NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Minbiziaren kontrako botikak nahiko toxikoak dira, eta albo-ondorioak murriztea da gure helburua” · Eneko Aldaba, IkerChemeko proiektu-zuzendaria

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:     Interesik gabekoa 1 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Aldaba

Etorkizun oparoa izan dezakeen enpresa da IkerChem. Ez alferrik, Espainiako Emprendedor XXI saria irabazi zuen 2010ean, beste 371 enpresa hasiberriri gailenduta. UPV/EHUko Kimika Organikoa Sailean du jatorria ekimen honek, eta minbizia inhibitzeko molekulak garatzea da bertako langileen egitekoa. Miramongo Teknologia Parkean (Donostia) dute egoitza.

Zer dela-eta sortu zenuten IkerChem?

Ideia 2005ean abiatu zen, Fernando Cossío eta Ana Arrietaren ikerketa-taldean, Kimika Fakultatean. Han egiten ziren tesien ondorioz hasi zen guztia, molekula jakin batzuk lortzen baitzituzten haietan, eta interesgarriak ziren zenbait arlotarako; minbiziaren kontra, adibidez. Ordura arte, kolaborazioak baino ez genituen egiten kanpoan: enpresa bat etortzen zitzaigun, proiektu bat eskatzen zigun, eta guk garatutako molekulak eramaten zituzten. Orduan, besteentzat egiten genituen molekula haiekin eta tesietan egiten genituenekin enpresa bat sor ote genezakeen otu zitzaigun. Bic Berrilanera joan ginen, urtebete egon ginen haiekin proiektua prestatzen, eta 2006ko maiatzean osatu genuen enpresa.

Minbiziaren barruan, lerro zehatzen bat ikertzen al duzue?

Ez. Epigenetikaren arloan ari gara: egiten ditugun molekulek epigenetikako proteinak aldatzen dituzte, eta, aldaketa horien ondorioz, arlo askotako gaixotasunak senda daitezke. Horien artean, guk minbizia aukeratu genuen.

Zer zerbitzu eskaintzen diezue zuen bezeroei?

Enpresaren egitekoa ez da, printzipioz behintzat, zerbitzuak eskaintzea, gure produktuak garatzea baizik. Dauzkagun produktu guztiak guk geuk eginak dira; puntu jakin batera iristean, patentatu egiten ditugu, eta patente horren bidez sortzen diren molekulak lizentziatzen dira gero. Izan ere, farmako bat garatzeko bidean etapa asko daude: aurkikuntza, biologikoki ikustea ea farmako horrek jardun dezakeen aukeratu duzun gaixotasunaren kontra, toxikotasuna, animalien gorputzean duen portaera... eta gero gizakiengan egiten dira probak. Bada, guk lehen urrats horiek egiten ditugu, eta gizakiaren fasera iritsi baino lehen, molekulak enpresa farmazeutiko bati lizentziatzen saiatzen gara. Hori da gure lan-eredua: produktuak sortzea, patentatzea eta beste bati lizentziatzea.

Baina aparteko zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzue, ezta?

Bai. Negozioaren muina azaldu berri dudan hori da, baina muin hori garatzeko tresna batzuk egiten ditugu; bai ordenagailuan molekulak diseinatzeko, bai eta gero gure laborategian molekula horiek egiteko ere. Orduan, bi zerbitzu horiek eskaintzea negozio-eredu paralelo bat izan daiteke guretzat. Ez da muina, baina inor badatorkigu eta guri interesgarria iruditzen bazaigu, zerbitzu hori eskaintzen dugu.

Zer tresna dituzue hori guztia egiteko?

Enpresan bi gauza egiten ditugu. Lehenik, molekulak konputazionalki diseinatu; hau da, dagokion proteina biologikoa (itua) hartzen dugu, eta modelizatu egiten dugu, proteina horren kontra doazen molekulak diseinatzen ditugu, eta ordenagailuan nola konputatzen diren ikusten dugu. Bigarrenik, diseinatutako horiek portaera ona badute, laborategian sintetizatzen ditugu. Hurrengo pausoa da entzimetan, zeluletan eta animalietan proba biologikoak egitea; horiek kanpoan egiten ditugu, azpikontratatuta. Beraz, erreminta konputazionalak eta laborategi sintetikoa dira guk geuk ditugun tresnak.

Eta lantaldean, zer jakintza-alorretako jendea duzue?

Kimikariak, farmazialariak, biokimikariak... Doktoreak, ia guztiak. Tesia bioinformatikan egin zuen biokimikari bat ere badugu. Hau da, badaki itu biologikoak modelizatzen, molekula berriak diseinatzen eta horiek itu biologikoen kontra nola portatzen diren ordenagailuan aztertzen.

Oro har, zer ekarpen egin nahi du IkerChemek?

Gaur egungo minbiziaren kontrako botikak nahiko toxikoak dira, eta, beraz, ahal den heinean albo-ondorioak murriztea da gure helburua, oraingoz. Hau da, egiten ditugun molekulei esker (jarduera handiagoa daukatelako eta/edo albo-ondorio gutxiago dutelako), gaixoa hobeto bizitzea.

Une honetan, zer duzue esku artean?

Lauzpabost proiektu ditugu. Horietatik bitan nahiko molekula onak atera ditugu, eta itxaropentsu egoteko moduan gaude. Lehena fase klinikoan sartzekotan dago, eta bigarrena nahiko aurreratuta dago fase klinikoaren aurrekoan. Gero, beste bi garatzen ari gara. Denak epigenetikaren arlokoak dira, eta minbiziaren kontrakoak; baina itu epigenetiko desberdinen kontrakoak.

 

  • Data: 2012/01/17



ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: