Bestelako bizikleta-modelo bat aurkeztu du, orain egun gutxi, Garaia Berrikuntza Guneko Noomad enpresa hasiberriak. Berrikuntza bizikletaren aurrealdean dago: askoz ere egonkorragoa da, gurpil baten ordez bi dituelako. Gainera, euskarri bat du bien artean, eta 25 kilora arteko zamari eutsi diezaioke; beraz, ezin aproposagoa da haur txikiekin hirian ibiltzeko, bai eta erosketak etxera edo trasteak lanera edo eskolara eramateko. Noomad sistema bere horretan eros daiteke, eta edozein bizikletari atxiki (zortzi minutu behar dira egokitzapena egiteko). Edo, bestela, ibilgailua osorik eskuratzeko aukera dago; 2.300 eta 2.600 euro arteko kostua du, eta Internet bidez erosten da.