandik?

Uste dugu bi ardatzetan bereizten garela gure lehiakideengandik: lehena, filosofia eta produktuaren funtzionalitateak dira, izan ere Techabaout enpresaren filosofiari jarraiki sistema eta gailua sinple-sinpleak dira, ez dago teknofilo izan beharrik eta beraz eszenatoki desberdinetan erabil daiteke, hala nola hurrengo "tech-show"an edo 3. adinerako bidaia batean.

Bigarrena, produktuaren eta bere hedapenaren prezioa da; hor benetan erasokor izan nahi dugu ekitaldi antolatzaile guztiek errentagarritasuna atera diezaioten inbertsioari.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Orain daukagun erronka nagusia industrializazio faseari arrakastaz ekitea da eta errepikatzen ez diren ingeniaritza kostuak (NRE) oztopo garrantzitsua dira fabrikaziora iristeko. Une honetan, prototipo aurre-industrial bat lortu nahi dugu, inbertsiogile-gaiek produktuaren potentziala ikus dezaten. Espero dugu horrekin lortuko dugula behar dugun finantzaketa.

Nola ikusten duzu sektorearen etorkizuna?

Gure produktu/zerbitzu zorroa dela medio, ikuspegi bikoitza daukagu.

Alde batetik, domotikaren sektorea daukagu, zeinak Estatuan bide luzea egin badu ere ez baitu abiadura handirik hartu; jakina, egungo egoera ekonomikoak eta higiezinen sektoreko krisiak ez diote asko lagundu, diziplina hau alor horrekin estuki lotuta baitago.

Orain arte domotika eta etxebizitza edo eraikinen automatizazioa oro har luxuarekin lotu izan dira etxebizitza partikularrez ari bagara edo energi aurrezkiarekin erabilpen profesionaleko eraikin eta lokalez ari bagara.

Bitxia bada ere, bezero batek 1000 edo 2000 € ordaintzen ditu zirkinik egin gabe 5 edo 10 urte iraungo dizkion auto batek dakarren estra bakoitzeko. Baina oraindik ez dago prest gure sektorean portzentualki askoz baxuagoa den inbertsio bat egiteko, zeinak bizitza erabilgarri askoz luzeagoa baitauka eta gainera energia aurrezten eta etxebizitza erosoago egiten eta hobeto kontrolatzen lagunduko baitio.
Horrek argi eta garbi erakusten du merkatua oraindik ez dela heldu. Duela urte batzuk jendeak oraindik deskontua aukeratzen zuen autoko aire girotuaren ordez; gaur egun, ordea, ez da aukerarik ere eskaintzen. Datozen urteetan etxeko domotika "luxu" izatetik premia izatera pasako da.

Sektore profesionalean, hau da, ehunka argi eta etengailu, hamarka girotze makina eta korridore, konta ezin ahala bulego edo lanpostu kontrolatu behar diren tokietan, automatizazioa dagoeneko premia bat da, baina obra handiak egiteko murrizketa gehien dituen partida ere bada. Zorionez, gero eta kontzientziatuago gaude energia aurrezteko kontuarekin, eta nazioko eta Europako legerietan ere nabari da kontzientziazio hori. Datozen urteetan egingo diren obra berrietan ziurrenik derrigorrezkoa izango da zenbait optimizazio eta automatizazio elementu sartzea.

Eskaintzen ditugun gainerako produktuei dagokienez, bai garatzen ari direnak eta bai ikertzen ari garenak, elektronikaren, Interneten eta gauzekin edo teknologiarekin erlazionatzeko dugun moduaren ingurukoak dira. Beste iraultza handi bat bizi dugu, teknologia bere ohiko espazio eta formatuetatik ateratzen ari da eta hiritarrarengana hurbiltzen pixkanaka, askoz ere modu humano, intuitibo eta emozionalagoan elkarreraginez. Techabout enpresa aldaketa-prozesu horren barruan dago, eragile aktiboa da eta horregatik pentsatzen dugu etorkizun handia izan dezakeela.

Nolakoa da informatikaren panorama Euskadin?

Uste dut Euskadin baditugula ongi prestatutako informatikari profesionalak, baina gehienbat zerbitzuetara eta hirugarrenei saltzeko produktuetara bideratutako lanetan jardun dute. Horrek sortzen duen enpresa sareak menpekotasun handia du eskulanarekiko eta beraz gero eta merkeagoa izatea bilatuko du. Bestetik, hirugarren teknologiarekiko menpekotasuna ere sortzen du.

Uste dut Euskadin informatika arloko profesionalen kontzentrazio ona dugula eta teknologia berriak sortzea ahalbidetu behar luketen faktoreak dauzkagula, esaterako, Teknologi Zentroak eta laguntza publikoak. Hain zuzen, jada ikusten ari gara teknologia sortzen duten euskal enpresak sortzen ari direla, enpresa sareari balio erantsi gehiago eta seguruagoa eskainiz. Baina uste dut bide luzea dugula egiteko. Garrantzi gutxiago eman behar diegu epe laburreko errentagarritasunari eta marjinei eta horren ordez gauza berriak sortu behar ditugu mundu mailako trakzio indar bihurtuz; ezin dugu beti besteen menpe egon.

Zer egin dezakegu Euskadin ekintzaile gehiago egon daitezen?

Nire ikuspuntutik hiru esparru hobetu behar dira: hezkuntza, laguntzen banaketa eta inbertsioaren filosofia.

Funtsezkoa da gure gizartea ahaleginaren eta arriskuaren filosofian heztea, konformismoa eta segurtasun faltsua sustatu beharrean. Porrota onartzen eta daukan balioa ematen ikasi behar dugu. Urrats hori ematen ez dugun bitartean, ez gara arriskatzeko gauza izango eta beraz ezingo dugu ekintzailetzan jardun edo inbertitu.

Bestalde, gure komunitatean laguntza publiko ugari badauzkagu ere, arazoak izaten ditugu laguntza horiei zuku guztia ateratzeko. Enpresa sarea sortzen ari gara, ikertzen, garatzen eta berritzen, baina laguntza publikoek kasu askotan hirugarrenekin lan egitera eramaten gaituzte eta hirugarren horiek egiazki ez digute ezer asko ematen. Edo bestela, zerbitzuak azpikontratatu behar izaten ditugu, jakinik hobe izango litzatekeela zerbitzu horiek enpresan bertan garatzea eta giza kapital handiagoa sortzea kostu askoz ere txikiagoarekin.

Azkenik, inbertsiogileak daude. Beste latitude batzuetan gertatzen ari den bezala, hemen ere "erantzukizun soziala" duten inbertsiogile pribatuen oinarri bat sortu behar da, epe laburreko irabazi azkarraz haratago joan daitezen eta inbertsioa epe luzeagoan itzuliko dieten ekimen egonkorragoak bultza ditzaten. Horrela, Euskadirentzat nahi dugun enpresa- eta industria-sarea sortzen lagunduko ligukete: teknologia propioak eta negozio sendoak bultzatuko dituena, eta ez inportatuak edota inbertsio gutxi behar duten software errepikapen azkarrak, itzulera azkarrekoak eta bizitza laburrekoak.

Euskadin hazi kapitaleko funts bidezko inbertsio publiko handia egiten da, baina ezin ditu %100ean estali enpresa berrien inbertsio premia guztiak eta ekintzaile batentzat gaur egun epe ertain eta luzerako ikuspegia duen inbertsio pribatua bilatzea da aukera bakarra, finantza erakundeek ia ez dutelako krediturik ematen ekintzailetzarentzat. Uste dut garatzen ari diren herrialdeetan halako indarra hartu duen "mikrokredituen" eta "banka sozialaren" eredua aplikatu daitekeela gure ingurunean ere; horrek aukera emango luke Euskadin enpresa berri asko garatzeko.

  • Data: 2011/08/31



ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: