Uriarte Safybox, Zigor Corporación eta Instituto Tecnológico de la Energía (ITE) barne hartzen dituen kontsortzioak ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune adimendun bat garatuko du PREMISA proiektuaren bidez. Higikortasun jasangarriaren aldeko apustua da proiektua, eta teknologia berriak erabiliko dira garraioaren energia-eraginkortasuna hobetzeko. Proiektuak 800.000 €-tik gorako aurrekontua du, eta 2013an du epe-muga. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatu du Innpacto deialdiaren bidez.
Premisa proiektuak gaurkotu eta bizkortu egin nahi du ibilgailu elektrikoen karga-prozedura. Horretarako, sistema bat sortu nahi da konpainia elektrikoak baimenduta bai baina bereziki prestatu gabeko edozein horniketa-puntutan ibilgailuak kargatzeko aukera egon dadin. Beraz, karga kudeatzeko sistema eta hari dagokion ekipamendua osatzen duen plataforma integral bat garatuko da. Gaur arte erabiltzen diren kargarako teknologiekin bateragarria izan beharko du sistemak.
Premisa proiektuaren erronketako bat da energia-eskaria modu egokian kudeatzea; izan ere, karga txiki asko egin beharko dira, toki desberdin askotan konektatuta eta hainbat denbora-tartetan. Baldintzak horiek direla eta, erabaki da eskariaren kudeaketa aktiboa posible egingo duen teknologia garatu beharko dela; esaterako, adimen-maila altua izango duen Smartgrid bat, baimen- eta komunikazio-sistema berriekin eta denbora-aurreikuspenei egokitutako energia-fluxuen kudeaketarako sistema berriekin.