Nola sortu zen Webalianza?
Webalianza 2004an jaio zen, bi enpresa elkartu zituen marka komertzial modura: Praetorians eta Hiruartean. Biek bat egin zuten enpresei Software Librean oinarritutako zerbitzuak eskaintzeko. Baina gaur egungo Webalianza 2007an sortu zela esan liteke, hiru urteko hazkunderako oinarriak ezarri zituen 2007-2010 Plan Estrategikoarekin batera.
Gaur egun Webalianza kultura propioa duen enpresa garrantzitsua da, hainbat espezialitatetako zortzi lagun gabiltza bertan lanean eta bezero-zorro egonkorra daukagu. Ez da asko geratzen 2004ko bat-egite hartatik.
Zertan dihardu gaur egun Webalianza enpresak?
Bi negozio ildo nagusi dauzkagu: aplikazio eta sistemen garapena.
Aplikazioen garapenean, lehentasuna ematen diogu gure bezeroen negozio prozesuak mekanizatzeari; antolakundeen faktore bereizgarria islatzen duten aplikazioak sortzen ditugu eta prozesu horiek optimizatzen ditugu arinagoak eta eraginkorragoak izan daitezen.
Sistemen arloan, berriz, estaldura ematen diegu erakundeetako informazio teknologien azpiegiturei, ez bakarrik martxan jartzen direnean, baita gero ere, euskarria eskainiz etengabe. Hainbat arlotako konponbideak eskaintzen ditugu: konektagarritasuna, datu zentroen kudeaketa, birtualizazioa, mezularitza eta identitate sistemak eta biltegiratzea. Gainera, azpiegitura horientzako euskarria ere eskaintzen dugu.
Beste eremu batean ere hasi gara lanean: Gaia Net Exchange proiektuaren barruan, plataformak garatzen ditugu datuen konektagarritasunerako eta dokumentu moten ezarpen nahiz kudeaketarako, helburua delarik negozioari buruzko informazioa trukatzea.
Zer da Gaia Net Exchange?
Gaia Net Exchange dokumentuak trukatzeko plataforma bat da, enpresei aukera eskaintzen diena informazioa automatikoki trukatzeko. 2006an sortu zen Gaia-ko software batzordeak eginiko bilera batzuen ondorioz. ERPen arloan lehiatzen diren enpresa batzuk elkartu ziren, beren bezeroek negozioari buruzko informazioa truka zezaten eta datuak behin eta berriro sartzen ibil ez zitezen. ERPrik fabrikatzen ez dugun arren, interesgarria iruditu zitzaigun aukera hori gure bezeroen prozesuak hobetzeko.
Eskaera dokumentuak, albaranak eta fakturak partekatzea pentsatu genuen. Hala, ERP horiek erabiltzen dituen bezeroak formatu elektronikoan jaso dezake aipatu informazioa eta zuzenean grabatu ERPan, datua berriro sartu beharrik gabe. Denbora aurrezteaz gain, akatsak ere nabarmen murrizten dira.
Zein fasetan dago proiektua une honetan?
ERP sistemetarako plataforma eta konektoreak dagoeneko amaituta daude eta orain konponbidea merkaturatzeko fasean gaude. Proiektua eboluzionatzen ari da, komunikazio kanal unibertsal bat sortzen ari gara hainbat hornitzaile eta informazio kontsumitzailerekin: banka, administrazioa, zerbitzu logistikoak, EDI sareen integrazioa...
Une honetan Gaia Net Exchange-ek 13 enpresa bazkide dauzka eta duela gutxi Oasis fundazioan sartu gara. Oasis ezaguna da OpenDocument estandarragatik, baina, horrez gain, lan garrantzitsua egiten du Web Service deiturikoen munduan eta UBL bezalako XML negozio dokumentuen arloan.
Nola sortzen da Webalianza-rentzako negozioa?
Sistema heterogeneoei buruzko ezagutza asko metatzen ari gara, esaterako, ERP txikiak eta bankuetako sistemak; gauzak nola egin ikasten ari gara, ez daitezen egon azpian daukan teknologiaren edo balio-kateko negozio prozesuen menpe (garraioa, eskaerak...).
Informazio horrek guztiak elikatzen ditu gure bi negozio ildo nagusiak eta horrela prestatzen gara erabakigarriak diren sistemei euskarria emateko, gainera ikusgai geratzen dira antolakundeetako prozesu patroiak. Guretzat aukera bikaina izan da kanpora begiratu eta Interneten dagoeneko existitzen diren estandarrak (adibidez UBL 2.0) barneratzeko; eta orain enpresak horietaz balia daitezke. Ez dago gurpila berriro asmatu beharrik.
Hasieran, Webalianzak software librearen esparruan jardun zuen. Nola sartzen dira proiektu hauek hasierako filosofian?
Konturatu gara software libreak ez daukala zentzurik bezeroarengan pentsatzen ez bada. Akats bat egin genuen, software librea jarri genuelako azken helburu bezala, halako moldez non merkatu espezialista batera bakarrik bideratzen baikenuen gure eskaintza. Nazkatu ginen behin eta berriro ereduaren abantailak saltzeaz eta hainbat erakunde, gainera, ez zeuden ados ereduaren filosofiarekin.
2007an epe luzerako proiektu baten oinarriak ezartzea erabaki genuen, bikaintasun teknikoan eta bezeroen asebetetzean oinarritutako apustua eginez. Gure bezeroen negozioa hobetzea hartu genuen helburutzat eta software librea erabili genuen horretarako.
Beste zein eboluzio nabaritu dituzue une honetan enpresen informatika arloan?
Ikusten dugu informatikariaren papera aldatzen ari dela. Hasieran, erakundeko gizon garrantzitsuena zen, baina pixkanaka Office instalatu eta euskarria ematen zuen finantza zuzendariaren agindupeko langile bihurtu zen. Orain jatorrira itzultzen ari gara eta informatikaria zuzendaritza orokorretik hurbil dago berriro ere. Negozioak teknologiara hurbildu behar du, erronkentzako erantzunak eta konponbideak bilatu nahi baditu.