Zer enpresa-mota izan duzue jomugan liburu honetan?
Industria-enpresak, batez ere; asko begiratu baitiogu produkzioari eta fabrikazioari. Eta enpresa handiez gainera, enpresa txikiak eta ertainak (ETE) ere bai. Izan ere, multinazionalek dagoeneko garatuak dituzte ereduak eta estrategia, eta duela urte batzuk ekin zioten nazioartekotzeari. Baina ETE asko orain ari dira berrikusten beren nazioartekotze-estrategia, kanpo-merkatuetara joatea merezi ote dien aztertzen.
Zer helburu du lan honek?
2006an gaia jorratzen hasi ginenean, konturatu ginen, nahiz eta EAEn nazioartekotze-prozesuetan esperientzia handia egon (ordurako 107 enpresak zituzten ekoizpen-instalazioak kanpoan), oraindik ez zegoela inon bilduta; ez zegoela nolabaiteko kontsulta-gidarik. Hau da, zer gauza berrikusi behar diren, zer arazo izaten dituzten kanpora joaten diren enpresek... Batez ere, kanpoan ekoizpen-instalazioak egin behar diren kasuetan sakondu dugu; ez gara hainbeste tematu negozio-estrategiarekin, baizik eta, behin nora joan erabakita, instalazioak eta hornitzaileen sareak nola garatu. Orduan, esango nuke gure ekarpena zera dela: kontsulta-gida bat egin dugu, atzerrira zabaltzea pentsatzen ari diren enpresei erabakiak hartzen laguntzeko analisian eta diseinuan.
Jardunbide egokien berri ematen duzue gidan. Baten bat aipatuko al zenuke?
Adibidez, nazioartekotzea deslokalizazioarekin lotzen du jendeak: enpresa batek hemengo instalazioak ixten ditu, beste nonbait ekoizten hasten da, eta, beraz, EAEn industria-enplegu gutxiago dago. Bada, ez. Jardunbide egoki bat litzateke atzerrira zabaltzean hemengo industria-enpleguari eustea. Estrategia eraginkorrenak lortu dituzten enpresek hori egin dute. Ekoizpen-instalazio berriak planteatu dituzte kanpoan, merkatu gehiagotan sartzeko; instalazio berri horiekin merkatu berri horietan saltzen dute, eta hemen ere bai. Eta, aldi berean, hemengo instalazioak ere saltzen du merkatu berrietan. Orduan, enpresaren fakturazioa hazi egiten da, eta hemengo industria-enpleguari eusten zaio. Kanpoan hazteak jasangarritasun ekonomiko eta soziala dakar; hau da, nazioartekotzearekin, industria-enplegua mantendu eta hazi egin daiteke Euskadin.
Beste jardunbide egokiren bat azpimarratuko al zenuke?
Ekoizpen-instalazioak egiten direnean atzerrian, enpresek hemen darabilten ekoizpen- eta logistika-sistemari erreparatzen diote normalean; kopiatu eta itsatsi baino ez dute egiten. Hori da enpresek izaten duten arazoetako bat, eta liburu honek ekarpena egiten du arazo hori ekiditeko. Jardunbide horrek atzerapenak eta gain-kostuak dakartza; ez dute aztertzen nola egokitu behar diren ingurune berrira. Gidak esaten du enpresa batek hausnarketa eta analisi batzuk egin behar dituela. Askori gertatu izan zaio ekoizpen-instalazioarekin hasi eta bizpahiru urteren buruan oraindik ez izatea gai ekoizpen eta logistika eraginkorra egiteko, ez dituztelako kontuan hartu egokitzapenaren inguruko auzi batzuk. Gidan ageri diren faktoreak kontuan hartzen badira, instalazio berria azkarrago ipintzen da martxan.
Eredugarri diren enpresak aipatzen al dituzue liburuan?
Bai. Liburuan hemengo ikertzaileek parte hartu dugu, baina baita suediarrek, alemaniarrek, eskoziarrek, norvegiarrek, italiarrek... ere, eta herrialde horietako guztietako kasuak sartu ditugu. Gure kasuan, fabrikatzaile handi bat aipatu dugu: Irizar. Eta ULMA eta IKOR ere bai. Suediarrek, adibidez, IKEA sartu dute; eskoziarrek, Ryanair eta Highland Spring...
Zure ustez, EAEn, zer sektoretako enpresek izan dezakete aukera handien nazioartean hazteko?
Egoerak behartuta, eraikuntza-enpresak ari dira nazioartekotzen; hemengo merkatua hondoratu denez, kanpora irteteari ekin zioten orain dela urte eta erdi. Merkatuetan sartzeko duten ahalmenaren aldetik, hemengo osagaien industriak aukera handia dauka nazioartean, eta automobilgintzarenak eta etxetresna elektrikoenak ere bai. Ekipo-ondasunei dagokienez ere, kontuan hartuta hemengo enpresak oso lehiakorrak direla, kanpo-merkatuetan sartzeko erraztasuna dute; jakin egin behar dute beste merkatu batzuetan jarduten, baina lehiakortasunari dagokionez, behintzat, gai dira horri aurre egiteko.
Oro har, zer diagnostiko egiten duzu hemengo manufaktura-sektoreaz?
Ikusten da Europako merkatuaren hazkundea ez dela handia izango, eta orduan, BRIC (Brasil, Errusia, India, Txina) izeneko nazioetatik dator itxaropena. Hemengo enpresak merkatu horietan lekua hartzen ari dira, eta batzuk oso ondo ari dira moldatzen. Uste dut koordinazio publiko-pribatu bat (enpresak, Eusko Jaurlaritza, SPRI) egitea dela erronka, batez ere enpresei proiektu integralak kanpoan saltzen laguntzeko. Dagoeneko egiten ari dira, baina gehiago sakondu behar da horretan.