Nola sortu zen enpresa eta nortzuk parte hartu zuten sorkuntzan?
Mugikortasunarekin eta estandar irekiekin zerikusia duen ororen zale sutsua naiz, eta behin aztertu ondoren zein aukera neuzkan buruan nerabiltzan hainbat proiektu gauzatzeko, Iker Perez de Albenizekin hasi nintzen lanean Bizkaibus! proiektuan, proba modura. Ikusi genuenean proiektua bideragarria zela, ekimenari jarraipena ematea pentsatu genuen. Iker eta ni profil teknikokoak gara %120an eta, beraz, hirugarren kide bat behar genuen, Aitor nire anaia, buru komertziala dena. Formula oso egokia da.
Hainbat proiektutan lan egin dugu hirurok. Nik Accenture, Staples eta Ibermática enpresetan jardun dut. Aitor Jiménez Sarein Sistemas eta Ner Group konpainietako Berrikuntza arduraduna izan zen. Azkenik, Iker Perez de Albéniz Innovalia eta Panda Security enpresetan aritu da lanean.
Zerk eman zizuen azken bultzada?
Batez ere ikusi genuen bideragarria zela proiektuak sortzea estandar irekiak erabiliz, eta posible zela horrelako proiektuak gaur egungo "smartphone" gehienetan egotea.
Zeintzuk izan dira enpresaren lorpenak?
Erakunde publikoen (BEAZ, SPRI, EHU...) eta enpresa pribatuen (Sarein, Ibermática) babesa lortu dugu eta harreman kontratuak sortu ditugu. Gure ustez, lorpen handia da hiru gaztek abiarazitako proiektu bat erakunde horien gustukoa izatea eta haien laguntza aktiboa jasotzea. Gainera, Euskadi mailan ere jendea interesatuta dago mugikortasuna interpretatzeko dugun moduan.
Zein da zuen jarduera zehazki?
Tapquo enpresaren jarduera nagusia da mugikortasunaren garapena bere alderdi guztietan. Gure ustez, mugikortasuna ez da aplikazio informatikoak egitea pantaila/terminal txikiago baterako. Erabiltzaileak beste modu batean elkarreragiten du gailu mugikorrarekin. Are gehiago, erabiltzaile gehienentzat sakelakoa ez da lanerako tresna bat, baizik eta aisialdirako gailu bat, eta beraz, aplikazioak "sortzeko" moduak ere desberdina izan behar du.
Produkturen batean islatzen da hori?
Gure lehen produktuetako bat gure teknologia sortzea izan da, zeina estandar irekietan oinarritzen baita aplikazio mugikorrak garatu ahal izateko. "Coffee" deitzen diogu, kafe asko hartu behar izan genituelako ordenagailu aurrean formularen bila.
Gaur egun, TapQuo enpresako I+G laborategitik hainbat produktu propio atera dira. Adibideak jartzearren, argazki geo-posizionatuko plataforma bat garatzen ari gara (wall_app.com) erabiltzaileei gauzak errazteko. Garapen fasean daukagu baita ere "Social Analytics" deitu diogun beste plataforma bat, informazioa ematen duena negozio erabakiak hartzeko. Erabiltzaileak aplikazioarekin eta ingurunearekin duen elkarreraginean oinarritzen da.
Zeintzuk dira zuen bezeroak?
Erakunde publikoak nahiz bezero pribatuak. Esaterako, hainbat proiektu dauzkagu bankarekin eta marka komertzialekin... horra hor guztiz desberdinak diren bi mundu. Ez dizkiogu ezeri ateak ixten, batzuk gainera esploratu gabeko lurraldeak dira. Eta hori ikaragarri gustatzen zaigu.
Zeintzuk dira zuen lehiatzaile nagusiak?
Denak!! Enpresa asko daude garapenaren munduan dihardutenak, baina ez dira hainbeste soilik mugikorren munduan aritzen direnak. Eta are gutxiago bezeroaren gogobetetzea lortzeko "puntutxo" hori dutenak. Lehiatzaileak baino gehiago, nahiago dut jarraitu beharreko ereduak aipatzea. Guretzat eredugarri da Ideateca, jokoen mundu zoragarri horretan espezializatuta dagoen enpresa.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?
Gure erronka garrantzitsuenetako bat da posizionatzen jarraitzea eta mugikortasunaren garapenaren munduan erreferente izatea, alegia, gauzak egiteko eta ikusteko daukagun erak funtzionatzen jarrai dezala.
Uste dugu hemendik eta bost urtera, gaur egungo grina bera izango dugula... Ikaragarri gustatzen zaigu mundu hau, eskaintzen dituen aukera guztiengatik eta hemendik eta bost urtera irtengo diren gailuek eskainiko dizkigutenengatik. Ez dakit zer izango duen iPhone 10 edo iPad 8ak, baina ziur oso ongi pasako dugula horientzako gauzak sortzen.
Nola ikusten duzu sektorearen etorkizuna?
Argi dago mugikortasunaren mundua dela maila guztietan jarraitu beharreko bidea. 2013an mahaiko ordenagailuetan adina Internet kontsumituko da sakelakoetan. Horrek aukera berriak zabaltzen ditu, izan ere guk nahi ala ez, terminal guztiak 24 orduz Internetera konektatuta egongo dira eta guztiz aldatuko da zerbitzuak erabiltzeko dugun modua.
Esaterako, Googlek dagoeneko aurkeztu du mugikor bidezko ordainketa-pasabidea. Aurrerantzean, beste modu batera kudeatuko dugu dirua, plastikozko txartelean edukitzetik gailu mugikor batean edukitzera pasako garelako.
Nolakoa da informatikaren eta Interneten panorama Euskadin?
Euskadin Internet arloan aritzen diren enpresa teknologikoen nitxo handi bat dago. Milaka ekimen dago. "GTUG Bilbao" edo "WebDevBilbao" bezalako taldeetako kideak aldizka elkartzen gara geure esperientziez hitz egiteko, sinergiak edo proiektu berriak sortzeko eta hemen dauzkagun profesional bikainak ezagutzeko.