Zertan datza Straddle 3?
Straddle 3-n hamar urte pasatxo daramatzagu arkitektura (trebakuntza aldetik hori da gure abiapuntua) eta ibilbide horretan teknologia berriek duten eragina konbinatzen. Lehenik, esploraziorako eta eraikuntzarako gune bezala erabiltzen hasi ginen Internet, eta, gero, software librearekin eta ardura diguten gai horiei guztiei buruzko sare sozialekin egin genuen topo. Gauza horiek guztiak oso interesgarriak ziren guretzat, berez gure diziplina den horretara bideratzeko.
Zer aplikazio dituzte teknologia berriek arkitekturan?
Aplikazio batzuk begi-bistakoagoak dira, hala nola marrazketarako taulak CAD programekin ordezkatzeko teknikak, hiru dimentsiotan lan egiteko aukera, simulazioa... Baina teknologia berriak benetako parte-hartze prozesuak ezartzeko nola erabili, horri buruzko ikerketak ez daude horren garatuta agian. Edo baita estudio bakarrari dagokion dinamika gainditu eta elkarlanerako sareak ezartzeko ere; eta ez soilik arkitekto, hirigile edo soziologoen arteko sareak, baizik eta askotariko diziplinen artekoak. Hori beti izan da egingarria, baina uste dugu teknologia berriek erreminta interesgarri mordoa eskaintzen dizkigutela hori eraginkortasun handiagoz egiteko. Une honetan kontinenteen artean ere ari gara, ia auzoak bagina bezala elkarlanean.
Zer beste berrikuntza teknologiko aplika dakioke arkitekturari?
Gu, adibidez, dezente ari gara elementu modularrekin lanean. Azpiegitura metaliko desmuntagarriak erabiltzeko joera handia izaten ari gara azkenaldian; nahiz eta normalean fatxadak egonkortzeko edo behin-behineko ingeniaritza lanetarako erabili ohi diren. Ideia zera da, arkitektura modu jakin batean egituratu ahal izatea, baina derrigor betiko hala geratu beharrik gabe. Ez dezala egoera betiko hipotekatu, baizik eta, esaterako, ekipamendu jakin bat duen zonalde bat berregituratzeko aukera egon dadila eraikuntzaren aldetik, lau urteko erabileraren ondoren. Igeltserotza hutsean oinarritutako arkitekturaren ordez, Mecanno edo Legoen moduko ideiak jorratzea da kontua.
Zer duzu esateko puntako teknologiari buruz?
Ez ditugu horrenbeste azpimarratzen, esaterako, hormigoi zeharrargitsuen edo sentsoredun eraikuntzarako materialen gaineko ikerketek ematen dituzten goi-mailako berrikuntza teknologikoak. Interesgarriak iruditzen zaizkigu, baina uste dugu oinez hasi aurretik hegan egin nahi izatea dela hori. Egon badaude aurrerakuntza oso interesgarriak, baina uste dugu aukera gehiago eskaintzen ari zaizkigula azken hamarkadetan eraikuntza-sistema modular metalikoak garatu dituzten horiek, edo baita itsaso-edukiontziek berek ere. Edozein egoeratan aplikatzeko moduko ereduak ematen dizkigute: bai Haitin, larrialdi egoera batean, baita Burgoseko herri batean etxebizitza merkeak egiteko ere.
Topaketarako muntatutako eraikinak ere eredu horren adibide al dira?
Bai. Alde batetik, Ziriza nabea birziklatu dugu; hain zuzen ere, etorkizun oparoa izateko moduko espazioa da. Bestalde, Wikiplaza izenekoa muntatu dugu. Propio prestatutako gune arina da, kupula geodesiko itxurakoa; eraikin modularra da. Teknologikoki nahiko garatuta dago. XX. mendeko aurkikuntza da eraikin-mota hori, azpiegituren optimizazio gorenaren erakusle. Hau da, bolumen maximoa har dezake bere baitan, material-kantitate gutxiena erabilita, eta esfortzuen banaketa handiena. Baina, adimentsua izatearen ondorioz oso merkea izateaz gain hura eraikitzeko sistema oso sinplea denez (besterik gabe, barrak elkarrekin lotu eta ondoren estaltzea), tailerrean parte hartzen duen edonorekin egin dezakegu.
Pasaia aukeratu izanak ba al du zerikusirik arkitekturari buruzko ideia berritzaile horiekin?
Joan den urteko Kataluniako topaketak nola funtzionatu zuen ikusi eta gero, M-Etxeak eta Lur Paisajistek hurrengo topaketaz beraiek arduratzea proposatu zuten, eta Euskadin egitea. Gero ikusi zen Pasaia zonalde interesgarria izan zitekeela, eraldatze-bidean zegoelako eta plangintza erabat zehaztuta ez zegoelako. Sendotutako zonalde baten (Donostiako erdialdea, esaterako) edo landa-giro handiegia zuen beste baten ordez, pentsatu zuten interes dezente handiagoa zuela hiri-eraldaketa prozesuan murgilduta zegoen batek.