NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

"Hasi gara Spyro nazioartean zabaltzen" · Beatriz Machiñena, Spyro enpresako marketin arduraduna

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:   Interesik gabekoa   7 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Beatriz Machiñena, Spyro enpresako marketin arduraduna

Spyro euskal liderretako bat da enpresako kudeaketa softwarearen arloan, indartsuenetako bat IKTen sektorean. Orain bi erronka ditu: nazioartean zabaltzea eta lainora migratzea.


Zer da Spyro?

Enpresako kudeaketa software bat da, fabrikazio propiokoa, eta duela 25 urte baino gehiago garatu zen lehen aldiz. Enpresa mota ororentzat balio du, baina esperientziak erakutsi digu komeni zaigula sektore desberdinetan espezializatzea konponbide espezifikoekin.

Nola sortu zen enpresa?

Lehenik, hardwarea saltzen zen eta softwarea osagarri bat baino ez zen. Garapenak egiten hasi ginen gaur egun garrantzitsuak diren enpresentzat eta aliatu handi horiekin batera egin dugu aurrera. Produktu propioa daukagun arren, produktu hori bezero bakoitzaren premietara egokitzen duen eremu bat dugu.

Zein da zuen merkatua?

Gure lurralde naturala beti Gipuzkoa izan da, eta 4 eta 60 milioi euro bitarteko fakturazioa duten bertako enpresa ertainei zuzendu gatzaizkie nagusiki. Baina Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan ere bagaude eta banatzaileen bitartez Espainiako Estatu osora hedatu gara. Banatzaileak ditugu Euskadin, Errioxan, Katalunian, Madrilen, Galizian, Extremaduran, Andaluzian eta Kanariar Irletan. Gainera, duela bi urte apustu estrategiko bat egin genuen eta nazioartean inbertitzea erabaki genuen, lehenbizi bezeroen eskutik eta orain bakarka.

Betiere produktu propioa eskainiz?

Lehen ad hoc konponbide asko egiten genituen gure bezeroentzat. Gero Praxis izeneko produktu bat merkaturatu genuen, 2000. urtean Spyro bihurtu zena eta geroztik hobetzen jarraitu du urtez urte. Spyro 11G da azken bertsioa.

Zein abantaila dauzka azken produktu honek?

Garrantzitsuena da edozein gailutarako balio duela eta grafiko mota desberdinak sartu dizkiogula, kudeaketa softwareak beste programa batzuen antza izan dezan. Gainera, Oracle datu basea sartu diogu. Guztira, azken bertsioak 100 funtzionalitate berri dauzka.

Konpainiako profesionalek aurkeztutako funtzionalitate berrien artean aipatzekoak dira hauek: proiektuen sorkuntza konfiguratua eta kontsulta berriak ezarri izana proiektuen dedikazioa aztertzeko (Proiektuak moduluan); Berankortasun Legeari egokitzea eta "zalantzazko" bezeroen zuzkiduren kudeaketa; edo Salmentak moduluko funtzionalitate berriak (eskaeren entregak, eskaintzak eta kaxen tratamendua).

Era berean, Biltegi moduluan ere funtzionalitate berriak sartu ditugu artikuluen mugimenduak kontsultatzeko (kokapenaren arabera, erabiltzaileen arabera, etab.); eremu lagungarri berriak garatu ditugu Erosketak moduluan eta ekarpen berriak egin dizkiogu Produkzio moduluari (kopuruak, kontrolak, material historikoak, etab).

Lainoan funtzionatzen du?

Oraindik ez. Aukera hori aztertzen ari gara Tecnalia-rekin batera, batez ere zein azpiegitura beharko dugun jakiteko eta saiakera txiki batzuk egin ditugu probatzen ari garen web konponbide batekin. Ikusi nahi dugu zein arazo ematen dituen, konponbideak bilatzeko beste enpresa batzuekin batera.

Oraingoz, ez dugu ERPa online eskaintzeko negozio eredurik. Gure bezeroa tradizionalagoa da eta ez dugu uste aldatu nahi duenik. Egia da mundua etengabe aldatzen ari dela, baina gurekin lan egiten duten enpresek kontrol handiagoa eduki nahi dute softwarean sartzen dituzten datuen gainean.

Agian hobeto funtzionatuko luke autonomoekin, baina gu ez gara bezero mota horiengana zuzentzen. Baita ere uste dugu lainoa aukera bikaina izan daitekeela nazioarteko merkatuetan sartzeko. Pentsatzen dugu produktua sinpletu dezakegula, izan ere beste herrialde batzuetan ez dute behar Espainiako merkatuarentzat egin ditugun modulu asko eta beraz produktu merkeagoa eskain dezakegu.

Hasi al zarete nazioartean zabaltzen?

Bezero batzuek gure zerbitzuak eskatzen jarraitzen dute Espainiatik atzerrira irtendakoan ere. Azken hiru urteotan konturatu gara prozesua geldiezina dela, eta horregatik Spyro hizkuntza desberdinetan eskaintzen dugu eta jatorri herrialdeetako legerietara egokitu dugu.

Orain arte gure bezeroei lagundu diegu atzerrian, baina ekintza zuzenik egin gabe. Orain aztertzen ari gara zentzuzkoa dela produktua beste herrialde batzuetan merkaturatzea. Prospekzioak egiten ari gara jakiteko zeintzuk interesatzen zaizkigun gehien.

Ez dago produktua egokitu beharrik?

Fakturazioarekin batera finantzen arloa da softwarea lokalizatzeko orduan burukomin gehien ematen diguna.

Eragin dizue krisiak?

Ez gara burbuila batean bizi. ERPak saltzen dizkiegu hemen dauden enpresei eta enpresa horiek arazoak dituzte. ERP bat inbertsio bat da eta agian beste batzuk baino beranduago konturatu gara, baina bai gainerako guztiei bezala iritsi zaigu guri ere krisia. Nire ustez nazioartean zabaltzea erabaki badugu, krisiagatik izan da.

Eta multinazionalen lehia?

Zenbait esparrutan zaila da ongi finkatuta dagoen marka batekin lehiatzea. ERP bat konfiantzagatik erosten da, eta ez da arinkeriaz hartzen den erabaki bat. Oso garestia da ezartzeko behar den diru kopuruagatik eta baliabideengatik. Egia da baita ere enpresa askok horren aldeko apustua egiten dutela produktu segurutzat daukatelako eta ez dutelako huts egin nahi. Baina gu beste balore batzuetan oinarrituta lehiatzen gara: espezializazioa, pertsonak eta lehendik ditugun eta gomendatzen gaituzten bezeroen konfiantza.

Zergatik daude hainbeste ERP fabrikatzaile Gipuzkoan?

Kasualitatea izan liteke, baina argi dago gure industria-sare indartsuak eragina izan duela.

  • Data: 2011/11/28



ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: