Nola iritsi zinen CERNera?
2008aren amaieran Santiago de Compostelako Galiziako Konputazio Zentroan (CESGA) lanean ari nintzela, nazioarteko organismoetarako espezializazio beken deialdia argitaratu zuten. Bi urteko 45 beka eman zituzten (CERN, ESA, ILL, etab.) eta aukera aprobetxatzea erabaki nuen. CERN zentroa jarri nuen lehen aukera bezala, beti nahi izan dudalako han lan egitea. 2009ko ekainean jakinarazi zidaten beka eman zidatela eta urte bereko urrian hasi nuen abentura txiki hau, oraingoz gutxienez beste bi urtez luzatuko dena.
Zertan desberdintzen dira zentro horretako ikerketak eta beste batzuetakoak?
Beste ikerketa zentro batean baino ez naiz egon (CESGA), baina nire ustez desberdintasun handiena tamaina da, izan ere zentro batek 50 langile dauzka eta besteak 10.000, eta baita ere hizkuntza eta kultura anitzeko ingurunea. Hemen egiten dugun guztiak sekulako eragina du munduan, milioika begi dauzkagu guri begira deskubrimendu berri baten zain edo akatsen bat noiz egingo, zeren gaitzespenak ere entzuten ditugu.
Han sortu zen World Wide Web (WWW). WWW sortu izanak arrasto sakona utzi du zentroan?
Bai, dagoeneko 20 urte igaro dira lehen web orria sortu zenetik. Eragina ikaragarria izan da; CERN da Interneten oinarrian dagoen guneetako bat eta bere garaian handik pasatzen zen Interneteko trafiko gehiena. Webarekin lotutako proiektuak ugariak eta era askotakoak dira. Gainera, atari desberdinek kudeatzen dituzte egiten ditugun tramite ia guztiak eta hori ere logikoa da, zentroaren tamaina handia da eta. CERN izan da baita ere Grid eta Cloud Computing sistemen aitzindaria.
Internetekiko interes gehiago dago CERNen?
Nik uste dut gaur egun Internetekiko interesa globala dela. Egiten dugun guztia dago Sarearekin erlazionatuta, dela posta elektronikoarekin, sare sozialekin edo dela bat-bateko mezularitzarekin, betiere berrikuntzaren ikuspegitik. Lehen esan bezala, CERN aitzindaria da Interneten arloan eta harekin lotutako kontzeptu berriak sustatzen ditu. Ni neu web proiektu batean ari naiz lanean.
Orain zertan zabiltza?
Indico (Integrated Digital Conference: http://indico.cern.ch) izeneko proiektu batean ari naiz. Ekitaldiak programatzeko eta antolatzeko aplikazio bat da: aurkezpen sinple bat, bilera konplexuak, workshopak edota saioak eta ekarpenak dituzten hitzaldiak. Indico ekimenean erabiltzailearentzako delegazio mekanismo aurreratu bat ere lantzen dugu eta, besteak beste, paper berrikuspena ere bai. Gainera, bilera aretoak (170 baino gehiago) erreserbatzeko aplikazio ofiziala da, CERNen oso gustuko baitugu bilerak egitea :-). Tresna hori CERNeko produkzioan erabiltzen da, non egunean 150.000 ekitaldi eta 14.000 bisitari baino gehiago erregistratzen baitira. Gainera, mundu osoko 100dik gora institututan dago ezarrita: Fermilab, DESY, INFN...
Zer ekarriko zenuke handik Euskadira?
Gauza asko ekarriko nituzke. Lan baldintzak bikainak dira, bakoitzaren prestakuntzarekin bat datozen soldatak dauzkagu. Genevako eta oro har Suitzako bizi-kalitatea ere ekarriko nuke. Genevak goi-mailako kalitateko azpiegiturak eta zerbitzuak dauzka. Eremu berde asko eta aisialdi gune ugari ditu; udan guztiz aldatzen da eta era askotako jarduerak egiteko aukera eskaintzen du. Hemengo hezkuntza maila bikaina da eta baita ere zibismoa; batzuetan hain zuzen hori da guri falta zaiguna.
Nola aldatu du esperientzia honek zure bizimodua?
Alderdi guztietatik aldatu du, bai profesionalki eta bai pertsonalki. Ikuspegi profesionaletik, munduko ikerketa zentro on eta garrantzitsuenetako batean nago, azken teknologiekin egiten dut lan eta inguruko guztiengandik ikasten dut. Gainera, bizi kalitate bikaina duen hiri multi-kultural batean bizi naiz eta adiskide handiak egin ditut. Niretzat oso esperientzia aberasgarria da.
Zertan hobetu dezakegu?
Euskadiko eta Espainiako arazo nagusia da batzuetan ikerketako dirua ez dela ongi inbertitzen. Kontua ez da diru gehiago jartzea, baizik eta jartzen dena hobeto erabiltzea. Baina, horrez gain, diru gehiago inbertitu behar da, ikerlarien lan baldintzak hobeak izan daitezen eta burmuin-ihesik gertatu ez dadin. Ikerlarientzat erakargarria izan behar du eta normalean ez da hala izaten. Gainera, uste dut zentroek gehiago atera behar dutela nazioartera, Euskadira mugatu beharrean; globalago pentsatu behar dute.
Bestalde, sarritan bekak edo diru-laguntzak ematen direnean ez dira kasuak banan-banan aztertzen eta eman ondoren ez da jarraipenik edo ebaluaziorik egiten. Esate baterako, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko beken kasuan (nik lehen neukana bezalakoa), periodikoki kontrolatu behar da bekadunaren errendimendua, diru kopuru handiak ematen dira eta. Eta alderdietako bat gustura ez badago, arazoa konpontzen saiatu behar da.