NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Margolanek hitz egiten diotela sentiarazten dio uVoxek erabiltzaileari” · Iván Portas, Auralia enpresako zuzendari-kudeatzailea

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza: Interesik gabekoa     1 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Portas

Auralia Emotive Media Systems enpresa gaztea da, eta Miramongo Teknologia Parkean du egoitza. Soinuaren bitartez, pertsonen eta haien ingurunearen arteko interakzioa errazteko produktuak garatzea du helburu. Iván Portas zuzendari-kudeatzailea eta bere lankideak azken ukituak ematen ari dira uVox gailuaren merkaturatzeari begira. Produktu horren lehenengo eredu industrialek urrian ikusiko dute argia. Audiogidaren kontzeptu berritzailea dakar uVoxek, sentsorerik eta ia botoirik gabe. Kamera txiki bat dauka entzungailuan, ia begiaren parean. Hala, erabiltzailea bisitatzen ari den museoko narratzaile birtualak “hauteman” dezake hark zer margolanetan jartzen duen arreta, eta zenbateraino gerturatzen zaion, bisitari horri benetan interesatzen zaiona kontatzeko, ez besterik.

Nondik etorri zen Auralia sortzeko ideia?

Fatroniken spin-off bat gara gu. Proiektua nire doktoretza-ikerketetatik -industria-ingeniaria da- abiatuta jaio zen, haur itsuak entrenatzeko soinu inguratzaileekin baitzuten zerikusia ikerketok. Une jakin batean, nik eta Auraliako beste bazkideak, David Sánchezek (orduan Fatroniken egiten zuen lan), erabaki genuen ikerketa horiek kulturaren mundura gehiago bideratzea. Ideia zera zen, soinua pertsonen eta ingurumenaren interakzioa ahalbidetzeko erreminta gisa erabiltzen duten produktuak egitea. Produktu hori egiteko osagarritasun teknologiko oso sendoa behar genuen, mekatronika eta robotika alorrei dagokienez. Guk ez genuen know-how hori, baina Fatronikek bai.

Zer du eskaintzeko uVoxek gaur egungo audiogidek ez dutenik?

Guk "audiogida" hitza erabili ere ez dugu egiten jada. Uste dugu etorkizuneko erabiltzailea ez dela informazio bila ariko museo bat edo beste edozein toki bisitatzen duenean, baizik eta esperientzia emozionalagoak, bere gustuaren araberakoagoak, nahiko dituela. uVoxek aldatu egiten du audiogidaren kontzeptua: dagoeneko ez da informazioa emateko erreminta bat, baizik eta museoaren barruan 3D soinudun esperientzia bat sortzekoa. Margolanek hitz egiten diotela sentiarazten dio uVoxek erabiltzaileari, haiekin interakzioa izan dezakeela, bere kokapenaren testuingurupean. Errealitate areagotuaren kontzeptuan datza. Adibidez, margolan baten aurrean egongo bagina, bost metrora, ahots bat entzungo genuke gugandik bost metrora. Jiratuko bagina, atzean entzungo genuke. Gerturatuko bagina, ozenago... Ingurumenarekin interakzioa dago, mugimenduen eta begiraden bitartez.

Adibide zehatz bat emango zenuke?

Guernica margolanari begira bagaude eta hamar metrora gerturatzen bagara, gailua programatuta egon daiteke poesia bat entzuten has gaitezen, eta zazpi metroko muga gainditzen badugu, gure interesa handitu dela hauteman dezan eta lokuzio horri musika dramatikoa gehi diezaion. Eta erradio horren barruan hogei segundo ematen baditugu, hiru dimentsioko bonbardaketa bat egon dadin, gu tartean gaudela.

Nola funtzionatzen du, teknologiari dagokionez?

Hiru puntu kritiko izan ditugu, nagusiki. Lehena, audioari dagokiona. Une honetan merkatuan dagoen gailurik aurreratuenak soinu estereofonikoa dauka, baina uVox binaurala da. Guk ere bi kanal erabiltzen ditugu, baina soinua hiru dimentsioduna da, bi kanal horien barruan aurrez prozesatuta baitago gizakiaren gorputzak sortzen duen efektua soinua jasotzen duenean. Bigarren puntu kritikoari dagokionez, gure sistemak bete beharreko baldintzak direla eta, ezin genuen zonaldea besterik hautematen ez duten audiogidek darabilten teknologia baliatu: ez dute kokapenaren koordenatu zehatza ematen, oso datu gutxi bidaltzen dituzte segundoko (hala ez genuke garunari ziria sartzeko bezain errealista litzatekeen ilusiorik sortuko), eta guretzat funtsezkoa zen museoan inongo instalaziorik jarri behar ez izatea. Horrenbestez, gure teknologia sortu dugu berariaz, ikusmen artifizialean oinarrituta: uVoxek mikrokamera bat darama entzungailuetako batean, eta zehatz kalkulatzen du erabiltzailearen kokapena eta orientazio-angelua. Informazio hori segundoko 20 eta 30 aldiko tartean bidaltzen dio soinu-motorrari, eta horrek sintetizatu egiten du soinuen unibertso hori, kokapenaren arabera. Bukatzeko, hirugarren puntu kritikoa diseinua da. Oso interfaze aurreratuak sortu ditugu; ez dute botoirik behar apenas.

Zer gertatzen da, adibidez, bi margolanen artean kokatzen bagara?

Kokapena zehazteko erabiltzen den horrek eta ondoren entzuten denak ez dute zertan gauza bera izan. Guk gailuari esan diezaiokegu margolan jakin batzuk bere burua kokatzeko erabiltzeko, baina agian margolan horiek gero ez dute edukirik izango. Gainera, normalean bilduma bateko margolan aipagarrienentzat bakarrik sortzen dira lokuzioak. Dena dela, diseinatzaileak hala nahi izanez gero, uVoxek aukera ematen du bi margolani buruzko informazioa aldi berean entzuteko aretoaren gune jakin batzuetan. Adibidez, La Gioconda ezkerrean eta Goyaren Los fusilamientos eskuinean izan eta erditik pasatzen bagara, museoak hala nahi badu, alde batetik urrutitik datozen tiroak entzunaraz daitezke, eta, bestetik, emakume bat barrezka. Eta sentsazioa ez litzateke batere traumatikoa izango, distantziekin jolasteko aukera dagoelako. Gainera, norantz zuzendu nahi dugun erabakitzen lagunduko luke.

Etorkizunari dagokionez, baduzue hitzarmenik zehazturik?

Punta-puntako hainbat erakundek gutunak bidali dizkigute, interesatuta daudela esateko. Era berean, oso estu egin dugu lan hainbat museorekin; adibidez, Guggenheim Bilbao museoarekin. Oso proba tekniko txukunak egin ditugu, ikaragarri ondo portatu dira gurekin. Harreman handia daukagu Guggenheim museoarekin, edo Valentziako Arte eta Zientzien Hiriarekin, eta horiekin gauzak azkar zehaztea gustatuko litzaiguke. Badira beren jarrera dela eta lehentasunezko helburutzat jotzen ditugun bezero posible batzuk ere, hala nola New Yorkeko MoMA museoa.

  • Data: 2010/08/06



ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: