NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

"Ingeniaritza matematikoa egiten duen Europako enpresa bakarretako bat gara" · Sergio López, Mathlan Matematika enpresako zuzendaria

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:     Interesik gabekoa 3 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Sergio López, Mathlan Matematika enpresako zuzendaria

Sergio López Matematikan lizentziatu zen eta Software Garapeneko masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean, eta gero Panda Security enpresan lan egin zuen 2008an MathLan Matematika sortu baino lehen. Fundatzaileek Cambridge Unibertsitatea bisitatu zutenean sortu zen proiektu hau, zeinaren helburua baita enpresetako prozesuak eta kalitatea hobetzea ingeniaritza matematikoa eta adimen artifiziala erabiliz.

Nola sortu zen enpresa eta nortzuk parte hartu zuten sorkuntzan?

MathLan sortzeko ideia sortu zen, bere ideologoek Cambridge unibertsitate ingeleseko matematika fakultatea bisitatu zutenean. Zentro hori erreferentziazkoa da ikerketan, lankidetzan eta ezagutza teknikoak enpresa munduari aplikatzeari dagokionean. Ingalaterratik itzulitakoan, ingeniari batez, ekonomista batez eta matematikari batez osatutako talde fundatzailea bideragarritasun ikerketak egiten hasi zen eta enpresa osatuko zuten langileak ebaluatu zituen. Handik hilabete batzuetara, MathLan Matematika sortu zen Eibarren. Bilbon zuen bulegoa, Bilboko komunikazioak aprobetxatu eta enpresa kopuru handiagoarekin lan egin ahal izateko.

Nola finantzatu zen?

MathLan bazkideek jarritako kapital pribatuarekin eratu zen eta lehenengo urtean CDTI erakundeak I+G-n intentsiboa den enpresa berritzaile gisa sailkatu zuen. Hala, NEOTEC bat jaso zuen enpresa sortzen eta sendotzen laguntzeko. MathLan-ek I+G proiektuak aurkezten ditu urtero hainbat laguntza programatara, ikerketaren zati bat finantzatzeko eta euskal enpresen sarean sartzeko.

Zeintzuk izan dira enpresaren lorpenak?

MathLan-en lehen lorpena izan zen I+G-n intentsiboa den enpresa gisa sailkatua izatea eta CDTIren NEOTEC bat jasotzea. Hori da gure enpresa askok ezagutzen ez dituzten teknologia indartsuak babesteko modu bat. Beste lorpen handienetako bat Deustuko Unibertsitateko Deustokabi enpresa haztegian sartzea izan zen. Gaur egun, han lan egiten dugu enpresa kolaboratzaile gisa eta lotura zuzenagoa daukagu zientziaren, teknologiaren eta enpresaren artean.

Zein da zuen jarduera?

Europan gutxi dira ingeniaritza matematikoa lantzen duten enpresak eta MathLan da horietako bat. Bere negozioaren ardatza da baliabideak, zerbitzuak eta produktuak optimizatzea matematika aplikatuaren, adimen artifizialaren eta estatistikaren bidez. MathLan enpresak tresnak eta algoritmoak garatzen ditu optimizatzeko, simulazioetarako, pertsonak sailkatu eta banatzeko, baliabide ekonomikoetarako, makinentzako..., hots, egunero erabiltzen den teknologia bat da, gizonak darabiltzan gailu eta zerbitzu gehienetan dagoena.

Adimen artifiziala ere jorratzen du eta hori ikusmen artifizialean aplikatzen du pertsonak, ibilgailuak eta abar detektatzeko, eta datuen meatzaritzan ere bai datu bolumen handietatik informazioa erauzteko eta horien portaerak aurreikusteko, meteorologoek eguraldia iragartzen duten bezalaxe sateliteek eta estazio meteorologikoek emandako informazioaren arabera.

Azken jarduera-eremua azterlan estatistiko profesionalizatuena da. Azterlan estatistiko profesionalizatuak ikerketa zentroentzat, ospitaleentzat, udalentzat eta beste hainbat erakunderentzat egiten dira, ezagutza estatistiko gehigarria eta emaitzen analisi alderagarri eta grafikoki erakargarria behar dutelako.

Produktu propioren bat garatu duzue?

MathLan-ek teknologia horretan oinarritutako hainbat produktu garatu ditu, esate baterako:

- EduPlan University, unibertsitate edo ikastetxeetarako eskola eta lan egutegiak planifikatzeko sistema bat da, zeinak milaka irakasle eta ikasleren ikasturteko txandak kudeatzen baititu modu errazean.

- SelectorSport Soccer kirol kudeaketarako tresna bat da. Real Sociedad klubarekin batera diseinatu zen futbolarien ezaugarri fisiko, objektibo eta subjektiboak ebaluatzeko eta teknikoki sailkatzeko, ordainsari ekonomikoen mugak finkatzeko, fitxaketak justifikatzeko, eta abar.

Zeintzuk dira zuen merkatu nagusiak?

Gaur egun MathLan merkatu nazionalean mugitzen da eta oro har EAEko enpresa eta erakundeekin lan egiten du. Dena den, MathLan-en jarduera mota dela eta, ez dago zehatz definitutako sektorerik; normalean foru aldundiekin, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin edota garraio sektoreko enpresekin lan egiten dugu, nagusiki burdinbideetakoekin.

Zeintzuk dira zuen lehiatzaile nagusiak?

Euskadin sektore desberdinetako enpresekin lehiatzen gara, esaterako, ingeniaritzekin edo I+G-ko gaitasuna duten informatika enpresa handiekin. Zeharka bada ere, gure lehiatzaile dira ikerketa zentroak, antzeko eremuetarako proiektuak garatzen dituztelako, baina haien helburuak guztiz desberdinak dira. Horregatik aliantza garrantzitsuak dauzkagu horietako askorekin, ikerketa pribatuko zerbitzu erantsiak eta merkaturanzko orientazioa eskaini ahal izateko.

Zerk bereizten zaituzte gainerako lehiatzaileengandik?

Gure konponbideak oro har konponbide informatiko arrunten antzekoak dira, baina mundu zientifikotik datoz eta haren zorroztasuna mantentzen dute. Hainbat unibertsitaterekin kolaboratzen dugu eta haien azterlanetan oinarritzen ditugu gure garapenak. Gainera, optimizazio eta hobekuntza sistemetan espezializatutako matematikari, fisikari eta ingeniariz osatutako lantaldea daukagu.

Gure sistemek eskaintzen dituzten erabaki guztiak frogatu ditzakegu eta ia edozein sektoretako egoera konplexuak simulatu eta konpontzeko gaitasuna dugu, hasi sistema mekaniko bateko tentsioaren analisitik eta kamera mugikorrekin matrikulak identifikatzeraino.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Gaur egun, gure erronka nagusia da enpresa eta erakundeei ezagutzera ematea zer nolako teknologia eskaintzen duen MathLan-ek eta zein abantaila dauzkan ohiko konponbide informatikoen aldean. Garatzen ditugun proiektu gehienak proiektu handiagoetarako erabaki sistemen barruan sartzen dira eta, beraz, enpresa gehienek ez dituzte hainbeste ezagutzen. Horixe da epe laburrera aldatu nahi duguna.

Nola ikusten duzu sektorearen etorkizuna?

Sektore berria da eta gorantz doa. Azken urteotan ingeniaritza matematikoko eta adimen artifizialeko enpresa berriak ari dira agertzen, nahiz eta merkatu itxiagoetarantz zuzentzen diren, esaterako, bankara eta aseguruetara. Baina ziurrenik multinazional handiek modu ikusgarriagoan sartuko dituzte zerbitzu horiek euskal enpresetan. IBM, Siemens eta Microsoft bezalako multinazionalek dagoeneko konponbideak eskaintzen dizkiete kontu handiei teknologia berbera erabiliz, beraz, denbora kontua da.

Nolakoa da informatikaren panorama Euskadin?

Nire ustez, Euskadik informatika enpresa garrantzitsuak dauzka, baina gutxi batzuk soilik espezializatu dira gure mugetatik kanpo lehiatzeko adina. Pentsatzen dut teknologia mugikor berriekin eta cloud computingarekin errazagoa izango dela negozio ereduak aldatzea eta beste merkatu batzuetara begiratzea, baina bide luzea dago oraindik egiteko. Euskadin hezkuntzarako informatika eta bideojokoen sektorea gu baino aurrerago doaz zentzu horretan.

Zer egin dezakegu Euskadin ekintzaile gehiago egon daitezen?

Interesgarria litzateke ikuspegi berri bat ematea enpresa ekimen berriak bultzatzeko moduari, sare sozialen eta hainbat erakunde edo organismo publikotako negozioen baliabideak erabiliz. Ekintzaile batentzat dirua ez da dena, zailtasunak izaten ditu merkatuan sartzeko eta enpresa abian jartzeko, eta gauzak asko erraztuko zaizkio, baldin eta beste enpresa sendo batzuekin harremanetan jartzeko edo sektoreko foroetara nahiz foro orokorretara joateko aukera badu. Beste herrialde batzuetan ez bezala, hemen ia ezinezkoa da zenbait enpresatara bakarka iristea aldez aurretik kontaktu-sare bat ez baduzu.

  • Data: 2011/10/03



ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: