Nola otu zitzaizun Oparist2 sortzeko ideia?
Aspaldi neukan neure kabuz zerbait martxan jartzeko gogoa. Hasieran, asmo handiagoko ideia zen, nire lokal propioa zabaldu nahi bainuen. Baina langabezian nengoen, hipoteka bat neukan eta ez nuen posible ikusten. Hala ere, zerbaiti ekin nahi nion eta horregatik, teknologia berriak aprobetxatu ditut eta onlineko saltoki bat ireki dut, benetako proiektuaren giltza izango delakoan.
Nolako produktuak saltzen dituzu?
Opariak, dekorazio artikuluak eta artelanak (margoak, eskulturak), horietako batzuk neronek eginak.
Zerk bereizten du zure denda gainerako onlineko dendengandik?
Artikulu berezi samarrak edukitzen saiatzen naiz, ohiko saltokietan aurkitzen ez direnak. Gainera, ahalegintzen naiz moda komertzialei kasu handirik ez egiten, gustuari jarraitzen diot batez ere.
Zein zailtasun topatu dituzu proiektua martxan jartzean?
Arazo handiena diru falta izan da. Beste ekintzaile batzuekin hitz egitean ohartu nintzen horixe dela denok dugun arazoa: ideia eta proiektu bikainak daude, baina ez dago ideia horiek aurrera eramateko kapitalik. Ilusioarekin eta proiektuan emandako orduekin nahikoa balitz! Batzuetan, ordea, ez da nahikoa. Gogorra da lanik gabe geratu, aurreztu duzun apurra inbertitu eta dena arriskatzea aurrera irten ahal izateko.
Zein da zure merkatua?
Nire xede-publikoa oso zabala da, saltzen ditudan artikuluak ere era askotakoak direlako eta negozioa oparien inguruan antolatu delako. Noiz edo noiz beti tokatuko zaigu opari bat edo detaile txiki bat egin behar izatea. Guztiok daukagu konpromisoren bat noizbait.
Opariak Internetetik erosteak zein abantaila eskaintzen dizkio jendeari?
Garrantzitsuena nire ustez etxetik egiteko aukera da eta horrekin aurrezten den denbora, auto ilarak eta trafikoa saihesten ditugulako. Gainera, ordutegia zabalagoa da, Internet ez baita ixten.
Zein neurri bultzatu dituzu jendea Internet bidez erostera bultzatzeko?
Ordainketa metodo seguruak erabiltzen saiatu naiz. Enpresaren filosofia nagusia da inor konbentzitu beharrik ez izatea; bezeroengan naturalki izan nahi dugu eragina. Eurek ere ikusten dute erosketen emaitza ona dela, bai produktuen kalitateagatik eta baita ere jasotzen dutenean daukaten aurkezpenagatik.
Nola ikusten duzu merkataritza elektronikoaren merkatua gure inguruan?
Hazten ari da. Gero eta profesionalagoa eta espezializatuagoa da. Kontsumitzaile bezala, gero eta konfiantza gehiago daukat horrelako erosketetan. Agian emaitza onak izan ditudalako, eta nire bezeroei gertatzen zaien bezala, produktua jasotzean, erostean baino gehiago gustatzen zaidalako.
Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Proiektua hasieran pentsatu bezala gauzatzea, hau da, Gasteizen neure lokala zabaltzea. Hainbat ideia dauzkat eman nahi diodan ikuspegiaren inguruan eta uste dut ongi funtzionatu dezaketela. Egunen batean argia ikusiko ahal du!
Gainera, ekainean Docout enpresarentzat lanean hasi naiz, Gasteizen ireki berri duten zentroan. Sailkapen zentroko arduraduna naiz eta hazkunde prozesu betean gaude.