Bizkaiko Ingesit enpresak, batez ere sistemen mantenimendua egiten duenak, bere zerbitzu katalogoan sartu ditu, batetik, cloud computinga eta birtualizazioa eta, bestetik, segurtasun informatikoko zerbitzuak. Luis Miguel Manzanedok -Ingesiteko zuzendarietako batek- esan bezala, "krisiarekin, bezeroek zerbitzu emateko modu berriak eskatzen dizkigute, batez ere bermerik galdu gabe aurrezteko".
Egia esan, birtualizazioari eta lainoari esker -elkarri hertsiki lotuta dauden bi fenomeno-, ez da zerbitzari propiorik behar eta horrek ikaragarri merkatzen ditu mantenimendu kostuak. "Gure bezero askok informatika sailak kendu dituzte beren enpresetatik eta nahiago izan dute sistemen mantenimendua azpikontratatu edo lainoa erabili. Horrela, hardwarearen mantenimendua, energia eta langile kostuak aurrezten dituzte", azaldu zuen Manzanedok beren zerbitzuen gorakada justifikatzeko.
"Jada ez da aldez aurretik ordaintzen balioko dizun ere ez dakizun makina bat erosteagatik", erantsi zuen. Gehien eskatzen den zerbitzuetako bat aholkularitza da, jakiteko zein aukera dagoen azpiegitura teknikoetan, zenbateko gastuak dituzten eta datuak galtzeko arriskurik dagoen.
Lainoko zerbitzariak eskaintzeko, Ingesit-ek bere DPZ (Datuak Prozesatzeko Zentroa) propioa dauka Leioan, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Leioatik bertatik, besteak beste faktura elektronikoa, dokumentuen zaintza, urruneko backup-a eta segurtasun informatikorako beste hainbat aukera. "Enpresa batek zenbait operazio ziurtatu behar baditu, hor gaude gu", azaldu zuen Manzanedok.