Nola jaio zen Orduguztietan?
Makina patentatu zuen enpresa ezagutzen genuen; Kataluniatik ekarri dugu. Makina erosi dugu, besterik gabe, eta enpresa sortu dugu horren inguruan.
Nola dabil makina?
Oso sinplea da. Bankuko kutxazain automatiko batera edo bideoak alokatzen dituen makina batera jotzen duzunean bezala, hemen ere ukipen-pantaila bat dago. Arloka sailkatuta dago. Nahi duzun arloaren gainean sakatzen duzu eta produktua eta kantitatea aukeratzen dituzu. Bukatzen duzunean, txanponekin, billeteekin edo txartelarekin ordaindu, eta segundo batzuen buruan erosketa kaxa batean ematen dizu.
Zer azalera dauka makinak guztira?
Gure makina 50 metro koadroko lokal baten barruan dago, eta biltegi txiki bat jartzeko tokia ere geratu zaigu.
Nola dago antolatuta?
Makina oso ondo diseinatuta dago. Produktuak modulu batzuetan antolatuta daude, horietako asko ahalik eta tokirik txikienean sartzeko. Zabalera baino gehiago, altuera hartzen dute modulu horiek, eta desberdinak dira produktuaren tamainaren arabera. Produktua eskatzen duzunean, modulu hori elektrikoki mugitzen da, motor txiki baten bidez -modulu robotizatuak dira; ordenagailu batek kontrolatzen ditu, eta hari lotutako zirkuitu elektroniko batek aktibatzen ditu-. Produktuak zinta batera erortzen dira, eta, ondoren, zinta hori martxan jartzen da. Kaxa batean ateratzen dira produktuak.
Zer gertatzen da modulu garaienetan dauden produktuekin?
Ezin duzu edozein produktu edozein altueratan jarri. Produktuak puskatzeko arriskua badu (kristala dela edo beste zerbait dela), altuerarekin jokatu behar da pixka bat, produktu hori bezeroari osorik ailegarazteko.
 |
|
Orduguztietan enpresaren bezero bat, makinatik erosketa jasotzen.
|
Kristalezko edukiontzia duten produktuak saltzen dituzue, orduan?
Bai. Horretarako, burbuiladun poltsak ditugu. Horietan sartzen ditugu kristalezko produktuak, babesteko.
Produktu bakoitzak kondizio jakin batzuk beharko ditu behar bezala kontserbatzeko. Nola zaintzen duzue hori?
Tenperatura hotzenak eskatzen dituzten produktuentzat hozkailu bat daukagu prestatuta. Oraingoz ez dugu barazki edo frutarik saltzen, horrek arazo handiagoak dakartzalako.
Ba al duzue mekanismorik makinaren jarduna kontrolatzeko?
Softwareak, programak berak, intraneta dauka. Edozein ordenagailutatik sar gaitezke programa horretan, Internet baldin badaukagu; eta edozein ordenagailutatik ikus dezakegu, beraz, makinari zer falta zaion, zer saldu duen... Aukera handiak ematen ditu programa horrek. Ez dugu lokalera joan beharrik kontrolatzera.
Eta, adibidez, matxuraren bat izango balu?
Guk kamera-sistema bat daukagu makina ikusteko, eta, arazoren bat badago, bertatik ikus daiteke. Hala ere, makina puskatuta badago, zailagoa da zer arazo duen antzematea, zehazki; bertara azaltzea litzateke hoberena. Dena dela, saiatzen gara egunean behin behintzat bertara azaltzen.
Zer erantzun eman dio jendeak makinari orain arte?
Oso gustura gaude, jendeari gustatu zaio. Garai batean auzo guztietan genuen ia egun osoan irekita zegoen denda bat; edozein momentutan joaten ginen bertara ezer ahaztuz gero, eta denetik zegoen han. Guk ideia horrekin jarri genuen makina. Funtzio hori ari gara betetzen: edozein momentutan ezer falta izanez gero, gu hor egotea. Guk hala planteatzen genuen, eta halaxe ulertu du jendeak.
Beste toki batzuetara hedatzeko asmorik ba al duzue?
Bai. Orain ikasi egin beharko dugu bezeroak leialtzen, eta bezeroen beharrak ikusi beharko ditugu. Denbora pixka bat beharko dugu nola kokatu ikusteko, baina badaukagu buruan hau zabaltzea.