NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

Euskadi+innova

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Gure bizikleta elektrikoak zer laguntza behar duzun neurtzen du, ez baita gauza bera aldapan gora edo behera ibiltzea” · Ander Olariaga, Orbeako salmenta-arduraduna

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:  Interesik gabekoa    2 boto
Elkarbanatu: Facebook Delicious Digg Technorati Twitter Zabaldu Aupatu <% Server.htmlDecode("Negóciame") %>
Olariaga

Energiaren Euskal Erakundeak diru-laguntza programa bat jarri berri du martxan, bizikleta elektrikoen erosketa partikularra sustatzeko. Euskal Herrian, Orbea da bizikleta elektrikoak merkaturatzen dituen etxeetako bat. Sektore horretan Europan liderra den enpresarekin, Gazelle-rekin (Herbehereak), aliantza egin dute, eta joan den abenduaz geroztik merkatuan dute Eline, Mallabiako etxearen lehenengo bizikleta elektrikoa. Gaur egun, Orbearen 30 bezerok besterik ez dute Eline saltzen (bik EAEn), eta 500 ale baino gutxiago saldu dituzte guztira. Hala ere, Ander Olariaga salmenta-arduradunak azaldu bezala, horixe da haien asmoa, poliki-poliki joatea, haientzat ere teknologia hau berria baita: “Esango nuke urte bat edo bi beharko ditugula modu orokorrean saltzeko”.

Diru-laguntzen programa martxan dagoenetik, nabaritu al duzue igoerarik bizikleta elektrikoen salmentan?

Orbearen kasuan ez; proiektu honetan oso pixkanaka goaz. Izan ere, badirudi bizikleta elektrikoa orain hasiko dela modan jartzen, baina, berez, duela urte asko azaldu ziren lehenengoak, eta denda askok eta askok esperientzia oso txarrak izan zituzten: segituan matxuratzen ziren, bateriak erre egiten ziren... Horregatik, gure estrategia ez da ero moduan saltzen hastea. Europan bizikleta elektrikoetan liderra den etxearekin aliatu gara, eta punta-puntako bizikleta bat atera dugu, autoen alorrean Ferrari baten parekoa. Eta noski, ezin dira Ferrari asko saldu, baina horrela gurekin lanean dabiltzan dendak askoz ere lasaiago daude, badakitelako kalitateko produktua dela.

Zergatik dira bizikleta elektrikoak orain fidagarriagoak?

Gauza asko aldatu dira. Batez ere funtzionamenduaren aldetik, askoz ere erosoagoak dira. Adibidez, gure bizikletari bateria erraz ken diezaiokezu, eta edonon kargatu, sakelako telefonoaren bateria balitz bezala. Erabilerari dagokionez, adibidez, bizikleta elektrikoek orain arte zera egiten zuten: zuk pedalari eragiten zenionean, pedal-kolpe bakoitzaren neurriko laguntza eskaintzen zuten. Gure bizikletak, ordea, zer laguntza behar duzun neurtzen du, ez baita gauza bera aldapan gora edo behera ibiltzea. Lehenago, aldapan behera joaten zinenean, aldapan gora zindoazenean bezala laguntzen zizun, eta batzuetan arriskutsuak ere izaten ziren. Edo bihurgune batean, aurreraka bultzatzen zintuen zuk eskuinera joan nahi zenuenean. Horretan asko hobetu da. Gure bizikletari sentsore bat jarri diote, eta, orduan, zuk behar duzun indarraz laguntzen zaitu, eta ez zoaz kolpeka, beste bizikleta batzuekin gertatzen den bezala.

Nola neurtzen du sentsore horrek noiz eta zenbat laguntza behar dugun?

Sentsorea koadroaren atzealdean dago, eta koadroak zer tortsio egiten duen nabaritzen du sentsoreak, koadroa bizirik balego bezala dagoelako. Orduan, milimetro batean koadroa zenbat mugitu den edo zer tortsio izan duen neurtzen du, eta horren arabera indar bat edo beste bat egiten du motorrak. Horretarako, ordenagailu bat eraman behar du. Gure bizikletak sentsore bat du atzealdean, eta aurrealdean, argiak doazen lekuan, konputagailu bat dago. Konputagailuak sentsorearen informazioa jasotzen du, eta motorrera bidaltzen du, motorra gurpilean baitago. Informazio hori display batean ere agertzen zaigu, eskulekuan, eta ikus dezakegu zer indar egiten ari garen, zer indar behar dugun... Guk gustuko dugun bezala ere jar dezakegu; guztiz pertsonalizatu, alegia.

Segurtasun-sistema bat ere badauka Elinek baterian, lapurreten aurka.

Baterian halako txip bat jarri diogu, informazio mordoa ematen diguna. Adibidez, bateria eta konputagailu bakoitzari kode bat eman diezaiokegu, bai eta, bateria lapurtzen badizute, gure sistema informatikoaren bidez bizikleta blokeatu ere. Lapurtzen duenak bizikleta izan dezake, baina inoiz ez bizikleta elektriko bat, bateriak eta konputagailuak elkar ezagutu behar baitute. Konexio hori Orbeatik egiten dugu. Orbeak ematen dio baimena bizikleta saltzen duen dendari, eta egokigailu txiki bat dute han, bateria eta ordenagailua konektatzeko.

Bateriarekin jarraituz, zer autonomia dauka?

80 kilometro, erabilera normala emanez gero. Baina egia da normalean kirol gutxi egiten duen jendeak erabiltzen dituela bizikleta hauek, eta motorra gehiago erabiltzea gustatzen zaiela. Orduan, 60 kilometro irauten du normalean.

Zenbat denbora behar du kargatzeko?

Ordubetean % 60 kargatzen du, eta hiru ordu behar ditu osorik kargatzeko.

Softwarearekin zerikusia duten egokitzapen eta konponketa guztiak, Orbean egiten al dituzue?

Dendariak software bat erosi behar du, eta ordenagailuan instalatu, eta horrela aktibatzen dituzte bateriak eta konputagailuak. Software horren bitartez, ordenagailua bateriarekin konekta dezake, eta dendatik bertatik ikusi ea arazoren bat duen. Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren antzeko bat da: esaten dio bizikletak zer arazo daukan, zenbat kilometro egin dituen, zenbat egin dituen aldapan gora eta zenbat aldapan behera... dena. Guk ere informazio hori ikus dezakegu. Arazoren bat dagoenean, dendariak konpontzen du, edo bestela guri bidaltzen digu, eta guk ezin badugu konpondu, Gazellen badaukagu harremana salmenta osteko zerbitzuaz arduratzen den pertsona batekin.

Hiritik kanpo ere erabiltzeko modukoa al da?

Gu testak egiten ibili gara, eta ikaragarri harritu gaitu. Gehiago kontsumituko luke hiritik kanpo, baina mendiz inguratuta dauden herrietan ere ikaragarria da bizikleta hau. Beraz, nik ez nuke esango hirirako bakarrik denik.

  • Data: 2010/09/03



ORRIALDEAREN GOIBURUA:

Arretarako zerbitzuak 902 70 21 42

NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: