EBko gobernuek sortzen duten informazio guztia “aska” dezatela nahi du Europako Batzordeak. Horrela, enpresa eta hiritarrek informazio hori berrerabil dezakete datu publikoetan oinarritutako produktu berriak sortzeko. Datu publiko horiek era askotakoak izan daitezke: eguraldi iragarpenak, mapa sistemak, atari turistikoak, lehiaketa publikoak, estatistikak, eta abar.
Batzordearen kalkuluen arabera, informazio horrek 27.000 milioi euro balio du, eta ezin ahantz dezakegu, gainera, informazio hori zabaltzeak guztiontzako ongizatea ekarriko duela. Baina oso jende gutxik berrerabiltzen ditu datu horiek, izan ere, gehienetan ilegala baita edo tramite oso konplexuak eskatzen baititu.
Batzordeak hainbat herrialdetako egoerari buruzko txosten bat argitaratu du. Informazioa berrerabiltzeko oztopo nagusiak dira erabiltzaileen arteko diskriminazioa, tarifa oso handiak, lizentziak tramitatzeko zailtasunak eta enpresa eta hiritarrek informazio horretaz duten ezagutza murritza.